Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Lehenengo abestia, ingelesez

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Neure lehenengo abestia ingelesez idatzi nuen, 17 urterekin. Nire gurasoek jaio nintzenetik euskaraz hitz egiten zidaten, baina kideekin eta gainontzeko jendearekin harremantzeko hizkuntza gaztelania zen. Bizkaiako Meatzaldeko herri batekoa naiz, guraso euskaldun berriekin herri erdaldun batean. Oro har, euskarak gure herrian izan duen indarra zer-nolakoa den jakin arren, nire gurasoek euskal kultura betidanik oso presente izan dute, horren parte izatera heldu arte. Garai latzetan ere euskararen bitartez kultura lau haizeetara hedatzeko borroka egin zutenei esker jarraitzen dugu gaur egun euskaraz sortzen. Euskararen ezaugarri identitarioaz, horren indarraz eta garrantziaz ohartzean, iritziz aldatu nuen, eta abestiak idazteko hizkuntzak euskara izan behar zuela erabaki nuen. Erabaki horrek helburu kolektibo baten alde egin duelako, nire kasuan behintzat, erabaki politiko bat delako. Hein batean, bizi grina aldarrikatzeko garrasi bat da, eta nor izateko borroka bat.

Diskriminazio historia eta biktimizazioa hain barneratuta dauzkagu, non, askotan, gure erresistentzia balio gisa inposatzen baitugu eta onartezinak izan beharko liratekeen jarrerak onartzen baititugu. Horrek hegemoniarekin harreman handia dauka. Tamalez, oraindik ardatza gaztelaniak izaten jarraitzen du, eta ia ziurtzat jotzen da gaztelaniaz egingo dutela. Euskaraz sortzen dugunok, ordea, ertzetatik sortzea erabakitzen dugu, ardatzetik sortzeko aukera ere izan arren. Ukaezina da, beraz, bizi dugun gatazka politikoa, eta hori oso lotuta dago hizkuntzarekin eta, batez ere, aurreiritziekin.

Nire ustez, txalotzekoak dira ama hizkuntza euskara ez izanda euskaraz abestea erabakitzen dutenak, horiei esker euskara eraikitzen eta berritzen joaten garelako, euskara aberasten dugulako. Karmele Jaiok aurtengo Korrikako mezuan aipatu bezala: «Eta etiketen garaian, ahaztu ditzagun behingoz euskaldun berri eta zaharrak. Iraultza honetan, lasterketa honetan, denok garelako euskaldun berri. Hizkuntza bat egunero hasten delako, egunero berritzen delako. Hizkuntza bat ez delako jaiotzen, egin egiten delako. Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.