Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Hari amaigabea

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun

Ni horietakoa naiz bai, gai honetarako behintzat, arriskatzen ez diren horietakoa... Kontzertu batera joan aurretik beti erritual bera jarraitzen dut; lehendabizi, zuzenekoa izango den herrira nola helduko naizen adostu, atondu eta aretora heltzean sarrerak erosteko ilaran itxaron. Sarrera eskuetan, garagardo bat eskatu, eta bertan sortzen den mundu magiko horretan murgiltzea baimentzen diot neure buruari.

Oroitzapen zaharra izan ez arren, oso zaila egiten zait kontzertu batean zutik eta musukorik gabe egotearen sentsazio zehatz hori lehen bezala sentitzea; eszenatoki baten aurrean kokatzea jendearen azalarekin kontaktuan, jendearen mugimendua soinean eta musikaren intentsitate eta bolumena bularrean sentitzen... Orain dela egun batzuk, pandemia aurreko kontzertuek zuten formatu bereko zuzeneko batean egoteko parada izan nuen, eta, pare bat urteren ostean, hau berriz bizitzeko aukera izateak asko hunkitu ninduen. Orokorrean horrela sumatu nuen jendea, zirraratuta, gazte batek bere talde gustukoena lehenengo aldiz ikusten duenean bezala. Gaur egun, trantsizio egoera batean gaudela deritzot, pandemia aurretik geneukan askatasun hori pixkanaka berreskuratuz.

Berrogeialdi batek bere baitan dakarren sufrimendu, ziurgabetasun eta beldurretatik ihes egiteko eta ezinegon hau beste modu eraikitzaileago batean erabiltzeko, musika erabili dugu terapia modura; barneko korapiloak arte bilakatuz. Beraz, hori da itxialdiak kasu batzuetan ekarri duen alde positiboa: talde, proiektu edota musika berria plazaratzeko aukera izan da. Pandemian zehar sortu diren egitasmo hauek, hortaz, nola moldatuko dituzte euren zuzenekoak? Zer sentituko dute talde berri hauek pandemia aurreko kontzertuek zuten formatu bera hartzean?

Azken urteetan oztopo asko pairatu ditugun arren, musika egiten jarraitu eta jarraituko dugu. Nola edo hala, haria ez etetea lortu dugu, nahiz eta batzuetan hari hau margotu, moldatu edota txikiagotu egin behar izan dugun. Bizitza bera bezala, egoera berrietara moldatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.