Bilboko Guggenheim museoak 20 urte

ARTEA DA GUTXIENEKOA

Arteak dena aldatzen du. Hori izan da 20. urteurreneko leloa Bilboko Guggenheim museoan. Artea aitzakia da, ordea; artea da hemen gutxienekoa.

Guggenheim museoaren XX. urtemuga ospatzeko Reflections argi eta soinu ikuskizuna. LUIS TEJIDO / EFE.
Xabier Gantzarain Etxaniz.
2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gauzak noiz diren hasten, zail da esaten. Ireki bai, Espainiako errege Juan Carlos I bertan zela, 1997ko urriaren 18an egin zen inaugurazioa, eta 20. urteurrena ari da ospatzen aurten museoa, programa berezi batekin, iniziatiba popular bat edo beste abian jarrita: bizkaitar guztiak gonbidatu ditu museoak, denbora tarte batean, sarrera ordaindu beharrik gabe museoa bisitatzera. Aurki amaituko da urtea, itzaliko dira ospakizunak, eta aurtengo bisitari kopurua emanda egingo dituzte urteurrenarenak. Baina gauzak noiz diren hasten, zail da esaten.

1991ko abenduaren 13an, Santa Luzia egunez, ikonografia kristauan bere begiak bandejan eman zituena, argazkilari eta idazleen patroia ere badena, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan sinatu zuten, alde batetik Solomon R. Guggenheim Fundazioak eta bestetik EAEko hiru erakunde publikok, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Guggenheim Bilbao Museoaren ernamuina izango zen akordioa.

Thomas Krensek, orduan Guggenheim Museoko zuzendaria zenak, eta Fundazioak Bilbon museo bat irekitzea garaipen gisa bizi zuenak, Joseba Zulaikari aitortu zion, besteak beste, «1991ko urte sinestezin hura» izan zela gakoa. Besterik ere aitortu zion, ordea; hitz hauekin hasten da Zulaikaren Sedukzio baten kronika liburua, Guggenheim Bilbao Museoa nola sortu zen azaltzen duen liburu beharrezkoa: «Sedukzioa: hori da nire negozioa. Séducteur profesionala naiz. Nik ez dut dirurik irabazten, baizik eta batu, eta jendea limurtuz egin behar dut hori. Jendea limurtzen dut, 20 milioi dolarreko donazioak egin ditzaten. Jendeak zuk nahi duzun hori bera nahi izatean datza sedukzioa, eskatu gabe. Desioaren transferentzia da. Munduko putarik handiena naiz, nolabait».

Gauzak nola hasten diren, zail da esaten, eta nola egosten diren, ia ezinezkoa da jakiten. Baina Guggenheim Bilbao Museoa nola sortu zen jakin nahi duenak hor dauka Zulaikaren liburua. Argigarria da zeharo, datuak ematen ditu, gauza politak daude.

Thomas Krens larri zebilen garai hartan, zorrak egin zituen New Yorkeko museoa handitzeko, eta Fundazioak zerbait asmatzeko estutu zuen, dirua inguratzeko handik edo hemendik. Zuzendariak frankiziak sortzeko ideia izan zuen, eta Europako hiri bat baino gehiagori eskaini zion aukera hori. Gehienetan ez zuen aurrera egin, baina Bilbon, beharra eta nahia batu ziren, antza, eta horregatik egin zuen aurrera egitasmoak.

Gauzak nola egosten diren, hori da benetan interesantea. Ondo dago gogora ekartzea, esate baterako, oso leku gutxitan aipatzen diren Alfonso de Otazu eta Carmen Gimenez izan zirela hasiera hartan Guggenheim Fundazioari Espainian bidea ireki ziotenak, 1990ean, batekin eta bestekin bilerak antolatuz. Museoa handitu arren bilduma osoa erakusteko lain lekurik ez zeukatela, zabaldu egin nahi zutela, Europan erakutsi hemen urri ziren lanak. Eta horrela iritsi ziren, batean eta bestean eskaini ondoren, Bizkaiko ahaldun nagusi Jose alberto Praderarengana, eta hark begi onez ikusita, esan zuen joateko Ogasunekoekin hitz egitera, ez Kulturakoengana.

