Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Agur, Nebula

2022ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Omenaldi xume bat egin nahi diot Iruñeko Nebula tabernari. Ateak itxi ditu inori abisurik eman gabe eta, barkatuko didazue atrebentzia nire estreinaldiko zutabean, norbaitek esan behar zuen. Ez dakit ziurtasunez zein izan den erabakiaren arrazoia. Kontrastatu gabeko zurrumurruak iritsi zaizkit, besterik ez. Ez ditut hankak Fontana Di Treviko iturrian sartu nahi, Anita Ekberg-ek La Dolce Vita filmean egiten duen bezala. Pandemia ondoren bueltatuko zela zirudien, eta ez da hala izan. Betiko jabeak atzeko atetik ihes egin du, eta espiritua desegin da. Akabo rock-and-rolla.

Nebula bezalakorik ez da egon Euskal Herrian, eta beldur naiz espezie antzeko epizentro rockeroak behin betiko desagertu ez ote diren. Times they are a changin', Dylanek 1963an esan zuen jada. Nebulako arauak malguak ziren. Dena zen nebulosoa. Hiritik eta gizartetik at, errealitate paralelo bat sortu zuen Alde Zaharreko San Frantzisko kalean. Psikodelia, popa, garajea eta soul musika uztartu zituen hasieratik. Pedro zen bi pisuko kobazuloaren nagusia, programatzailea, ideologoa, tabernaria eta alma materra. Sugea bezain maltzurra zen. Kontzertua noiz hasiko zen galdetzen bazenion, jai zenuen. «Hasiko da hasi behar duenean», erantzuten zuen. Goizeko ordu batean, esate baterako. Sotoko emanaldiak legez kanpo egiten ziren. Txapa edo pegatina baten truke sar zintezkeen kontzertua ikustera, Nebulan ez baitziren sarrerak ofizialki sartzen.

Musika fresko, erakargarri eta independentearen ikurra izan da. Bertan jaio, ugaldu eta elkartu dira azken bost urteetan Iruñeko hainbat eta hainbat talde: Exnovios, Los Jambos, Kokoshca, Melenas, Rio Arga, German Carrascosa y la alegria del Barrio, Juarez... Zerrenda mugagabea da. Denbora batez German Rubio Nebulako buru izan zen, eta musika doinu beltzez apaindu zuen, northern souletik bugalura.

Nebula definitu beharko banu Exnoviosen disko bat erabiliko nuke: Amor Droga. Agur, Nebula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.