Juan Luis Zabala. Idazlea

«Irudipena dut behiala izan ginen gazteak dezepzionatu egingo genituzkeela»

Etxeko txakurrak berpitzarazi zion erdi itzalia zuen literatur sorkuntzarako bulkada; «disimulurik gabeko» ni-ari tiraka, gizonezko belaunaldi baten kontraesan eta beldurren inguruko nobela zintzoa ondu du. Idazleak bere lekua topatu du...

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
... eta euskal literaturak idazle bat berreskuratu du. «Urte batzuk baneramatzan literatur generoetan sartu ezinda. Idazteko gogoa nuenean, Inon izatekotan blogean idazten nuen. Kostatzen zitzaidan literaturaren artifizialtasun horretan sartzea, eraikuntza horretan sartzea». Txisturi, etxeko txakurrari, ornoarteko espondilitisa diagnostikatu ziotenean, harekin zuen harremanari buruz «apunte solteak» idazten hasi zen, «baina poliki-poliki beste gai batzuksortu ziren»: kirolzaletasuna kulturzaletasunari irabazten ari zitzaion espazioa, generoari eta migrazioari loturiko auziak, familia... Ez zuen hasierako asmoa nobela bat idaztea Juan Luis Zabalak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963). 2000. urtean idatzi zuen orain arteko azkena, Agur, Euzkadi (Susa). Apunte haiek nobela traza hartzen ari zirela ikusita, eta besteak beste Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat liburuaren idazketa moldeak animaturik, aurrera egitea erabaki zuen, ordea: «Nobela arraroa iruditu zitzaidan hasieran, baina...». Baina amaitu zuen, eta Kutxa Irun Hiria nobela saria eskuratu ere bai. Urte luzez —bi hamarkadatik gora— kultur kazetari gisara lanean aritu ostean, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn, iazko urte amaieran kazetaritza uztea deliberatu zuen. Kazetaritzak «nekatua» zuen, nekatua kulturaren ekosistemak ere, eta idazketaren bidez barne gatazkak azaleratu ditu, apaindura urriz, ohiko zintzotasun markaz.

Futbol liga amaitua dago. Denbora gehiago daukazu orain liburuak irakurtzeko?

Futbolak denbora ez dit kentzen; ez denbora askorik, behintzat. Egia da liburuko pertsonaia bezala, Realak jokatzen duen une horretan ez nagoela gauza askotarako. Baina, gainerakoan, ez dit denbora askorik kentzen.

Zure zaletasunak ezagututa, harrigarria egiten da txirrindularitza ia ez azaltzea. Futbola bera baino literarioagoa izan da, gainera, historikoki...

Bai, kasu honetan aipamen txiki bat badago pertsonaiak Tourmalet igo duela-eta pozik dagoelako. Txirrindularitzarako zaletasuna txikitatik datorkit, eta ez dut sekula utzi, baina futbolarena bai, utzi nuen, eta berriro azaltzea izan da gauza bat ni ere harritu egin nauena. Gizartean futbolak askoz ere pisu handiagoa du. Iruditu zait nobelarako egokiago zela; batetik, neure barruan sentitu dudanak harritu nauelako, eta, bestetik, lotuago dagoelako gizartearekin.

Kirolaren mundua sarri izan da menostua kultura munduan, eta alderantziz ere bai, ziurrenik. Baina biak ala biak ez al ditu batzen, hain zuzen ere, arbuiagarri dituzten hainbat kontuk?

Bai, azkenaldian bai, behintzat. Ebento handietarako joerak, adibidez; futbolean, esaterako, herrietako taldeek ez daukate lehen zeukaten jarraipen eta oihartzuna. Badirudi derrigorrean lehen mailan egon behar dela, edo Txapeldunen Ligara iritsi behar dela. Eta literaturan, edo kulturan oro har, badago horretarako joera. Badirudi herrikoa edo norberarengandik gertu dagoena gutxietsi egiten dela. Horrekin batera... lehiakortasuna eta komertzializazioa. Atzean geratzen dena desagertzeko arriskua...

... botereak biak ala biak bere egin eta erabiltzen dituela...