Juan Luis Laskurain zen orduan Ogasuneko buru Bizkaian, eta haren aholkulari zebilen Juan Ignacio Bidarte, besteak beste ingelesez oso ondo moldatzen zelako, ireki zenetik eta gaur arte Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia (izan) dena.

Ez zen, hala ere, Zulaikak kontatzen duenez, bat-bateko maitemintzea izan euskal erakundeen eta Guggenheim Fundazioaren artekoa. Denak ez zeuden hain liluratuta museoaren ideiarekin erakunde publikoetan, edo haiek kudeatzen zituen alderdian, EAJn alegia, baina itxura denez proiektuari argi berdea eman zion esaldia bota zuen Laskurainek 1990eko azaroaren 19ko bileran: «Arzalluzek badaki eta baietz esan du».

1990eko abenduan eman zuen dimisioa Jose Maria Gorordok, Alhondigaren proiektua bultzatu zuen Bilboko alkateak. Dimisioarekin batera galdu ziren Oteizak eta Saenz de Oiza eta Fullaondo arkitektoek proposatu Alhondiga ametsak. Ordurako bazegoelako beste egitasmo bat, akaso.

Arrazoi du Krensek, sedukzioa da bere negozioa, gauza bat ahaztu zuen ordea: sedukzioa da beste aldekoen negozioa ere. Elkar liluratu eta limurtu nahian aritu ziren bi aldeak hasieratik beretik. 1991ko apirilean Bilbora etorri zenean, bere egoa asetzeko moduko tratua eman zioten euskaldunek Krensi: abioitik jaitsi orduko Ertzaintzaren helikopteroan Urdaibai gainetik ondo bazkaltzera eraman, Jose Antonio Ardanza lehendakariak hartu Ajuria Enean... estatu gizon bati dagokiona, museo bateko zuzendariari zegokiona baino. Ez zen nahikoa ordea, dirua behar zuen Krensek. Gauzak apur bat okertu zirenean, Juan Carlos I Espainiako erregearen koinatu Carlos Zuritaren jauretxera eraman zuten afaltzera, eta honek galdera egin zion Krensi: «Badakizu zenbat Ogasun dauden Europako Batasunean? Beharbada usteko duzu herrialde bakoitzeko bana dagoela. Bada ez, herrialde bakoitzeko bana dago, eta gero beste lau: Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak». Zerua ireki zitzaion Krensi. «Fida naiteke orduan euskaldunez?», galdetu zuen, eta Zuritak erantzun: «Erabat».

Badakigu zein zen Krensen arrazoia Bilbon museo-frankizia bat irekitzeko, diru beharra batez ere, baina zein zen euskaldunena? Irudia, batik bat. Birmoldaketa industrial gogorrak langabezia eta gatazka sozial latzak ekarriak zituen Euskal Herrira. Gatazka politikoa, ETA ere, hor zeuden. Euskal agintariek beste irudi batekin hartu nahi zuten lekua mundu globalizatuan. «Euskaldunok erronka bat behar dugu; hau izango da gure erronka», Bidartek negoziazioetan aipatu zuenaren arabera.

Gogora ekarri beharra dago nola zegoen mundua garai hartan: 1991ko abenduaren 25ean,Gorbatxovek desegintzat eman zuen Sobiet Batasuna. Maastritcheko Ituna sinatu zuten 1992ko otsailaren 7an. Mundua azkar ari zen aldatzen, eta aldatu beharra zuen Euskal Herriak ere. Hala ulertu zuten EAEko agintariek bederen.

Titanikoa eta gardena

Hortik atzerakoa denok dakigu ondo samar. Krensek epifania bidez museoak non joan behar zuen erabaki, Frank Gehry arkitektoari eskatu diseinua, eta abantean jarri zuten eraldaketa baten bandera-ontzia bilakatuko zena. Zalaparta sortu zen Euskal Herrian, jende asko zegoen museoa egitearen kontra. Kultur Kezka izenaren pean bildu zen kultura munduko hainbat eta hainbat jende, erabakiarekin ados ez zeudela azaltzeko, eta museoa egiteak kulturari kaltea besterik ez ziola ekarriko esateko. Sinatzaileen artean zegoen Xabier Laka, artista, Arte Ederretako irakaslea, eta eskultura ironiko bat ere eskaini zion museoaren sorrerari, hagitz kritikoa, Titanikoa eta gardena izenburuarekin, erabakia hartzeko prozesua eta akordioaren baldintzak ez baitziren egin publiko, ez baitziren gardenak izan. Mitologia klasikoko titanei erreferentzia egiten zien, aldiz, titanikoak, eraikina babesteko jarritako titanioari bezainbat.

