Lurraren erraietan barrena

Iruñeko Satorrak espeleologia taldeak 50 urte bete ditu. Espeleologia zientifikoa lantzen dute gehien, eta hainbat diziplinatako adituekin elkarlanean aritzen dira. Ibilbide horretan, 1.000 leize baino gehiago aurkitu dituzte, baita antzinako arrastoak ere. Frankisten biktimak ere topatu dituzte.

Ainhoa Saez, Arturo Hermoso de Mendoza eta Koldo Los Arcos. I. ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Zuloa non, satorrak han. Barrunbeak maite dituzte espeleologoek, lur azpiko erraietan barrena ibiltzea. Horrela aritzen dira Satorrak taldeko kideak. Iruñeko espeleologia talde horrek 50 urte bete ditu aurten. Hasierako gogoa eta egiteko manerak mantendu dituzte, sator beteranoenek gazteenei transmititu baitiete jakintza eta filosofia. Leize anitz geratzen dira oraindik ezagutzeko, eta zulo anitz, sartu eta bertan dagoena esploratzeko. Duela hamarkada erdia nondik sartu ziren badakite, baina urteurrenaren bueltan, kopetan daramaten argia piztu nahi izan dute, etorkizunari begiratzeko.

Iruñeko Alde Zaharrean du egoitza Satorrak taldeak. Metro gutxira, harresia, eta handik ikusten dira hiria inguratzen duten mendiak. Han bildu dira taldeko hiru belaunaldietako ordezkari bana: Koldo Los Arcos, Arturo Hermoso de Mendoza eta Ainhoa Saez. Lehenbizikoa 1975ean sartu zen taldean, hura sortu eta hiru urtera; bigarrena 1991n hasi zen; eta hirugarrena duela gutxi, 2018an. Espeleologiarekiko grina dute ezaugarri komun; haien pasioz apaindutako hitzek agerian uzten dute.

Mendia izan zuten leizeetarako sarbide. «Zuloekiko zaletasuna» hor hasi zitzaion Los Arcosi, 14-15 urterekin; urte batzuk geroago, antzera egin zuen Hermoso de Mendozak: lagun taldearekin kobazuloetan sartzen hasi zen, eta ondoren Satorrak taldera. «Iñaki Ortilles espeleologo ezagunak ikastaroa eman zigun, eta sekulako zaletasuna piztu zitzaigun». Saezek etxean jaso zuen zaletasuna, aita Satorrak taldekoa baitzen: «Asteburu batzuetan elkarrekin joaten ginen kobazuloetara, eta, azkenean, esan nion zerbait gehiago behar nuela».

Abentura da espeleologia, baina ez hori bakarrik. Hori garbi utzi nahi izan du Los Arcosek: «Espeleologiarekin gauza asko ikasten dituzu: geologia, planoak egiten, argazkiak egiten, eskalatzen... Gainera, mendi eta harri askotan ibiltzen zara, jende asko ezagutu, eta hori ere inportantea da». Horrek guziak asebetetzen du. «Harreman handiak egiten dira, hau talde lana delako. Izan ere, besteekin fidatu beharra duzu», gaineratu du Saezek.

Oharra egin du Hermoso de Mendozak: segurtasuna eta zaintza ezinbesteko bi elementu dira espeleologian. «Lur azpiko eremua oso berezia denez, zaindu behar da; bi aldeen segurtasuna zaindu behar da: norberarena eta kobazuloarena». Ongi begiratu behar da non zapaltzen den.

Zientziaren bidetik

Satorrak taldeak espeleologia zientifikoa egiten du batik bat. Hasieratik hala izan dela kontatu du Los Arcosek: «Duela 50 urte kezka hori ere bazuten: ez bakarrik Uitzi aldeko leize handi xamar batera jaistea, ez; jaitsi eta horko planoa egin, datuak atera eta txostena egin, kontatu nolakoa den, zer egin duten... eta hori guzia hemen gordetzen da». Boluntarioak dira Satorrak taldean, baina lan profesionala egiten dute: «Oso garrantzitsua da gauzak profesionaltasunez egiten jakitea. Kobazuloan gauzak hautsi ditzakezu, lur azpiko eremua kaltebera eta hauskorra baita».

Planoak ere ongi egin behar dira, jende askoren lanaren emaitza baitira. Larrako leizearen mapa dute bulegoaren erdian zabalduta. «Honek 30 kilometro ditu; bederatzi urte daramatzagu lanean, eta barnean ehun lagun inguruk parte hartu dute», azaldu du Los Arcosek. «Denen artean 300 kilometro topografiatu ditugu, eta 400 kilometro ezagutzen dira», gaineratu du Hermoso de Mendozak. Nafarroako katalogoan 4.000 leize baino gehiago daude, eta Satorrak taldeak 1.000 baino gehiago topatu ditu. Aurkitutakoak Karaitza aldizkariaren bidez zabaltzen dituzte.

1979an aurkitu zuten Larrako leizea; garai hartan mundu osoan aurkitutako sakonena, baina dagoeneko aurkitu dira sakonagoak. «Hiru Erregeen Mahaian dago, zaila da, eta munduko leize ospetsuenetako bat da», zehaztu du Hermoso de Mendozak.

Amutxateko leizea izan zen beste aurkikuntza garrantzitsu bat. Aralarren urteak eman ditu taldeak leizeen bila; horietako batean haize korronte handia zegoen, eta ezin sartu ibili ziren. Los Arcosek kontatu du: «Zenbait saio egin genituen urte batzuez garai hartan zeuden baliabideekin: eskuz horma pikatzen, zementuarekin...». 1995ean lortu zuten barrenera sartzea: «Areto handi xamarra zegoen, eta hezurrak nonahi agertzen hasi ziren». Ursus spelaeus leizeetako hartzaren Europako aztarnategirik nagusietako bat da: 15.000 fosil baino gehiago aurkitu zituzten; tartean, hartz baten hezurdura osoa.

