Babes, hauspo eta akuilu

Denboraldi honetan hasi da 'caddie' lanetan Jesus Legarrea nafarra. Jorge Campillo golflariaren itzala da zelaian. Lortu dute lehen balentria: Qatarreko Mastersa irabazi dute.

Jesus Legarrea ezkerrean Jorge Campillorekin batera, Qatarren irabazi eta gero. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Laguna, akuilua, sosegua, hauspoa, aholkularia eta lemazaina. Hori guztiaren batura da Jesus Legarrea (Ultzama, Nafarroa, 1987), eta horregatik hautatu zuen caddie gisa Jorge Campillo golflariak. Denboraldi honetan, nafarrak Borja Martin-Simoren lekukoa hartu du, eta, haren hutsunea betetzea erronka nekeza izanik ere, hasia da bere dohainak erakusten.

Postu horretan esperientzia handirik izan ez arren, «zalantzarik egin gabe» onartu zuen desafio berria Legarreak. «Azken finean, niri gehien gustatzen zaidana goi mailako lehiaketa izan da», aitortu du. Caddie izateak beti erakarri du,baina orain arte ez zuen horretan aritzeko, eta «gogotsu» heldu dio karguari.

Golf munduan dituen eskarmentua eta jakintza izan ziren Legarrearen hautagaitza indartu zutenak. Hain zuzen, 2008an hasi zen profesionaletan lehiatzen, eta 11 urte luzeko ibilbide arrakastatsua ondu zuen. Gainera, Jose Maria Legarrea aitaksortutako Golf Indoor Center zentroan lanean dihardu; besteak beste, klaseak eta tailerrak ematen. Golfa du «pasio», eta kirol hori bizitzeko duen modua ez zitzaion oharkabe pasatu Campillori.

Hasiera ez zen erraza izan. Torneoei neurria hartzea kostatu zitzaion Campillori, eta emaitzak espero baino kaskarragoak ziren. Legarreak onartu du «zalantzak» izan zituela bera egiten ari zen lanaren inguruan: «Gauzak ez doazenean ondo, baduzu beldur hori: agian ez dut balio caddie izateko».Atzean geratu dira, baina, kezka horiek, eta azken garaipenarekin uxatu ditu mamu guztiak; izan ere, Europako zirkuitukoQatar Masters lehiaketa irabazi berri du Campillok.Bederatzi urte daramatza elitean, eta, horrekin, bigarren titulua lortu du.

Legarrearen arabera, balentria horrek «konfiantza» hartzeko balio izan die, eta bultzada eman goruntz begira jartzeko. Hala, Campillok badu denboraldi honetan gainditu gura duen langa bat:munduko sailkapenean 50 onenen artean egotea. «Hor sartzeko maila duela uste dut», iritzi du haren caddie-ak. Egun, 84. postuan dago.

Helburu hori lortzeko, halaber,funtsezkoa izango da torneoetanondo aritzea, horiek baitira golfeko torneorik garrantzitsu eta baliotsuenak. Baikor agertu da: «Torneo horiek beti kostatu izan zaizkio apur bat, baina uste dut aurten oso ondo ibiliko dela, eta sartuko dela 50 onenen artean». Dagoeneko lortua du horietako bi txapelketetan aritzeko aukera:San Frantziskon, AEBetan, jokatzekoa den PGA lehiaketakoa eta Britainia Handiko Irekikoa. «Ondo prestatu behar dugu».

Etena sasoi erdian

Eskuan du torneo horietako parte hartzea, baina, koronabirusaren ondorioz, airean dago haiek jokatzeko data. Berez, PGA Lehiaketa maiatzaren 11tik 17ra bitartean egitekoak ziren, baina atzeratzea erabaki dute, eta udan izango da; halere, oraindik ez dute zehaztu noiz: «Guztientzat aproposa den beste data bat bilatzen ari gara», azaldu zuten antolatzaileek. Bestetik, ez dirudi pandemiaren krisiak Britainia Handiko Irekiari eragingo dionik, uztailaren 16tik 19ra jokatzekoak baitira. Oraingoz, behintzat, ez dute aldaketarik iragarri.

Beste kirol guztiak bezala, golfa ere gelditu du birusak, eta etenak sasoiko unerik onenean harrapatu ditu Legarrea eta Campillo. «Egoera hau ez da inorentzat ona, baina agindutakoa bete behar da; ez dago besterik», onartu du. Egoera hobetu eta «normaltasunera» itzultzeko zain daude biak, baina bitartean ere lanean jarraitzeko beharra azpimarratu dute.

Egunotan, distantziatik bada ere,golflariak «gertu» izango duLegarrea, hura baitu babesleku nagusia. Banakako kirola izan arren,ezinbestekoa da jokalariaren eta caddie-aren arteko lotura hori.«Oso figura garrantzitsua da. Ordu asko dira elkarrekin, eta gero eta talde sen handiagoa dago. Talde batu bat osatzen baduzu, eta konexio ona badago guztienen artean, jokalariak maila hobea emango du. Bere inguruko jendea ere garrantzitsua da».

Izan ere, Campillori makilak eramatea baino gehiago da Legarrearen egitekoa. Haren itzala da, eta gomendio tekniko eta pertsonalak ematen dizkio, askotan golflariak ikusten ez dituen gauza asko ikusten baititu: «Nire helburua Jorge ahalik eta lasaien nahiz zoriontsuen egotea da, gero hark bere golf onena egin dezan. Une zailetan, momentu txar horietaz ahaztu dadila saiatzen naiz, eta onetan jarri dezala fokua. Lanean jarraitzera animatzen dut batez ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.