gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Bizitzaren 'beat'-a

2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun

Rodrigo Cuevasekin izandako solasaldiak kitzikatu dit garunkaxkoa. Irudikatu dut musika gosez, modernitate egarriz, Bartzelonara joandako ikasle gaztearen ilusio dirdaitsua. Eta hiritik herrixkarako itzuleran sentituriko kontrastea. Gogora etorri zaizkit beste molde batean baina ziur aski intentsitate antzekoz neure larrutan bizi izandako gaztaro goiztiarreko pasadizo zenbait, kontrastearen esperientziaren zakuan gordetakoak.

Bat bereziki.

18ak igaro berritan, Araozko (Oñati, Gipuzkoa) Ugaztegi auzoko erromeria festara joan nintzen, uztailaren 25arekin, Santiago egunez. 1997a izango zen. Baserri giroko eremua eta giroa, familiaren sustraiak. Goizean, egun argiz hasi zen festa, hamaiketakoa, bolo-jokoa, ermitako meza (adinekoentzat, batez ere), eta une sozial eta alegerosoena ondotik: trikiti emanaldia eta dantzaldia. Noren esku? Animatzen zen ororen esku. Musikari profesionalik ez, eskusoinua hartu eta jotzen zuen nahi-ahal zuenak, eta berdin dantza egin nahi zuenak. Ordurako rockaren soinu-estetikek harrapatu eta bezatuak gintuzten. Erromeria hark, ordea, bazuen zerbait kateatzen ninduena, ulertzen zaila zitzaidana. Bazkalosteko kantu eta dantzak luzatu egin ziren, baina haiek bukatu aurretik jaitsi nintzen Oñatira herio batean. Handik Zumarragara autobusez, dutxa azkar bat hartu, eta tren geltokira arrapaladan, bulkada ezin saihestuzko batek gidaturik, ilunarekin batera Ordiziako festetara joateko. Txosna-taberna-gaztetxean rigorezko egonaldiak egin eta herriko taberna musikazaleenera irrikaz, beheko solairuan musika elektronikoaren festa zegoela-eta. Housea, drum & bassa, technoa... Berria zitzaigunaren kitzikadura hura, xarma sentsuala. Dantza betean goizaldera arte.

Eta barrenean kontrastearen sentimendu oso indartsu bat; egun berean bi mundu hain urruneko, egunaren eta gauaren ifrentzuz, bizi izatearen desosegu estimulagarri paradoxikoa. Lagunei nola azaldu ez nekien, bi mundu-soinu haiek barrenean neramatzala, eta haien kontrasteak zerbait durduzagarri bezain magnetikoa eragiten zidala.

Califato ? taldeko kide bati entzun diot oraintsu irakurria: «Musika tradizionalak eta elektronikak beat bera dute, bizitza taupada bera». Balio izan dit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.