Margoak eta hienak

Ez da milaka eta milaka urte atzera egin duten aldi bakarra izan. Alkerdi leizean, Urdazubin (Nafarroa), Paleolitoko labar artea aurkitu zuten. «Hori ere mugarria izan da guretzat: aurkikuntza horrek harrobia geldiaraztea ekarri zuen, eta horien balioaz ohartzea», azaldu du Los Arcosek. Inflexio puntu bat izan zela uste du Hermoso de Mendozak: «Pasatu dira urte asko kobazuloei behar beste kasu egin gabe, eta ohartu dira azkenean; 2014tik aurrer,a Kultura Departamentuak interes handia izan du». Harreman «estua» dute harrezkeroztik.

Denbora gutxien daramana izan arren, Saezek ere aurkitu ditu zenbait gauza. Duela gutxi, Brontze Aroko pertsona baten eskeletoa aurkitu zuen. «Sartu ginen, egin genuen planoa, markatu hor hezurrak zeudela, eta zerbait esan arte ez ginen bueltatu leize horretara». Beste batean, hiena baten burezurra aurkitu zuten. «Paleontologoekin egon ginen, eta horixe esan ziguten. Lehoiak, hartzak, hienak... bitxia da ikustea zer animalia bereziak bizi ziren garai batean hemen», esan du Hermoso de Mendozak.

Gertakari garaikideen lekuko ere izan dira. Frankistek fusilatutako lagunen hezurrak aurkitu dituzte urte hauetan. Lehenbizikoak 1978an, Otsoportillon, Urbasan. Los Arcosek gogoratu du: «Oso gaztea nintzen, eta sekulako ikara hartu nuen hezurrak ikusita. Tiroa zuten buruan, ikaragarria zen. Zazpi-edo zeuden leize txiki batean. Beldurgarria».

Harreman estua izan du Satorrak taldeak fusilatuen familien elkarteekin. Entzutetsua izan zen Legarreako haitzulokoa, 2014an. Zurrumurruen arabera, Juana Josefa Goñi haurdun zela leize hartatik behera bota zuten, sei seme-alabarekin batera. Sagardia-Goñi familiako kideen gorpuzkiak aurkitzera jaitsi ziren Satorrak taldeko kideak. «Sartu ginen, eta ezustekoa hartu genuen, zazpi urte lehenago desagertutako Iñaki Indart aurkitu genuenean. Poliziarekin joan behar izan genuen, forentseekin, Gabon gauez», kontatu du Hermoso de Mendozak. Bila zebiltzan gorpuzkiak ere aurkitu zituzten.

Talde lana da espeleologia; ez bakarrik espeleologoen artekoa. «Hainbat diziplinatako adituekin egiten dugu lan: geologoak, arkeologoak, biologoak... Haiek lur azpian gidatzen ditugu». Espeleologo taldeen artean ere elkarlana da nagusi. Los Arcos Euskal Espeleologoen Elkargoaren sortzaileetako bat izan zen, eta kide da Satorrak. ARSIPekin ere lan egiten dute, Larran. Informazioa partekatzea «funtsezkoa» dela nabarmendu dute. Izan ere, espeleologoen aurkikuntzek balio dute alor askotan: memoria historikoan, historian, babes zibilean, biologian, geografian...

Eguneroko lana

Urteurrenetan ibilbide osoko zenbait mugarri azpimarratu ohi dira, baina Satorrak taldean egunerokoa nabarmendu dute: «Larunbat guziak dira bereziak. Gehienetan ezagutzen ez duzun leize batera jaisten zara; beti duzu jakin-min hori, ea zer egon litekeen. Hiena aurkitu genuenean bezala; txundituta etxeratzen zara», kontatu du Saezek. «Eguneroko lanari esker gaude hemen. Sortu den giroari esker ari gara urteurrena ospatzen», gaineratu du Hermoso de Mendozak. Etorkizunari so ari dira, eta horretarako jende gaztea behar dutela nabarmendu dute. «Orain gutxi arte ni bakarrik nengoen. Orain nire adineko zazpi-zortzi sartu dira taldean. Badirudi animatzen direla, baina kostatzen da. Lan egin behar da jendea lotzeko», esan du Saezek. Emakumeak ere falta dira: «Nik oso gutxi ezagutzen ditut».

Hala ere, onartu dute jende gehiago dabilela mendian. «Kirol espeleologian geroz eta jende gehiago dabil, baina guk egiten duguna ez zaie hain erakargarri», zehaztu du Saezek. Pandemiaren ondotik natura berraurkitu du jende askok, Hermoso de Mendozaren aburuz. Alde onak eta txarrak ditu horrek: «Abentura modan dago, eta gaur egun arazo bat dugu: munduan asko garela. Arazoak sortu dira Himalaian, eta kobazuloetan hori ere gerta liteke». Arduraz jokatzeko beharra azpimarratu du: «Emozioa sentitzen da zerbait aurkitzean, baina ardura ere sentitu behar da; oreka beharrezkoa da ondarea etorkizunean mantendu dadin».

Horregatik, heziketa egokia aldarrikatu dute. «Espeleologian gauzak poliki egin behar dira. Alde ona da bide luzea duzula», esan du Hermoso de Mendozak. Izan ere, gazte hasi eta adinean oso sartuak jarraitzen dute askok.

Biltegian gauzak prest dituzte dagoeneko astebururako. Jendearen arabera erabakiko dute zein leizetara joan. Oraino bidea irekitzen jarraitu behar dute satorrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.