Jose Antonio Sainz Alfaro. Donostiako Orfeoiaren, zuzendaria

«Donostiako Orfeoia herrikoiagoa izango da oraingo honetan»

J. SAIZAR.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Donostiako Orfeoiaren zuzendaria da Jose Antonio Sainz Alfaro (Donostia, 1956). 1974an hasi zen baritono gisa kantatzen, eta 1987tik da zuzendaria. San Ignazio abesbatza ere zuzendu zuen 1980tik 1988ra, eta, azken hogei urteetan, munduko hainbat orkestra ere gidatu ditu. Orfeoiak Urmuga proiektuko hainbat kontzertutan parte hartuko du: gaur, Lareon; bihar, Aizperron; 26an, Baigorrin; 30ean, Orhin eta Erremendian, eta, abuztuaren 1ean, Hiru Erregeen Mahaian.

Nola sortu zen Urmuga proiektuan parte hartzeko aukera?

Egoera berezi honetan, aukera atera zen. Migel Zeberio beti harrien azpian ari da bilatzen, eta proiektuaz hitz egin zigun. Oso polita iruditu zitzaigun. Geldirik gaude, eta Orfeoian badaude mendizaleak. «Egin dezagun zerbait», esan genuen. Kantari talde bat animatu da parte hartzera, eta, lekuen arabera, gehiago edo gutxiago izango dira.

Urte asko daramazu orfeoian. Antzeko esperientziarik ezagutu al duzu?

Salzburgoko jaialdian, 1998an, bost opera emanaldi izan genituen 25 egunetan, eta Fura dels Baus taldea arduratu zen eszena zuzendaritzaz. Han ginela, eklipsea egokitu zen, eta mendira joan ginen, autobusez. Eklipseari begira, Berliozen operaren abesti bat kantatu genuen. Oso gauza ikusgarria izan zen ibarretik eklipsea zetorrela ikusten genuen bitartean abestea. Grabatuta dagoela uste dut. Agian besteren bat izan da, baina ez dut gogoan.

Zer espero duzue esperientzia honetatik?

Orfeoiko jendeak ondo pasatzea espero du; oinez ibiltzea gustatzen zaion jendea doa, gazteak, batez ere neskak. Kontzertu baten seriotasunetik inguru natural batera pasatzea da. Agertoki paregabeak dira. Oso gauza desberdina. Jendea animatuta dago eta ilusioa dauka.

Eta zein izango da errepertorioa?

Guk egin ohi dugunaren aldean oso musika desberdina da, herrikoia: Benito Lertxundiren eta Iparragirreren kanta batzuk, Zaraitzuko kanta pare bat, bat Guridik harmonizatua, Norvegiako autore baten obra mistiko bat… Orfeoi herrikoiagoa izango da oraingo honetan.

Datorren urtera begira, zer espero duzue?

Zerbait badugu: [Okzitaniako] Tolosako jaialdi franko-errusiarrean bi kontzertu, Madrilgo Auditorio Nazionalean... Urte konplikatua izango da finantza aldetik. Bazkideak eta enpresa laguntzaileak hor daude, baina orfeoiaren zati garrantzitsuena kontzertuak dira. Diru laguntzak handitu beharko lirateke, baina hor zalantza daukagu. Azpiegitura handia dugu, 500 pertsona gara: haurrak, tailerrak, gazteak, helduak, irakasleak… Horrek kostu handia dauka, eta sarrerarik ez badago… Hemengo kontzertuekin gutxi ateratzen dugu; kanpokoak dira euskarri nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.