gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Bachata Rosaenean

2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Antsietateak harrapatu nauela aitortu diot Rosari, etxealdiaren ondorioak orain hasi naizela nozitzen. «Etxealdia ez, itxialdia izan da», Rosak. Goizetan musika jartzen hasi da berriro. «Ene, armiarma beltzak harrapatu zaitu; dantzan jarriko dugu armiarma, bachatarekin, eta solte utziko zaitu». Juan Luis Gerraren Bilirrubina eta Burbujas de amor bachata merengatuak jarri ditu, bata bestearen atzetik.

—Sekula ez dut zuzenean ikusteko aukerarik izan. Eta lastima dut.

—Ezta neuk ere. Duela bi urte Ruben Blades ikusi nuen Zurriolako hondartzan, zehazki itsasoan sartuta, Liberekin batera.

—Tira, Juan Luis Guerra eta Ruben Blades gauza desberdinak dira, nahiz eta biak izan musika latinoaren erreferenteak, ezta?

—Bai, arrazoi duzu. Dena sartzen dugu zaku berean; zer esanik ez musika afrikarraz aritzen garenean.

—Tira, eta jaialdietan bakarrik entzuten dituzue, modako daudelako, edo cool zaretelako.

—Umm, baliteke hori ere. Ez zen jaialdi bat izan zehazki, Donostiako areto batean baizik, baina gogoan dut Meridian Brothers izeneko talde kolonbiar bat ikustera joan ginenekoa. Taldearena ez da errua, zoragarria baita, baina han bildu ginen gainerakoan herri musikak estimatzeko batere joerarik gabeko hainbat cool, Latinoamerikako zenbait musika genero psikodeliaren berniz modernoz jantzita entzutera...

—Bai, irudika dezaket. Makina bat alternatibo xuri bilduko zineten.

— Aurten jaialdirik ere ez da izango... Ez ditut faltan botako, egia esan. Ez zaizkit musika entzuteko lekurik egokienak iruditzen...

—Bueno, hori nahiko cool geratu zaizu. Ez dira akaso lekurik onenak, baina zenbait artista entzuteko aukera bakarrak izaten dira, eta jendea biltzen da, jende xumea askotan. Festa komunal bat gertatzen da...

—Umm, izan liteke bai. Baina sarri askotan musikaz haragoko espektakulu hutsak dira, banketxeek espontsorizatuak eta erakundeek dirutzaz babestuak. Diru hori proiektu eta elkarte xumeagoek jasoko balute...

—Jasoko balute, bazenute... agian hain xarma guztia galduko lukete, zenukete.

Armiarma sareak dantzan jarri dizkit gaur ere Rosak, bachata erritmoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.