Baita hori ere. Lehen esaten zen futbola panem et circenses zela herriarentzat. Erromatar zirku moduko bat. Herria beste gauza batzuekin entretenitzeko eta berotzeko modu bat. Eta ez dakit kultura ere ez ote den hori bihurtzen ari gaur egun.

Haurrentzako jolas parkearen irudiarekin parekatu duzu oraintsu kultura.

Lehen, boterearen edo agintearen azpitik sortzen zen kultura, eta gaur egun, batzuetan behintzat, batez ere Donostia 2016 edo Tabakaleraren tankerako egitura handiekin, badirudi sortzaile gazte, fresko, modernoenen bila dabiltzala, halako erakusleiho batean jartzeko eta esateko: «Begira guk zer promozionatzen dugun!». Hor dudak sortzen zaizkit. Nik aitortzen dut sortzaileen lana, balioa eta asmoa. Ez daukat ezer horien kontra, baina beste biderik topatzen ez dutelako-edo, horretara mugatzen dira, erakusleiho batera. Nobela hau ere kontraesan horren ondorio izan daiteke, azken batean erakusleiho batean jarri baita. Sari bat irabazi du. Erakunde ofizial batzuek babestu dute, eta horrek ere izan dezake bere irakurketa ironikoa.

«Gaur egun kulturak ez dik ez ahula indartzen, ez indartsua errukior bihurtzen», dio zure alter ego-ak. Akaso historikoki kultura deitu izan zaion hori da antzutu dena, edukiz hustu dena, eta zirrikitu berrietara begiratu beharra dago kultura topatzeko?

Egun, kultura esaten dena ere oso zabala da, gurean gastronomiaren kultura horretatik hasita... eta bereizketa bat egitea beharrezkoa litzateke akaso: sortzaileak bere kabuz eta bere barruko adierazpen premiei erantzunez egiten duena; eta gizarte honek dekorazio moduan erabiltzen duena. Elkar gurutzatu ere egiten dira sarri biak: askotan sortzaileak bere mamuei buelta emanez sortzen duen hori, azkenean, gizarteak dekorazio bihurtzen du.

Bestalde, kultura ez al da egon sarri lotua sortzaile izen handi jakin batzuekin; eta kontu txiki eta komunalagoei erreparatzeko bidea ez al du ematen egungo krisi orokorrak?

Bai, nik horretan sinesten dut, eta liburuan ere aipatzen da kontua: alter ego-ak aipatzen du hor ikusten duela zerbait, baina bera jada ez dagoela horretarako, etsipen puntu bat duela. Belen Gopegui idazlea aipatzen da, Iruñeko Katakrak liburu denda agertzen da... baina nobelaren beste gai bat da eguneroko bizimoduak, eta gazte izateari uzteak nola eragiten duen. Subsistentzia bera nola bihurtzen den helburu nagusi, eta horrek berak nola energia jaten duen. Adinarekin batera datozen etsipenerako joera horiek...

Liburu honen idazketa prozesuak eta izan duen bilakaerak ez dizu etsipen hori leuntzeko balio izan, kulturarekin adiskidetzeko?

Saria eman zidatenean esan nuen, eta beharbada hipokrita samarra zen esatea; kulturarekin haserre banago, kultura interesatzen zaidalako nago, eta harekin lotuta sentitzen naizelako. Kulturaren kontra sentitzen dudan hori nolabait esajeratu, muturreraino eraman dut nobelan; azken finean, ni naizen marmarti hori, are marmartiago bihurtu. Baina oraindik ere atzean badago kulturarekiko atxikimendu bat, gertutasun sentimendu bat, esperantza bat...

Zure ibilbidean gai zentrala da giza izaera. Giza izaera erdipurdikoaz ari zara sarri. Horretaz aritzeko, baliagarria izan zaizu Txisturekiko erkaketa?

Txisturi inbidia izatekotan, animaliatasunarena diot. Momentuan momentukoa bizitzeari diot inbidia, eta ez egotea beti etorkizunaren beldurrez... Txakurrak alde horretatik zuzenagoak dira, eta horrek bai, ematen dit inbidia. Mediokritatea bada liburuaren gai bat. Ni askotan mediokre bat sentitzen naiz. Nik uste, salbuespenak salbuespen, gaurko gizartean horretara bideratuak gaudela.

