Jon Erguin. Iraupen eskiatzailea eta neguko triatloilaria

«Gure eta gazteen artean eskiatzaile belaunaldirik ez egoteak harritu nau»

Iraupen eskian eta neguko triatloietan ezaguna da Jon Erguin; urteak egin zituen bi kirol horietan. Atseden hartu eta gero, iaz berriro ere lehian hasi zen, eta, hamar urteren ostean, berriro Euskadiko Txapelketa irabazi du iraupen eskian.

GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Idiazabal
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gaur egungo bizilekuan jarri du hitzordua Jon Erguin iraupen eskiatzaile eta neguko triatloilariak (Beasain, Gipuzkoa, 1980). Mendiko bizikletan iritsi da; kirol hori du bigarren pasio. Hainbat kiroletan gorenean ibilitakoa da, eta azken urteetan lortutako gauzen errepasoa egin du.

Nolatan hasi zinen iraupen eskian?

5 urterekin hasi nintzen eskiatzen. Txikia nintzela, elurra egiten zuen gehienetan, gurasoekin Aralarrera joaten ginen. Gurasoek ordurako eskiatu egiten zuten, eta anaiarekin eta Beasaingo beste lehengusu batzuekin joaten ginen. Gehienetan ibilbide bera egiten genuen, baina hura izan zen gure lehen eskola. Gurasoekin kirol asko egindakoa naiz: eskiaz gain, mendira irteeretan, mendiko bizikletan eta surfean ere ibilitakoa naiz. Gainera, 25 urte izan arte areto futbolean ere aritu nintzen. Hura utzitakoan hasi nintzen arreta gehiago jartzen eskiko eta bizikletako lasterketei.

Oso gaztetan lehian ibili arren, neguko triatloietan hasi zinen lehenik, juniorretan.

Gaztetan gogoan daukat aitak nire izena eman zuela lasterketa baterako; 14 urte edo izango nituen. Baina lehen lehia serioa 1998an izan zen, Jakan [Aragoi, Espainia]. Orduan oso ezaguna zen han jokatzen zen lasterketa bat: triatloi zuria deitzen zioten. Osaba batek parte hartu zuen urtebete lehenago, eta horregatik joan nintzen hara. Orduan, Tolosako [Gipuzkoa] Uztargi taldearekin aritzen nintzen eskiatzen. Esperientziarik gabeko gazteak ginen, eta gogoan daukat izugarrizko karranpekin amaitzen nuela. Oso gutxi entrenatuta joaten ginen probetara, eta sasoian egoteak salbatzen gintuen [barrezka].

Urte batzuetan alboratu egin zenituen lasterketak. Zergatik?

Unibertsitatean ikasten nengoen urteak izan ziren haiek, eta arreta osoa hor neukan jarrita. Ez nuen astirik entrenamenduetarako eta lasterketetarako.

2005ean hasi zinen berriro. Nolatan?

Ordurako neguko triatloien formatua aldatu egin zuten, eta hiru diziplinak elurretan jokatzen hasi ziren. Gustuko nuen formatu hori, eta konturatu nintzen aukera gehiago nituela. Urte hartan lasterketa pare bat egin nituen, eta txukun aritu nintzen. 2006an ere lasterketa gehiago egin nituen. Ikusi nuen zertxobait entrenatuta hobetzeko aukerak nituela. Ondo entrenatzen hasteko ordua zela konturatu nintzen 2007an, eta Etor Mendiarekinhasi nintzen. Irailetik negurako denboraldia egiten nuen. Bereziki prestatu nuen urte hura, baina elur faltagatik Espainiako Txapelketa bertan behera gelditu zen. Munduko Txapelketara joateko taldea egin zuten, baina ni ez nengoen barruan. Amorrua sentitu nuen! Oso sasoiko nengoen, eta probaren baten bila hasi nintzen. Asturiasen aurkitu nuen bat, Pola de Sieron: duatloi-kros formatuan jokatu zen [korrika, bizikleta eta korrika], eta irabazi egin nuen. Han konturatu nintzen gauzak ondo eginda jauzi handia egin nezakeela. Jende onaren aurka aritu nintzen, eta nire lehen garaipen handia izan zen hura.

2008ko Espainiako Txapelketan jada bigarren sailkatu zinen.

