gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Kritika (I)

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Ezohikoa baita, atentzioa ematen du; atentzioa ematen du halako sakontasun eta perspektiba zabalez gaia lantzeak, zer eta sortu berri den podcast batean; denboraren orratzen presioari men egin gabe, testuingurua ondo azalduz, ñabarduren erretenei bidea irekiz, ahots desberdinei espazioa emanez, aritu ziren luze-zabal kultur kritikari buruz Kepa Matxain eta Jon Urzelai Basilika proiektuko Sakoneta saioan.

Ezohikoa baita, atentzioa ematen du; atentzioa ematen du halako gai konplexu mardulari erreplika modukoa emateak, zer eta molde idatzian, nola eta errespetu tonu dialektikoan; halaxe egin baitzuen Paul Beitia idazle eta GKSko militanteak Gedar aldizkarian, kultur kritikari buruzko bere ikusmoldea haizatu zuen, Sakoneta-n agerturikoetatik abiatuta, argudioak eta kontra-argudioak gehituz.

Ezohikoa baita gisako jarduna zarata eta farfailaren garai hiperazeleratuotan, sententzia erraza, egozentrismo konpultsiboa, bestea-ren erridikulizazioa ez denean anikilazio intelektuala bilatzen den garai deshumanizanteotan, eskertu egiten da molde horretako ariketa arnas-emangarria.

Gai interesgarri baten inguruan dinamika dialektikoa, tonu onean, eta edukiari helduz! Tumatxa!

Ez naiz GKSko militantea, baina interes biziz irakurri izan ditut Beitiak konbikzio bezainbateko elegantziaz han-hemenka idatzitakoak, baita mugimendu horretako kide izan ala ez, tradizio-ikuspegi marxista-materialistatik kulturaz idatzi izan dituztenen testuak ere. Ez hori bakarrik, aldi oro zerbait ikasi dudala iruditu izan zait. Garai prekarizatuok lagunduko zidaten horretan, zer duda egin, kultura jarduerak (musika tartean, nola ez) ikuspegi sozial-materialistagotik behatzen. Beharrezko begirada iruditzen zait, analisi osoago baterako elementu ezinbestekoak biltzen dituena, baina ez begirada oso bat ehuntzeko nahikoa.

Gauzak zer diren; antzekoa gertatzen zait gaur-gaurkoz nire baitan ohikoagoa eta pisu handiagoa izan duen begirada esteta-kulturalistarekin, Matxainek eta Urzelaik euren saioan nolabait lehenesten duten artearen autonomiaren aldarriarekin; ezinbestekoa begitantzen zait hura ere, baina ez nahikoa...

Eta, elkarren antagoniko ez, osagarri balira?

Edo beste zerbait...

Hasi da dialektika...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.