Albistea entzun

Izenaz jabetu, izanaz gabetu

Zanpatzen den populuaren izena hartu ohi dute zanpatzaileek armadako sorkuntzak izendatzeko: amerindiarren izenak, adibidez, AEBetako aire armadan. Haatik, euskal izenez ere jabetzen ari dira Frantziako eta Espainiako armadak: 'Belharra', 'Navarre' edo 'Elkano'. Jabetze kulturala erraten zaio horri.
<b>Black Hawk. </b>AEBetako armadak Sauk populuaren gerla buruzagiaren izena ebatsi du bere helikoptero hau izendatzeko.
Black Hawk. AEBetako armadak Sauk populuaren gerla buruzagiaren izena ebatsi du bere helikoptero hau izendatzeko. WIKIPEDIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko abenduak 8

Kolonialismoaren krimen guzietatik ez dago makurragorik; kulturarik ez geneukala sinetsaraztea baino; edo geneukanak baliorik ez zuela», idatzi zuen Julius K. Nyerere Tanzaniako politikariak.

«Leonard Peltier free!/ Ez dago kartzelarik/ atxiki zaitzakeenik», kantatzen du Fermin Muguruzak, In Komunikazioa diskoan. AEBek 1976tik preso sartua dute Leonard Peltier; Dakota ipar-ekialdekoa da bera, Lakota populukoa, eta haren iraupenaren aldeko militantea. Horregatik, hain xuxen ere, AEBetako justiziak askatasuna bahitu dio. Haren nazioa ere aspalditik zanpatu dute: 1890eko abenduko genozidio hura, Wounded Kneeko sarraski ere deitua. AEBetako armadak 300 lakota indigena baino gehiago hil baitzituen.

Baina horrekin ez bide da aski. Gizonaren ordez, UH-72 Lakota libratu baitute airean, libre hegal egin dezan.

UH-72, AEBetako armadaren helikoptero bat da, zeina 2006an asmatu baitzuten, eta Lakota populuaren izenez bataiatu: UH-72 Lakota helikopteroa. Chinook nazio amerindiarra ere azken hatsetan da... europarren eta ondorengo estatubatuarren obraren fruitu: oraingo egunean, ez baitira haietarik bortzehun baino haboro baratzen.

Europar haien segidari esker, alta, Chinooken arima ongi bizirik da: AEBetako armadako CH-47 chinook helikoptero puska lau haizeetara hegaldatzen baita noiznahi.

Espainiarrek masakraturiko Nevadako apatxeek izena garbi dute: baitute AH-64 Apache helikopteroa. Txirikahua da apatxeen bertze tribu bat, zeina masiboki deserriratu baitzuten XX. mende hastapenean. Berak ere badu UV-20 hegazkina.

Eta, Arapaho populuak ARH-70, Kaiuse populuak OH-6 dauka, Txeieneak AH-56, Txikasa populuak H-19, Txoktawa populuak H-34, Komantxeak RAH-66 Boeing-a, Creek populuak TH-67, Huroi populuak C-122, Irokesak UH-1, Kiowa populuk OH-58 «landakoa eta eraginkorra», Meskalero populuak T-41, Mojava populuak CH-37, Osaga populuak TH-55, Seminola populuak L-23, Senekak OH-41, Sawni populuak CH-21, Siuxak H-13, Tarha populuak CH-54, Uta populuak U-21 edota BlackHawk-ak: Sauk nazioko gerla buruzagiari kendu zioten izena US Armyren helikoptero baten izendatzeko.

Amerikar lurretako genozidioen zauriei piko bat egitea bezala dirudi masakre egilearen armadak bere sorkuntzei herri zapalduaren izena emateak.

AEBetako armadaren webgune ofizialak kontatzen du legeak behartzen zuela izendatze manera horren aplikatzera: AR 70-28. artikuluak, hain justu ere. Beharrezkoa zen indigenen izena paratzea armadak sortzen zituen arma edo garraio mota berriei.

