Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Arrakasta

2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Atzo bezala gogoratzen dut Realak 2002-2003an ia-ia liga irabazi zuenekoa. Nihat, Kovacevic eta Aranburuk nire armairua eta karpetak bete zituzten urte hartan, Krafft marka bularrean zuten kamiseta zuri-urdin horiek jantzita. 11 urte nituen, eta nire bizitzaren jomuga oinetan hasi eta buruko ileetan amaitzen zen.

Urtebete eskas iraun zuen nire realzaletasunak. Aitarekin joan nintzen Anoetara Real Madrilen aurkako partidara. Ordura arte ikastolako atarian ere kasurik egin ez nion baloi-joko horren aditu bilakatu nintzen bat-batean: taktika hau, joko hau, beste formazio hori.

Kontua da, besterik gabe, urte hartan Realak ARRAKASTA izan zuelako egin nintzela realzale. Eta, noski, askoz ere beranduago konturatu naiz horretaz. Joera guztiz gizatiarra da, arrakastaren alde egite hori. Gizakiok arrakasta saritu behar dugu, komunitate baten parte sentitzeko.

Musikaren kasuan ere arrakasta saritzekoak gara, noski. Eta futbolean gol kopuruarekin neurtzen den hori, musikaren kasuan sare sozialetako like-etan neurtzen da orain. Okerrena ez da gizakiak hori egitea; berriz diot, guztiz humanoa da hori. Baina arrakastaren irizpideen batuta hedabide publiko batek hartzen duenean, ezin dut muturra okertu besterik egin.

Esaten omen da Euskal Herriko hedabide publikoak ez direla batere publiko; jasotzen duten diru horrekin defizitarioak direla eta, beraz, publizitatetik jan behar dutela. Horrek dakarrena, noski, badakigu zer den: like-etan neurtutako arrakasta duten horiek saritzen dituzte eta, ondorioz, arrakasta duten horiek oraindik ere arrakastatsuagoak bihurtzen dira, eta ordura arte arrakastarik izan ez duten horiek oraindik eta ezkutuago geratzen dira. Artisten arteko arrakala handitzen da, eta gero, gainera, artista txikiek gaizki sentitu behar dute artista handiekiko nahi gabe sentitzen duten erdeinuaren aurrean; ez baita, azken finean, artista handi horien errua.

Komunikazioa ikasi nuen, eta han sartu zidaten hedabideek gizartea hezterako orduan duten garrantziaren harra. Ezin dut burutik kendu haiek gugan duten eragina zenbaterainokoa den. Kultura hitza errespetatu eta hura modu koherentean nola kontsumitu erakutsiko digun hedabide publiko bat merezi du euskal gizarteak; batez ere, Gazteek. Benetako hedabide publiko bat, ez finantzaketa lortzeko euskaraz egindako musika %20ra mugatu behar izan duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.