BI AHOTSETARA

Lau une musikal udatiar

gorka erostarbe leunda
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Baga) Kanpinetik herrirako bidexkan, lauzpabost laborari adineko, belar txarrak garbitzen, eta kantuan, jota edo kopla zahar moldean. Goizeko bederatziak. Gu, kanpindar-kaletar giputxok, pasiera alegeran, Ega ibaiaren abaroan. Ez dut zehazki identifikatu kantua, baina irudikatu dut izan zitekeela Las espigas de oro napar jota, edo Hermanos Cuberok finki gaurkoturiko Ya se está poniendo el sol, edo Pier Paul Berzaitzen Baratze bat. Lizarrara iritsi eta ezin muzin egin sakelekoa begiratzeari. Adiskideak bidaliriko bideo bat; Rodrigo Cuevas estimatua eta Gelita del Cabanon 88 urteko andere asturiarra, eskusoinuarekin bata, kantuan bestea. Titularra: Bideetan kantatzeko artea. Hunkitu nau eta amama Mariarengana gogo-bideak. Baserri lanetan ari zela, edo baserri atarian josten zuen bitartean, Maria de la O edo Triste bizi naiz eta kantatzen.

Biga) Abuztuak igandea du; Igandeak arratsa. Hotel txiki familar bat; piszina eta taberna dekadente bana. Gogoa urrun, burua alfer. Irratia piztu du zerbitzari uniformedunak. «Si yo pudiera ser perra, por favor dejadme serlo, solo pido ir sin correa a pasear...», entzun dut, eta melodia erritmoek gorputza hartu didate. Gerora jakin dut Rigoberta Bandini dela, eta batzuek maitatu bezala besteek destainatzen dutela. Bidera atera zaidan kantuak eguna salbatu dit. Eta nire buruari: «Hori ere bada musika».

Higa) Lizarratik Zarautzerako bidean, autoan irratia jarrita. Joseina Etxeberriaren Kantu kontari. Musika beltzeko ahots bat; zirrara hezurduran. Little Simz kantari ingelesa esan du, ohiko ahots enfatikoz. Etxera iritsi orduko Youtubera. Tiny Desk itzela. Berriro ere musika bidera azaldu zait, aurreiritziak hankaz gora jartzera, kasu honetan saio eta aurkezle batekikoak baizik.

Laga) Xabier Montoiak idatzi zuen beretzat historia David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasi zela. Indar handiko esaldia, pop belaunaldi baten leloa. Landakanda hil da goiburua irakurri dut Urola-Kostako Hitzan. Niretzat Landakanda izan zen lehen pop ikonoa. Ez dakit zer zehazki, baina nire historiaren parte bat, bide bat, hil dela sentitu dut.

Aurreiritzirik gabeko haurtzaro bat hil zait ziur aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.