Hamilton Howze jeneralak zuela bultzatu delako lege hori, 1974an: «Howzek deklaratu du helikopteroak zaluak eta bizkorrak zirenez etsaiari saihetsetik eraso eginen ziela eta desagertuko zirela: Ordoki Handiko tribuek egin izan zuten bezala gerla amerindiarretan. Alabaina, Howzek deliberatu zuen sortuko zuten ondoko helikopteroa H-13 Siux deituko zutela, armadako soldaduen kontra borrokatu ziren siuxen omenez, zeintzuek garaitu baitzuten zazpigarren erregimena, Little Big Horngo Guduan, 1876an».

Lege hori aldatu bada ere, «tradizioak» badirau; 2012koa baita Lakota helikopteroa, konparazione.

Armadak maitekiro begiratzen dio bere izendatze ekintzari, dei egiten baitu izenaren izanaz oroitzea, kutsu paternalista izan dezakeen tonuaz: «Beraz, helikoptero haietaz pentsatzean, oroit zaitezte haien izenak gogora ekartzen duten espiritua, konfiantza, zalutasuna, iraunkortasuna eta gerla filosofia!». Bada galdetzekoa ea zapaldu haien omenez ari diren, edo menderakuntzaren goraipatzeko gorazarrea egiten ari diren.

Bertze adibide baten irudiak aise labur dezake fenomenoaren definizioa: iragan ekainean, Mexikoko Kultura ministroak hiru arropa marka ezagunei kalte ordainak galdatu zizkien, Oaxaca estatuko populu indigenen broderien erabilpenagatik haien jantzietan.

Armadek egiten dutena ere jabetze kulturala dela baieztatu du Eric Fassin soziologo eta Paris 8-ko unibertsitateko politika zientzietako irakasleak: «Azken batean, bertze baten izena baliatzearen joko bat bezalakoa da hau. Armadek eskubidea hartzen dute izena bidegabeki baliatzeko eta izenaren eramaileak seriotan ez hartzeko. Alabaina, AEBetako indiarrentzat arazoa izan daiteke, haien izena arinki hartua baita: cowboyen eta indiarren arteko gerla jolasean aritzeko, norberarendako norberaren izena serioa delarik. Kasurako, bilakatzen da pintoreskoa, abusagarria, exotikoa...».

Izanaren izena

Atlantikoaz bestaldeko exotismoaren xerka abiatu behar izan gabe ere, Hendaia eta Donibane Lohizune (Lapurdi) arteko erlaitzak badu mundu osoan ezaguna den Belharra izeneko uharria, zeinak, aroaren arabera, uhin erraldoia sortzeko gaitasuna baitu, surflarien gozamenerako. Harriaren haritik, Harri eta Herri obran ele hauek etzanik utzi zituen Gabriel Arestik: «Pentsatzen dut nire izena/nire izana dela/ eta ez naizela ezer ezpada/ nire izena».

Izenaren eta izanaren arteko zubi lana hizki bakarrak du egiten, alta, zubiak gerla kutsua ukan dezake. Norberaren izanak izenarekin gehiago bat ezin egiteraino. Frantziako armadak Greziari esportatzen dion fragatari eman baitio Belharra izena. Fassinek bortizkeria aipatu du jabetze kultural kasu horietarako; Citroen auto ekoizlearen adibidea ekarri du. Picasso izeneko auto modeloa atera zuelarik, Citroenek ordaindu egin zuela izena baliatzearen truk, erran nahi baita, «izena erosi egin» zuela. Alta, armaden kasuan, «kontsideratzen da kitorik» dela. Fassinek ondorioztatu du «dominazioaren bortizkeria» gertatzen dela: «Dominazio harremana dago. Ameriketako edo Frantziako armadak balukea George Washingtonen izenaz jabetzeko ahalmenik? Ororen buru, pekoaz gara jabetzen. Dominazio harremanetan, jabetzea errefusatzeko ahalmenik ez duen jende edo taldeen izenaz jabetzen da. Horregatik, Ameriketako armadak ez du Applen izena hartuko, adibidez. Copyright-a baitu; baina, bertze adibide baterako,Frantziako armada frantsesak ez luke hartuko Ingalaterrako erreginaren izena».

