Gogortu beharrean, hautsi

Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak 22-12 irabazi diete Ezkurdia eta Martijari, itxura sendoa emanda

Jon Ander Peña pilotari jotzen, atzean Jon Mariezkurrena duela. Bikote sendoa direla berretsi zuten atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Aurreko partida galdu arren, txapelketako lehen bi jardunaldietan erakutsi zuten sendotasuna berreskuratu zuten atzo Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak: 22-12 irabazi zieten Ezkurdia eta Martijari, Labriten. Partida hasiera gogor eta parekatu baten ostean, irabazleek pilota aldatu zuten, eta partida hautsi. Izan ere, Mariezkurrena II.a nagusitzen hasi zen atzeko koadroetan, eta hori ederki baliatu zuen Peña II.ak aurrean tantoak bikain amaitzeko. Atzokoarekin, hirugarren garaipena dute Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak. Galtzaileek, Ezkurdiak eta Martijak, bakarrarekin segitzen dute. Partida hasiera ona egin zuten; Martijak berak amaieran esan zuenez, «orain arte txapelketako onena». Bainaaurkariak aurretik jarri ziren momentutik, kontrakarrean aritu ziren.

Hasiera on horren seinale, 3-0jarri ziren aurretik Ezkurdia eta Martija. Baina, segidan, Ezkurdiak falta egin zuen sakearekin, eta hurrengo tantoa ere atzo urdinez jantzitako bikotearentzat izan zen, Peña II.ak txokoan utzitako pilota bikain bati esker. Beste bi ere egin zituzten segidan, eta, hala, estreinakoz aurretik jarri ziren norgehiagokan: 4-3.

Gogorra eta parekatua izan zen partida hasiera. Ez bikote batek eta ez besteak ez zuten partida haustea lortu. Tantoak luzeagoak izateak Ezkurdiari eta Martijari egiten zien mesede. Izan ere, Peña II.a eta Mariezkurrena II.a ohituagoak daude tantoa bizkor amaitzera eta biziago jokatzera. Dena den, tantaka lortzen zuten tantoak halakoak izatea.

Defentsako lanean batez ere, oso sendo aritu ziren bi bikoteak. Hala iritsi ziren 7-7kora. Neurketaren gogortasunaren seinale izan zen Peña II.a eta Mariezkurrena II.a 8-7 aurretik zirela bi bikoteak eseri egin zirela arnasa hartzera.

Berdintasun horrekin, hiruzpalau tantoko zuloa egiten zuen bikoteak asko izango zuen irabazia. Hor, irabazleek beren pilotetako bat atera zuten, ez horren bizia. Partida goitik behera aldatu zen. Mariezkurrena II.ak neurketaren aginte makila hartu zuen atzean; beste behin, duen joa erakutsi zuen. Hala, Ezkurdia jokoan ez sartzea lortu zuten. Aurrean hori baliatu zuen Peñak tantoak egiteko, gustuko duen moduan jokatuz: bizi. Baina txapelketa honetan beste gauza bat gehitu dio tolosarrak: zentzua. Aldea handituz joan ziren horri esker: 13-7.

Aurkarien sendotasunaren aurrean ezin zuten zulorik topatu Ezkurdiak eta Martijak, eta aukerako pilota bat galdu zuen Ezkurdiak. Partida hautsita zegoen: 14-7. Une horretan, ordea, Mariezkurrena II.ak huts egin zuen. Hala, gorriek aukera izan zuten pilota aldatzeko. Baina tanto bakar bat egin zuten, eta berriro ere garaileek berreskuratu zuten sakea: 15-8. Amaierara bitarte tanto bakan batzuk egin zituzten Ezkurdiak eta Martijak, baina urruti egon ziren partidan berriz sartzetik. Izan ere, Peña II.ak eta Mariezkurrena II.ak sendo eutsi zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.