Higaduraren neurgailua

Evo Morales da faborito nagusia Boliviako presidentetzarako hauteskundeak irabazteko, gaur. Egoera ekonomikoa da Moralesen aldeko faktorerik onena

Carlos Mesa oposizioko hautagaiaren ekitaldi bat, joan den asteartean, La Paz hiriburuan. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Itxura guztien arabera, gaur Evo Morales berriro hautatuko dute beste agintaldi baterako, laugarrenerako. Abantaila nagusia hauxe izan du: gobernatu duen denboran herrialdeko ekonomiak gora egin duela etengabe. Desabantaila nagusi bat ere badu, ordea: 2016ko otsailaren 21ean erreferendum bat antolatu, eta, gero, haren emaitzaren kontra egin zuela; izan ere, galdeketa hartan, herritarren gehiengoak, doi-doi (%52), ezezkoa eman zion Moralesek boterean mugagabe segitzeari. Nolanahi dela, badirudi hazkunde ekonomikoa eta egonkortasun soziala batzea dela irabazteko formularik egokiena.

Evo Morales Aymak eta hark ordezkatzen duen gobernuak hamahiru urteko boterealdi baten higadura dute gainean, eta hautesleak seduzitu beharko dituzte, ahaztu gabe prozesu guztian izugarri aldatu dela boto-emaile multzo horren osaera. Herritarren interesak eta helburuak, izan ere, moldatuz joan dira, eta gobernua bera ere bere politikak eta estrategiak aldatuz joan da boterealdi luze horretan.

Moralesek identifikazio indigenista eta klaseko batean sustraiturik hartu zuen presidentetza lehen aldiz, ibilbide luze bat egin ondoren gaur egun Boliviako Estatu Plurinazional (2010) esaten zaion horretako herritar sektore zabal baten aldarrien alde. Oinarri harturik bai aldarrikapen horiexek, bai MAS Sozialismorako Mugimenduko buruzagi gailenen diskurtsoak, pentsatzekoa zen jomugan zenbait aldaketa jartzea zela kontua, politika sozialistak eginez. Elitekoentzat eta enpresarien sektorearentzat, ordea, mehatxua zen hori, eta, ondorioz, susmoak ez ezik, zenbait matxinada ere piztu ziren, hala nola 2008koak, estatu-kolpe saialdi bat abiarazi zutenak. Gobernua enpresak nazionalizatzen hasi, eta zenbait sektore larritu egin ziren, pentsatu baitzuten jabetza pribatuaren kontra aurrera egiteko lehen urratsa baino ez zela hura; horregatik, azkenean gobernabide akordio bat egin zuten Moralesek eta enpresariek —Santa Cruz de la Sierrakoek batez ere—, eta, hala, bake soziala bermatu dute orain arte.

Fernando Molina idazle eta kazetariak BERRIAri azaldu dionez, «bi formulatan laburbilduriko ibilbide baten bidez egonkortu zen azkenean ideologia ofiziala: formula horietako bat ekonomia plurala da, hots, jabetza handiak onartzea eta aldi berean herri ekinaldiak eta landa eremuko bide produktibo kolektibistak baliatzea; beste formula, berriz, sozialismo komunitario delakoa da, zeinak, hazkunde harmonikoago eta berdinzaleago baten alde egiten duenez, balio etiko eta erretorikoa baitauka, balio ekonomikoa baino gehiago».

Landa guneko esku hartzea

Hala, Moralesek jatorriz kapitalismo amazoniar-andetar izendatu zuen hori sortu zen, berekin ekarri zuena, besteak beste, Elikagai Ekoizpena Laguntzeko Enpresa sortzea (Emapa, 2007). Ilargi erdiko —hots, Boliviaren ekialdeko— agroindustria boteretsuari kontra egin ordez, gobernuak instituzio hori sortu zuen, ekoizle txikiak babesteko. Emaparen funtzioa, hain zuzen, merkatua erregulatzea da, produktuak nekazari txikiei erosiz eta, gainera, merkatuko prezioak apalegiak direnean diru gehiago ordainduz. Hala, agroindustriari ez dio uzten bere kabuz ezartzen prezioak. Estatuaren esku hartzeak, hor, gainerakoan desorekatuta dauden bi posizioren arteko borroka orekatzen du, haren mentoreen arabera.