Zergatik?

Batzuetan, gaztetatik heldutasunera igarotzearekin batera, mundua jateko irrikatik bizitzearekin konformatzera pasatu naizela iruditzen zait, eta bizimodu arrunt bat beste ametsik ez dudala. Eta inguruan ere sumatzen dut joera hori. Gizarteak normaltzat jotzeko moduko bizimodu baterako egin behar diren ahalegin guztiek bestelako ametsetarako tarte gutxi uzten dute, kasu askotan behintzat, adin batetik aurrera, eta gizarteak besaulki erosoak eskaintzen ditu erdipurdikokeria horretan eroso eseri edo etzateko. Ondorioz, irudipena dut behiala izan ginen gazteak dezepzionatu egingo genituzkeela orain garen helduok.

Donostia 2016ren atariko testuinguru arranditsu horretan, Txomin Enea auzo periferikoan kokatu duzu istorioa. Ia-ia beste pertsonaia bat da. Literaturak, arteak bezala, periferian du egia, inon izatekotan?

Ez, seguru asko ez. Besterik gabe da niri hemen bizitzea egokitu zaidala, eta lekua nobelan sartu da. Eta Arteleku ere sartu da nobelan. Artelekuren ibilbidean garrantzitsua izan zen periferikoa izatea. Kameretatik eta hedabideetatik aparte dagoen leku bat izateak indar handia eman zion Artelekuri. Erakargarriak ere badira leku periferikoak, turistentzako amu ez direnak, fokuetatik aparte daudenak, eta horretan Txomin Enea gozamen bat da. Oraingoz, behintzat. Gero badirudi ez dela horrela izango. Aldarrikapen bat baldin bada, da periferiak baduela bere erakarmena, baina ez periferian dagoela soluzioa.

Zuk zeuk zeure burua periferian ikusten duzu idazle modura?

Ez, ez dut uste. Idazle gehienek nahi dute periferiko izan, edo, behintzat, bide nagusietatik kanpo ibiltzeko nahia dute. Idazleak berezkoa du hori. Ez dut uste horretan desberdina naizenik. Nik neure periferia bilatzen dut, beste edozein idazlek bezala. Gainera, azken finean, periferikoa izateko baldintzak ez ditut. Gipuzkoarra naiz, gizonezkoa naiz... gaztea ez naiz jada, hor agian puntuak galtzen ditut. Baina ez dut uste bereziki periferikoa naizenik.

Ni-ari formalki ere oso loturiko literatura gailendu da azken hamarkada honetan. Zuretzat heldulekua izan da azkenean?

Ez da bilatutako zerbait. Ni konturatzen naiz, nire nobelak gogoratuta, bakoitza dagoela oso lotuta nire bizitzako esperientziekin, eta ezin izan dudala horretatik aldendu, saiatu izan naizenetan ere. Galdu arte-ko kontalaria osonire antzekoa da, nahiz eta nik horretatik aldendu nahi izan.

Agur Euzkadi-ko protagonista Egunkaria-ko kazetaria zen...

Bai, hartan eta jada honetan areago, alter ego-ak disimulatzeko ahaleginik ez dago. Hori izan da nire joera. Saiatu izan naizenetan niregandik urrun dauden narratzaileak edo pertsonaiak sortzen, ez naiz eroso sentitu. Azken urteetan badago joera disimulurik gabe alter ego-ak erabiltzeko, autofikzioa eta beste, norberaren eguneroko errealitatea disimulurik gabe nobeletan sartzeko...

Zenbaitek kritikatu du joera hori.

Bai, arriskuak baditu. Arrisku nagusia da oso zeure buruari begira egindako nobela idaztea. Ni saiatzen naiz neure buruarengandik ateratzen dudan hori, neure buruaren autokritika hori ez nirea bakarrik izaten, baizik eta gizartearena, edo parte batena behintzat. Kasu honetan, badaude neure buruaren alderdi zalantzazko batzuk, kritikagarri batzuk... neure miseria moral batzuk agertzen ditut, baina ez ditut aukeratu ez gordinenak, ez zatarrenak, ez neureenak, baizik eta gizartean ere ikusten ditudanak. Gutxienez, nire belaunaldiko gizonezkoengan...