Izenari zornea dariolarik

Jabetze kulturalaren adibide gehiago bada: frantses aire armadak baitu ere Navarre izeneko ehiza eskuadroia.

Eta, Espainiako itsas armadak ere badu Juan Sebastian de Elcano izeneko bergantin-goleta itsasontzi eskola, zeina baliatzen baitute etorkizuneko itsas soldadu espainolak trebatzeko. Zapaltzaileak zapalduaren izena hartze horrek sor dezakeen tentsioaren muina azaldu du Fassin soziologoak; izenek duten «garrantzi sinbolikoagatik» pitz daitekeela gatazka; haien «erreferentzia kulturalen garrantzi sinbolikoagatik». Izenaren eta izanaren artekoa bezala, kultura eta politikaren arteko zubia deskribatu du soziologoak.

Izan ere, izendunaren eta izen horren ebaslearen bizipenak ez baitira berak. AEBetako armadak, adibidez, karga baikorrez beztitzen du bere izendatze ekintza: «omenaldi, ohore, oroimen, duintasun, taktika...» eta antzeko izenak baliatzen baitituzte indigenen izenen ohointza justifikatzeko.

Dominanteak «kulturala» deitu dionari, dominatuak «politikoa» erranen dio. Preseski, sinbolikoa politikoki «arras» garrantzitsua den zerbait delako, soziologoaren aburuz. Ororen buru, erantsi du sinbolikoak balio duela jakinarazteko zein diren botere harremanak; kulturaz jabetzen direnen aburuz, beharbada, ez da hautu politiko bat; desjabetzea pairatzen dutenengandik, berriz, bai: «Bertze manera batez errateko, hauxe da zapalduei erraten zaiena: 'Ez dut zure iritziaren beharrik zure izenaren hartzeko', edo, 'Ez duzu neholako baliorik enetzat', edo, 'Ez dut zure baimenik behar zure izena hartzeko', edo, 'Ene buruari baimena ematen diot zure izenaren baliatzeko'. Funtsean, baimenik ez eskatzeak adierazten du autoritate posizio batean gaudela. Izena hartu diotenaren aldetik so eginez gero, zinez bortitza da. Harreman batean hau erratea bezalakoa litzateke: 'Ez dut zu kontuan hartzeko neholako beharrik'».

Dominazio harreman desorekatuan gertatutako jabetze kulturalek, beraz, ondorio «latzak» ekar ditzakete. Victoire Satto kazetariak laburtzen ditu: «Pobretzen du ebatsia den kultura: historia transformatzen baitzaio, izena kanbiatzen, tradizioa ez ezagutzen eta kode artistikoak zentzuz gabetzen. Jatorrizkoa ahanzteraino. Bigarrenik, zangopeturiko kulturak ez du irabazi ekonomikorik. Hirugarrenik, meneko kulturaren ezabaketan laguntzen du jabetze kulturalak, baitirudi dominantearen bidez bakarrik existi daitekeela menekoa, uste baitu bere buruaren jabe ezin dela izan».

Horiek guziak dira jabetze kultural horren ondorio hilgarriak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Consonni kreatura mutante bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Consonnik 25 urte bete berri ditu. 2012tik argitaletxea ere bada, eta Murrek dio horrek «autonomia» eman diela. Andrazko idazle euskaldunak eta zientzia fikzio feminista itzuli dituzte, besteak beste.
 ©BERRIA / HISTOLABET

Gizakiak, txerri organoak amets

Jakes Goikoetxea

David Bennettek astebete baino gehiago darama bizirik txerri baten bihotzarekin. Transplante hori mugarria izan da, baina ikerketa asko falta da prozedura orokortzeko.
Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Alda dira <em>Pressumptes culpables. Els altres Altsasu</em> dokumentaleko gidariak. ©TV3

Errepresioari pultsua TV3en

Urtzi Urkizu

'Pressumtes culpables. Els altres Altsasu' dokumentala 345.000 herritarrek ikusi dute TV3en. 'Altsasu auziko' bi gaztek Kataluniako errepresio kasuak ezagutzen dituzte hartan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.