BI AHOTSETARA

Musikaltzaindia

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Egungo jaialdi modakoenen karteletan azaltzen direnen izenak harritzen nau. Taylor Swift eta Faith No More oholtza partekatzen? Zein da jaialdi hauen publiko objektiboa, diruaz gain? Artean denak balio al du? Entretenimendua artea al da? Marketin kanpaina batzuk zeinbait film indie baino hobeak dira. Mainstream eta undergrounden gisako banaketek ba al dute zentzurik gaur egun? Inoiz zentzurik izan badute, noski. Izan ere, Shakespeare ezaguna izan da beti, baina inork ez du dudan jartzen harena artea denik.

Artea hunkitzen duen oro dela esan genezake orduan, mundu eta esperientzia berrietara ateak irekitzen dizkizun makila magikoa. Emozioak horren aldakorrak dira, ordea... noizbait hunkitu nauenak orain ez banau hunkitzen, entretenimendu hutsal bihurtzen da? Orduan, entretenimendua artea izan daiteke? Zenbat metro daude entretenimendutik asperdurara?

Xabi Bandinik bere azken diskoan dioen bezala, «ez dut erantzunik galdera hobea bada». Baditut urteetan jasotako erantzunak, ordea, musikak hunkitu nauenetan gordetako emozioen hiztegi oso bat. Azkenaldian, ordea, hiztegiko orriak horitzen hasi dira; badirudi zintzotasun hitza ez duela jada Musikaltzaindiak onartzen, eta, horren ordez, pose kontzeptua erabiltzen dela.

Geroz eta gehiago kostatzen zait benetan emozionatzen nauen disko bat aurkitzea garrantzitsuagoa bilakatu denean bideoklip ikusgarri bat plazaratzea abesti on bat egitea baino. Zertarako egiten da ba musika, eta artea oro har, barruak askatzeko, komunikatzeko ez bada? Hasieran gustukoa izan ez arren, musika zintzoa dela sentitzen badut, aukera bat eman diezaioket, zerbait esateko izatea baita gakoa. Mezuren bat daukanak beti aurkitzen du moduren bat berau aldarrikatzeko. Kea saltzen zaigu, ordea, inoiz baino gehiago. Nik, aldiz, azaltzen ez dakidan baina sentitzen dudan zintzotasuna exijitzen dut, berdin zait mainstream-ean edo undergroundean. Ba al da, ordea, zerbait esateko duenik edo norbait entzun nahi duenik 30 segundo baino gehiagoz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.