Luze joan ziren eraikuntza lanak, metalezko hezurdura zabaltzen eta altxatzen ikusi genuen denok hedabide publiko zein pribatuen bidez. Lan itzela egin zuten hauek ere jendea limurtzen, museoa egitea begi onez ikus genezan. Mirari baten promesa zen ia egunero ematen zigutena jaten. Kanpoan, berriz, turismo agentzia guztietan hasi zen azaltzen Bilbo, munduko mirari modernoen artean jarriz eraikina.

Behin irekita, berriz, dena izan zen errazagoa. Haize alde jarritako ontzia gozo joan zen. Baikorrenek ere espero ez zituzten zenbakiak lortu zituen museoak lehen urtetik. Ikusi beharreko eraikina bihurtu zen mundu guztiarentzat, eta eraikina diot, eraikina bera baitzen, museoarentzat beretzat ere, gauzarik ikusgarriena; bigarren mailako kontua ziren, beraz, bilduma eta aldian aldiko erakusketak.

Andrea Fraser artistak, esate baterako, oso ongi jaso zuen museoak berak nola saldu nahi zuen eraikina, audio-gidan hari buruz ematen ziren azalpenak hartu eta haietatik abiatuta performance bat eginez, dena kamera ezkutu batekin grabatuz (debekatuta baitago baimenik gabe grabatzea; bere irudia oso zorrotz zaintzen duen erakundea da Guggenheim Bilbao Museoa).

Ikusi beharreko lekua bihurtu zen mundu osoan, turismoa esaten diogun eta beti goraka datorren industria horretan. Jende aldra ekarri zuen urtea joan eta urtea etorri, eta zenbaki horiekin itxi zituzten kritikoenen ahoak. Arrakasta erabatekoaren bandera-ontzia ezin da kritikatu, ezin da zalantzan jarri haren bertuterik. Bandera-ontzia gerra-ontzia ere bada, noski, eta miraria aitortzen ez dutenentzako lekurik ez da. Onura besterik ez dio ekarri museoak Bilbori, Bizkaiari, Euskadiri, hori da mezua, bai, baina zeren kontura, da jada inor galdetzen ausartzen ez dena.

Bilbok bizitako aldaketa bikain laburbildu zuen Iñaki Estebanek Guggenheim efektua liburuan. Eta bertan aletzen dituen kontuen artean bada bat oso kontuan hartzekoa: Guggenheim ez da sintoma bat, eredua baizik. Liberalismoaren izenean, ez dago politika gutxiago, gehiago baizik; gehiago eta, gainera, ilunagoa. Demokrazia ihartuek nahi duten eredua da: diru publikoa eta erabaki pribatuak. Titaniozko xaflen eta 20. urteurreneko argi distiratsuen atzean sare legal bezain iluna dago, inork bila hasi nahi badu webgune korporatiboan sumatu eta susmatu daitekeena.

Inork ez daki oso ondo nola eta zein irizpideren arabera egiten diren erosketak, edo antolatzen erakusketak. Komisarioak badaude, on askoak gainera, baina ezin jakin zein norabide estetikori jarraiki erabakitzen diren jarri beharreko erakusketak. Euskal Herriko artistek bertan duten lekua, berriz, kuota bati erantzutekoa da, nabarmen. Guggenheimek, paradoxa badirudi ere, Euskal Herriko artistak munduko bihurtu beharrean hemengo bihurtzen ditu, hemengoak direlako erakusten baititu. Eta oso gutxitan beste herrialdetakoekin nahasian, banaka edo taldeka baizik, baina beti hemengo.

Krensek 90ean esan bezalaxe, oraintsu atera da Bidarte bilduma erakusteko lekurik gabe ari direla geratzen esatera. Bidarte, 2008tik, ez da Bilboko museoko zuzendari nagusia bakarrik, baizik baita Solomon R. Guggenheim Fundazioaren estrategia globalerako zuzendari nagusia ere. Urdaibain edo auskalo non, pentsatzekoa da laster egingo dutela beste Guggenheim bat.

Nork behar du artea, dirua eta boterea dituenean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.