Grina pizteko modu bila

Joanekoan galdu ondoren, Reala suspertu beharrean dago gaur Manchesterren jokatzeko. Iluntzeko lehiari heltzeko gakoak xehatu ditu Uxue Otxoa psikologoak.

Mikel Merino, Asier Illarramendi eta Igor Zubeldia Realeko jokalariak, Manchester Unitedeko Marcus Rashfordi baloia kendu nahian, joanekoan. A. DI MARCO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Zalantzarako tarterik utzi gabe mintzatu zen atzo Imanol Alguacil Realeko prestatzailea, Manchester Uniteden aurkako neurketaren atariko prentsa agerraldian: «Irabaztera joango gara. Erakutsi nahi dugu Turinen jokatutako neurketa txarra izan zela. Urrun dago Manchester, gure gainetik, baina, ziurrenik, ez horren urruti».

Esan horrekin, Imanolek Europa ligako final-hamaseirenetako joaneko norgehiagokari egin zion erreferentzia. Realak 0-4 galdu zuen Manchesterren aurka iragan astean, eta kolpetik uxatu zitzaizkion kanporaketa gainditzeko esperantzak. Itzulerakoa jokatzeke, ia aukerarik gabe dago.

Teknikari atzo adierazi zuen bere taldea «irabazten» saiatuko dela gaur iluntzean, eta, ororen gainetik, «irudia ontzea eta lehiatzea» eskatu die jokalariei. Ez da azaleko kontua; lehen saialdian jokoz kanpo geratuta, irudi luke sobran dagoela gaurko norgehiagoka.

Grina berpiztu beharrean dago Reala, baina, halakoetan, ez da lantegi erraza izaten. Horretarako, garrantzi handia du lehendabiziko porrotaren ostean egindako azterketak, Uxue Otxoa Alberdi (Arrasate, Gipuzkoa, 1990) osasun eta kirol psikologoak esan duenez: «Lanketa bat egin behar da: zergatik gertatu den, galdu ostean izandako sentipenak azaldu, eta pizgarri bat aplikatu; gure esku dagoenetik zer egin dezakegun hobetzeko, eta halakorik berriz ez gertatzeko».

Halako porrotek arrastoa uzten dute egungo futbolaren munduan: ez dira egun batetik bestera ahanzten. Gainera, joan-etorriko kanporaketa bat izanda, eta itzulerakoa lehenetik astebetera jokatuta, talde batek ahalik eta azkarren hasi behar du hurrengoa prestatzen. Halakoetan, hobe da norbere indarguneei erreparatzea, Otxoaren arabera: «Kontua da nola enfokatzen den partida: erronka gisa hartu behar da, erronkak motibazioa eragiten baitu. Aldiz, berriz huts egin ezinezko zerbait balitz bezala hartzen bada, ez da motibazioa lantzen: presioa, estresa eta mehatxua sentitzen dira».

Hain justu, alor hori hizpidera ekarri zuen Imanolek neurketaren atarikoan. Entrenatzaileak baikor heldu dio gaurko partidari. «Old Trafforden Manchester Uniteden aurka jokatzeak ilusioa sortzen du, beti», esan zuen. Ez alferrik, futbolaren sailkapen historikoan onenen multzoan den talde bat baita Ingalaterrakoa.

Dena den, futbol profesionalean emaitzak dira eguneroko ogi, eta, deabru gorrien aurkako kanporaketaren atarian, final-zortzirenetarako sailkatzea zuen xede Realak. Behin asmo horiek bazterrean direla, bestelako heldulekuak behar dituzte txuri-urdinek Old Traffordeko zelaian aritzeko: «Norbere esku dagoen horretan jarri behar da arreta, eta emaitza ez dago Realaren esku soilik. Jokoaren exekuzioa, bai: arreta hor jartzean, prozesuan, taldea askoz indartsuago sentitzen da, badakielako zer egin behar duen ondo jokatzeko», esan du Otxoak.

Garrantzitsuena, nola egin

Turingo neurketan astindu galanta hartu zuen Realak, espero gabekoa: ez zen inondik ere aritu dakien bezala, eta lotsagorritu egin zuen aurkariak. Halako egoera baten ostean zer alderdiri erreparatu behar zaion galdetuta, Otxoak argi du zer jorratu behar den: «Hurrengo partida nola gauzatu nahi den hitz egin behar da, ez zer nahi den. Mezua ezin da izan: 'Kanporaketa irauli behar dugu; gure taldearengatik, gure herriarengatik...'.Beren esku dagoena gauzatzeaz hitz egin behar da; hori eskatzeak konfiantza ematen die jokalariei». Gaur, horixe behar du Realak: konfiantza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.