Bai, Victor Lobok irabazi zuen lasterketa, eta hirugarren Eneko Llanos sailkatu zen. Lehia polita izan genuen. 2009an berriro ere bigarren egin nuen Loboren atzetik, eta 2010ean lehenbizikoz izan nintzen Espainiako txapeldun. Baina han bukatu zen dena elurretan jokatzeko formatua. Berriro ere errepidera pasatu zituzten korrikako eta bizikletako diziplinak. Errepidean korrika eta bizikletan egitearekin asko galtzen nuen.

Espainiako selekzioarekin ere aritu zinen lehiatzen urte askotan. Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Bai, Munduko txapelketetara joateko aukera izan nuen urte batzuetan. Apusturik handiena, halere, 2012an egin nuen. Munduko Txapelketan aurrean ibiltzeko aukerak ikusten nituen. Gauza txikietan denbora asko galtzeko aukera izaten da triatloian, eta gauza txiki horiek asko zaintzen hasi nintzen. Metodikoa izan behar da, detailerik txikienak ere izugarrizko garrantzia duelako. Tignesen [Frantzia] ere egon nintzen eskiatzen hamar egunez, eta negura oso indartsu iritsi nintzen. Europako Kopako proba batera joan nintzen Alemaniara, eta bigarren sailkatu nintzen. Atzetik aurrerako lasterketa egin nuen, eta Daniel Antonioli italiarra bakarrik izan nuen aurretik garai hartan iraupen eskian aritzen zen. Ikusi nuen onenekin lehiatzeko moduan nintzela. Handik, Europako Txapelketara joan nintzen: bosgarren izan nintzen, baina hustuta amaitu nuen. Munduko Txapelketan, berriz, bizikletarekin arazo bat izan nuen, eta bederatzigarren bukatu nuen. Nire urtea behar zuen. Maila oso ona eman nuen, baina ez nuen biribiltzerik izan. Betiko geldituko zaidan arantza izan da Munduko Txapelketa hura.

Espainiako selekzioan aldaketa handiak izan ziren urte batzuetan. Zuk bizi izan al zenituen?

Urte askotan haiek ordaintzen zizkiguten gastu guztiak, baina, egun batetik bestera, triatloi ez olinpikoak baztertu egin zituzten laguntzetatik: bidaiak, arropa, masaje emaileak, kiroldegietako bonua eta beste gauza asko ordaintzetik, ezer ez ordaintzera pasatu ziren. Jauzia eman nahi nuen urtean, laguntza guztiak bertan behera gelditu ziren. Eskerrak diru laguntza batzuk banituela... Gauza bitxia gertatu zen handik aurrera: Espainiako elastikoarekin lehiatu behar ginen, baina dena gure poltsikotik ordainduta. Horrelako egoeran dago kirol hau.

10 urtez iraupen eskia albo batera utzi ondoren, iaz berriro ere lehian izan zinen. Zerk bultzatu zituen bueltatzera?

Eskiatzen jarraitu nuen, eta proba batzuetan ere lehiatu nintzen; federatuta egon behar ez zen probetan ibili nintzen. Orain bi urte egin nuen azken lasterketa, eta askorik ibili gabe banengoen ere, hirugarren amaitu nuen proba hura. Berriro ere harra piztu zitzaidan. Izugarri gozatzen dut eskiatzen! Gogoan daukat, iaz, eskiatzera joan nintzen egun batean, berriro ere lehiatzeko gogoa sentitu nuela. Konturatzerako, iraupen eskiko egutegiak begiratzen hasita nengoen! Iraupen eskian zerbait lortzeko grina sartu zitzaidan. Ikusi nuen maratoi distantziako Espainiako eta Europako txapelketak jokatu behar zirela, eta hori jarri nuen helburu. Pandemiagatik Espainiakoa ez zen jokatu, eta zuzenean Europako Txapelketara joan nintzen, Austriara. 42 kilometroko lasterketa izan zen, skating formatuan. Maila handiko lasterketa batekin amesten nuen, eta hala izan zen. Lasterketako une batean hustuta gelditu nintzen, eta kilometroak aurrera joan ahala aurrera eginez joan nintzen arren, 42. amaitu nuen.

Aurten ere asmo bera zenuen, ezta?

Bai, baina COVID-19ak ez dizkit gauzak asko erraztu. Iaz gustura amaitu nuen, eta jarraitzeko asmoa neukan. Baina Europako Txapelketa estilo klasikoan jokatzea tokatzen zen aurtengoan, eta atzeratu egin dute datorren urtera, beraz... Espainiako zirkuituan berriz, Linzan [Aragoi, Espainia] jokatu zen lehenengo proban ezin izan nuen egon, eskumuturreko istripu batengatik, baina Belaguan [Nafarroa] lehiatzeko aukera izan nuen, urtarrilaren amaieran.