Boliviako Konstituzioan, lehen, muga batzuk zeuden ezarrita agintariak berriz hautatuak izan ez zitezen, baina MASeko legegile talde batek helegitea jarri zuen muga horiek bidegabetzat jo zitzaten; 2017ko azaroaren 28an, Boliviako Auzitegi Konstituzional Plurinazionalak onartu egin zuen errekurtso hori, eta, ondorioz, Morales berriz ere aurkeztu ahal izan zen hautagai, inolako mugarik gabe. Auzitegi Konstituzionala 1999an sortu zuten, eta, ordura arte, legeak eta konstituzioa bateragarri bihurtzea izan zen haren egitekoa, funtsean.

Ofizialismoak bere hautagaia berriz aurkeztu ahal izateko egindako tramite hark, argi eta garbi, kontra egin zion otsailaren 21eko erreferendum konstituzionalaren emaitzari, zeren boto emaileen %52k ezetz esan baitzioten 2009ko konstituzioa erreformatzeari. Egia da eztabaidagarria dela bozketa haren eragina, emaitzak oso parekatuak izan baitziren, eta botoen banaera geografikoa ere, oso espezifikoa: ezezko boz gehienak ilargi erdiko biztanleek eman zituzten. Baina ofizialismoaren jokaldi hori, beharbada, MASek eta haren gobernaerak datozen hauteskundeetan galduko duten babesaren isla argia izan da.

Oposizioak abagune hura baliatu zuen bere arrazoibide nagusia indartzeko, eta gobernuari leporatu zion mekanismo autoritario batzuk segurtatu zituela, aprobetxatuz bi herenen gehiengoa zuela legebiltzarrean eta aldeko emaitza zabala lortu zuela hauteskundeetan. Gobernuaren gertuko intelektual batzuek, berriz, adierazi zuten kontua zela bazter batean uztea zuzenbide estatuak berezko zituen lege muga formalista batzuk, eta zenbait mekanismo abian jartzea helburu handinahiago baten alde, hots, berdintasun sozioekonomikoaren alde. Molinaren ustez, ikuspegi horretakoentzat garrantzitsuena da indigenen eta langileen masak modua izatea jokaleku publikora iristeko eta erabakietan parte hartzeko, zeren, orain arte, masa horiek alderdi oligarkikoentzat baino ez baitira izan funtzionalak.

Erdiko klase indigena

Alabaina, Latinoamerikan azkenaldian izandako herri gobernu nazional gehien-gehienekin gertatu den bezala, oposizio liberalak ez die soilik erreparatu gobernuaren jarrera autoritarioei bere arrazoibidea funtsatzeko: haren kutsu kaudillistari ere begiratu izan dio, hau da, instituzionaltasun eta praktika politiko demokratikoak lider bakarraren mende egoteari.

Erdiko klase berri bat sortzen ari da Bolivian, eta, haren joerei erreparatuta, beharbada jakin daiteke zer gertatuko den hauteskundeetako aldagai batzuekin; hori dela eta, funtsezkoa da erdiko klase hori eta haren osaera aztertzea. Izan ere, aberastasuna beste modu batean banatzeko politiken ondorioz, zenbait sektoreren bizi baldintzak nabarmen hobetu dira, eta, biztanle horiek Morales babestu zuten arren hasieran —etnia eta klase aldetik harekin identifikatzen zirelako batez ere—, gaur egun ez daude landaguneetakoak bezain loturik balio tradizionalei, eta baliteke orain hainbesteko gogorik ez izatea proiektuak aurrera jarrai dezan edo, zehatzago esanda, estatuak horrela esku hartzeko modua izan dezan. Hauexek osatzen dute erdiko klase berri hori, besteak beste: auzo dirudunetako sektore kultuek, estatu enpresa berriei esker indartutako sektore publikoko langileek, hezkuntza jende gehiagorengana zabaldu izanari onura atera zioten gazteek, merkatariek, eskulangileek, herri klaseetatik —cholo-ak— datozen mikroekintzaileek, hiritartutako herri indigenek eta abarrek.

