Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Kaixo

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Kaixo, hemen nago, kontzertu batetik bestera bidaiatzen ari naizen bitartean idazten. Geltokiko kafetegian nago, eta bakarrik egiten ditudan bidaia hauetako askotan gertatzen den zerbait ari da pasatzen: bakarrik dagoen neska batek munduarekiko esanarazten dituen jarreretako bat; oraingo hau adibide kaltegabeena da, baina momentu honetan deserotasun handia sentiarazten didana: kristalaren beste aldean, ordu erdiz, 65 urte inguru dauzkan gizon bat dago, etengabe niri begira. Ez naiz gehiegi luzatuko puntu honetan, baina, egun batean, kafea burutik behera botako diot gurutzatuko dudan jokabide berdintsuko gizon bati, horrela, berak bezala, naturaltasun osoz jokatuz, eta, berak bezala, neure burua justifikatu behar ez dudala sentituz.

Sarrera honen ondoren, gai nagusiari helduko diot.

Kaixo berriro. Hemen nago, idazten, eta nik, berez, idatzi, abestietarako letrak bakarrik idazten ditut. Abestiekin gertatzen zaidana da ez direla geure egunerokotasuneko elementu bat, nolabait beste mundu batean daudela. Doinuak hitza dantzan jartzen du, eta mezua horrela iristen zaigu, bultzada berezi batekin. Askotan, horrek, beste aldean dagoenari esanahia modu zuzenago batean helarazten dio.

Hala ere, bai abestietan eta baita testuetan ere, zaila iruditzen zait idaztea eta hurrengo segundoan idatzi duzunaz ez damutzea. Betirako egia edo lezio bat botatzen ari zarela dirudi. Marguerite Yourcenarrek zioen idazlearen paradoxa delakoa existitzen zela, eta artista guztientzat balio zuela. Paradoxa horren arabera, zioen, bi gauza egiazkoak ziren eta, aldi berean, kontraesan bat: «Lehenengoa da idazleaksakonki bera —norbera— izan behar duela, bere ekarpen pertsonala eman behar duela. Bigarrena da bere buruaz ahaztu behar duela, bere burutik atera behar duela, bere buruaz orrialde zuri bat egin behar duela».

Ederra da ideia hori, eta musika egitearekin oso lotua ikusten dut. Zure bizipena, azken finean, zuregan dago idazten jartzen zaren momentuan, errealitatez, egiaz beteriko lan-material bezala; baina nola gainditu bizipen hori? Nola ez egin eguneroko bat, gauza gordinegi bat eragiketa horretan zaudela? Galdera hauekin buruan ekingo diot zutabe honi, abestiekin egiten dudan bezala, egiak eta gezurrak nahastuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.