Lehiatu bakarrik ez: hamar urte igaro eta gero, berriro ere txapeldun izan zinen Belaguan.

Bai. Leku berean berriro ere Euskadiko txapeldun izateak asko poztu ninduen.

Hainbeste denbora lehiatu gabe egon eta gero, berriro ere itzuli eta irabazi egin duzu. Hori ona al da kirol honentzat?

Nik argi daukat Euskal Herriko eskiatzailerik onena Imanol Rojodela. Nire garaiko batzuek jarraitzen dute oraindik ere, nahiz eta gutxi diren. Sailkapena begiratuta, gauza bitxi bat ikusten da: belaunaldi pare bateko aldea dago; edo 40 urteko jendea dago, edo 20 urteko eskiatzaileak dabiltza lehen postuetan. Euskadiko Txapelketaz gain, Espainiako Kopako proba ere bazen. Nire garaiko eskiatzaile batek irabazi zuen, baina nire aurreko beste bostak 20 urteren inguruan dabiltza.

Zergatik ez dago tarteko belaunaldiko eskiatzailerik?

Ba, ez dakit. Egia da ni azken urteetan ia ez naizela zirkuituan izan, baina asko harritu nau ni ere aurrean 30 urteko eskiatzailerik ez ikusteak. Agian, laguntza gutxi edo batere ez izateak eragina izan du. Jendea motibatzeko ez da egoerarik onena hori, eta gure garaian ere antzeko zerbait gertatu zen: guk ere ez genuen inongo bultzada edo laguntzarik izan, eta geroztik ez dut uste aldaketa handirik egon denik. Ni baino gazteagoak diren eskiatzaile gehiagok egon beharko lukete aurrean. Halere, 20 urteko gazte batzuk indartsu ikusi ditut: Lander Martin, Manex Salsamendi eta Irati Cuadrado.

Oso metodikoa al da iraupen eskia?

Aldagai txiki asko daude, eta denak gertutik zaindu beharra tokatzen da. Esaterako, argizariek izugarrizko garrantzia dute, eta, beste gauza askoren antzera, hauekin asmatzea ere ezinbestekoa da. Denborarekin obsesibo bihurtzeko aukera asko ditu kirol honek.

Etorkizunera begira argi izpiak ikusten al dira?

Bai, lehen aipatutako eskiatzaileek maila handia dute, eta, gainera, Rojo anaiek duten teknifikazio taldeak ere oso itxura ona dauka. Oso jende gaztea dago, eta hortik iritsi beharko lukete etorkizuneko eskiatzaileek.

Elurra ia bi ordu eta erdira izateak ere ez du asko lagunduko horretan, ez?

Hori da beste zailtasunetako bat. Europako onenak ia egunero entrenatzen dira, baina guretzat ez da hain erraza.

Nola entrenatzen da iraupen eskian lehiatzen den euskal herritar bat?

Ni agian ez naiz adibiderik onena. Iraupen eskiko eskiatzaileak udaberrian hasten dira gimnasioan eta rollerskian, eta abendurako jada oso indartsu egoten dira. Nik, berriz, urrian amaitzen dut mendi bizikletako sasoia, eta azaroaren erdialdean hasten naiz berriz entrenatzen. Mendira makilekin irteerak egiten ditut, besoak pixka bat lantzeko, eta garajean gomekin ere ariketa batzuk egiten ditut. Horrez gain, ahal dudanean korrika intentsitate pixka bat sartzen dut, eta elurra egiten duenean eskiatzera joaten naiz, ahal badut. Egia da sasoian jartzeko ez dudala denbora asko behar, baina entrenamenduetan segida behar dut.

Hurrengo asteetan lehiatzen jarraitzeko asmorik baduzu? Hala bada, non?

Inguruko lasterketetan parte hartu nahi nuen, baina, daukagun egoerarekin, ez dakit nola moldatuko garen. Ikusi dut Espainiako Kopako proba batzuk gelditzen direla, esaterako, Katalunian. Gainera, egia da Espainiako Kopako probak [hamabost kilometro inguru dituzte] oso motzak direla niretzat. Ni maratoi distantziara ohituta nago. Proba horietarako, indarra ezinbestekoa da, eta ni alde horretatik justuago nago. Oraingoz, martxoan Llesen [Herrialde Katalanak] jokatuko den Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoa daukat. Lasterketa motza izango da, eta entrenamendua ere aldatu beharra tokatuko zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.