Analista kontserbadoreek nola progresistek edo ofizialistek diotenez, gorabidean diren erdiko klaseek, bolada baten ondoren, nahiago izaten dute gauzak daudenean geratzea, merkatu ekonomiari eustea, estatu politikak eta politika protekzionistak ezartzea baino.

Kontsumoari buruz

Alvaro Garcia Linera presidenteordearen ustez, aberastasunaren banaketa, kontsumoa eta produkzioa funtsezkoak izan dira urte hauetan guztietan Boliviak gora egin zezan, baina faktore horiek kontsumo jakin bat ere sustatu dute, eta horrek kontsumismoa ekarri du, zeina kaltegarria izan baitaiteke. «Boterearen diskurtsoak bekatu egin zuen kontsumoa bere hartan bertutetzat jota, eta horrek arriskuan jarri du haren proiektuaren alde politikoa», azpimarratu zuen Manuel Canelasek, Komunikazio ministroak, Le Monde Diplomatique-ren Hego Konorako edizioan.

Molinaren ustez, «esplikazio behartu samarra» da hori. «Egia da erdiko klasea dagoela batez ere gobernuaren kontra, baina erdiko klase tradizionala da nagusiki: egunean hamar dolar [bederatzi euro] baino gehiago irabazten duen eta indigena ez den erdiko klase hori. Gorabidean den erdiko klaseak, berriz, kaltebera den klase horrek, egunean lau-hamar dolar [hiru euro eta erdi-bederatzi euro] artean irabazten duenak, oraindik ere babesten du gobernua. Besterik da 2016ko erreferendumean babes hori eman ez izana, baina horren arrazoia da inortxo ere ez zegoela ados ofizialismoak eskatutakoarekin —Morales berriz hautatzearen alde egitearekin, alegia—».

Canelasen eta beste zenbaiten iritziz, «zerbitzu publikoen eskaintza eta kalitatea hobetzea eta komunitatea suspertzeko espazio publikoak sortzea —ongizatea eta bizi kalitatea ez dadin lotu alderdi indibidualarekin eta pribatuarekin—», horixe da modu bakarra «kontzientzia politikoa pizteko, gazteen artean batez ere». Beste batzuen ustean, berriz, kontua ez da hainbeste erdiko klaseko gazteei motibazioa falta zaiela, baizik eta aldatu egin zaizkiela bai interesak, bai horien alde borrokatzeko moduak —animalien eskubideak, emakumeenak, LGTB jendearenak, eta abar—. Gainera, Nico Tassi antropologoaren arabera, betiko eliteek eta erdiko klase zuriak arrazazko gorrotoa diote aimara jatorriko burgesia cholo berri horri, beren pribilegioak arriskuan ikusten dituztela eta.

Oposizioaren lan zaila

«Herritar gehienek babesten dute Evo oraindik, batez ere herri xeheenak eta indigenek, baina, hala ere, presidentea lehen baino ahulago dago», uste du Molinak. «Mesak, itxuraz, baliabide gehiago zeuzkan Moralesi aurre egiteko, baina ez zuen lortu horiek behar bezala baliatzea, eta, orain, azken hamalau urteetan presidentearen kontra lehiatu direnen ehuneko berbera du: %30 baino gutxixeago. Bozen bigarren txandara pasatzeko apustuari emana dago, baina ez dauka lan erraza». Moralesek boterea hartu aurreko presidentea izan zen Carlos Mesa (2003-2005), eta, ordutik, aurrenekoz lehiatuko da gaur.

2014ko urriaren 12ko hauteskundeetan, MASek botoen %63 lortu zituen, eta bi hereneko gehiengoa baino handiagoa lortu zuen horrela legebiltzarrean. Gaurko hauteskundeetara begira, zenbait analistak hipotesia egin dute «beheko erdiko klasearen» esku egongo dela. «Gobernua elite ekonomikoekin aliatu zen, baina ez da haien parte, eta, aurrez izan ditugun gobernuekin konparatuta, gehiago egiten du herriaren alde», esan du Molinak. «Landa eremuaren alde dago, indigenen alde —nahiz eta jada ez den indianista, hasieran bezala—, eta, nolabait esatearren, populista da. Hortaz, ekonomia ondo doan bitartean, landaguneko herritarrek eta langileek nahiago izango dute gobernu hau beste batzuk baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.