Esaterako, generoari lotutako auzietan...

Bai, eta baita etorkinekiko jarreran ere. Inor ez da arrazista, inor ez dago migratzaileen kontra, baina beldur bat badago. Mugak mugarik gabe irekiko bagenitu, zer gertatuko litzateke? Hori ez da planteatu ere egiten. Ez daukagu oso jarrera garbia etorkinen inguruan. Denok dakigu gobernuek egiten dutena baino gehiago egin behar dela, baina ez dut ikusten aldarrikapen garbirik. Badago hipokrisia bat: «Mugak itxiegi daude», esaten da, baina ez dago aldarrikapen garbi bat esanez: «Denok gara gizakiak eta ireki ditzagun muga guztiak!».

Irakurleak atzematen duena zintzotasuna da zure kontaketan. Ia maxima bihurtu den Harkaitz Canoren «pentsatu baina esaten ez diren gauzak» horri leial izan zatzaizkio...

Badut joera neure alderdirik zalantzagarrienak, nire herrenak agerian jartzeko. Autodefentsa modu bat ere bada. Niri beldur handia ematen didate goraipamenek, zeren, gero, neurria eman behar baituzu. Ni oso inseguru sentitzen naiz horretan. Nahiago izaten dut neure burua ez jarri oso altu edo oso aurrean; Marino Lejarretak horixe egiten zuen txirrindularitzan... Horrela, eman ditzakedan ezustekoak onerako izango dira, eta ez txarrerako. Bestetik, arriskutsua litzateke, autofikzioa egiterakoan, norberaren goraipamenerako egitea. Itsusia litzateke. Autofikzioa egitekotan, egokiagoa da norberaren alderdirik ilunak islatzea; bestela, ez da oso gizabidezkoa.

Literatur sariketek ez dute fama onik. Zeuk ibilbide bat izanik argitaletxeekin, sariketara aurkeztu zenuen lana. Zergatik?

Diruagatik, argi eta garbi esanda. Nobela honen aurretik gutxienez bospasei ipuin lehiaketetara aurkeztu nintzen; ez nuen saririk lortu. Dirua behar genuen etxean, etxepeko fatxada konpontzeko lanen gastuei aurre egiteko, ez asko, baina zertxobait. Horrek bultzatu ninduen lehiaketetara aurkeztera, eta gutxien espero nuenean sari potoloena lortu nuen. Egia da sariekin idazleak akaso irabazten duela, eta liburuak galdu egin dezakeela. Beste argitalpen bat izanda, beste harrera bat izan dezake, beste oihartzun bat, baina gustura naiz.

Animatuago zaude aurrera begira idazteko?

Bai, ipuin batzuekin gustura nabil orain. Hurrengo urterako-edo ipuin liburu bat izango dut prest argitaletxeren bati aurkezteko. Argitaratu, ba, ez dakit...

Nola sentitzen zara aldian-aldian? Ipuingile, nobelagile? Poesia ere idatzi izan duzu orain dela urte batzuk arte...

Bai; aspaldi ez dela, dietarista sentitzen nintzen. Hor kokatzen nuen neure burua, baina egia da dietariorako edo eguneroko horretarako idazten nituen gauza batzuk, edo apunteak, poema bezala ere aurkez zitezkeela. Horretan ibili nintzen garai batean. Orain gehiago nabil ipuinetan, eta gerora begira, zientzia fikzioa egin nahi dut, beharbada ni-aren literatura horretatik aldentzeko, nahiz eta agertuko den, ziurrenik.

Zure alter ego-ak zalantza handiak ditu kazetaritza lanarekin. Zeuk ere oraintsu utzi duzu. Adiskidetuko zara inoiz?

Bai, baina oso lotuta eduki nau, eta orain askeago sentitzen naiz. Egin nahiko nuke kazetaritza askeago bat, freelance-tik gertuago dagoen zerbait. Baina oraingoz ez naiz hasi horretan. Olentzerori grabagailu bat eskatu nion, lana uztearekin batera, eta ekarri zidan. Oraindik ez dut estreinatu. Baina estreinatuko dut. Oso eskaera sinbolikoa izan zen. Uste dut egingo dudala berriro ere kazetaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.