gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Queenie Lyons (eta II)

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Rosak jakin du aurreko Bi ahotsetara-n aipatu egin dudala; esker onarekin batera bi txikientzako ogi koxkorrak eman dizkit, egunero bezala, eta galdera egin. «Nor zen, bada, Marie Queenie Lyons hori? A zer kantu puskak Fever eta See and Don't See. Arraioa, neure kolkorako; sentimenduak ez ezik, gustuak irakurtzen ote dizkit!

Ezin azalpen askorik eman, ordea. Han-hemenka irakurritako apurra, ez edukitzearren Wikipedia sarrerarik ere ez baitauka Marie Lyonsek. Louisianako zela, Mississippi ibaiak eta New Orleans hiriak ezaugarritzen duten estatukoa; ez jaiotze datarik, ez jaiolekurik. Beste hamaikatxo gospel eta soul kantari talentudunen gisara, Chitlin' zirkuituan (AEBetako hego-ekialdeko aretoek osatua, zeinetan musikari beltzek baimendua zuten aritzea) ibili zela alderrai 60ko hamarkada hasieratik aurrera, eta rhythm and blues artista ezagun (gizonezko) zenbaiten korista edo telonero modura aritu zela sarri: Fats Domino, Jerry Lee Lewis, Jackie Wilson... eta bereziki James Brownen alboan.

Ez dago daturik ziurtatzeko James Brownek bultzatuta grabatu eta plazaratu zuela disko hura, baina King Recordsen azpizigilu batean plazaratu zuten (Deluxe), eta zigilu hartan, besteren artean (Nina Simone adibidez), James Brown zen izar nagusia. Gainera, Soul Fever diskoaren azaleko jatorrizko oharretan JB siglak azaldu dira.

Rosak azti, beti bezala. «Tira, berdin du. James Brownek ez digu argituko enigma, eta haren laguntzarekin edo gabe, diskotzarra erditu [gaztelaniazko parir erabili du] zuen Queeniek». Baina 1970 hartan ez zuen inolako oihartzunik izan, eta behin betiko desagertu zen Queenie Lyons, soularen eta funkyaren eremutik ez ezik, baita bizitza dokumentatutik ere.

«Zer egingo ote zuen?», Rosak. «Bizi ote da?». Sorbaldak altxatu ditut. Ez diot deus esan, baina neurekiko pentsatu dut ez zituela erraz izango gauzak, garai hartako musikaren industriaren arau-lerroetan txertatzeko arazoak izango zituela; nahiago izango zuela hartatik guztitik ospa egin. Ez diot esan Rosari, baina erraz irudika nezakeela kafetegi parean dugun eliza garbitzen duten emakumeen gisara, bere auzoko eliza garbituz, edo Rosa bera bezala, kafetegi batean zerbitzari... eta kantari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.