gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Biba autotunea!

2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

Nirea da aurreiritzia. Mutil gazteen kuadrilla bat egokitu zait parez pare auzoan; 20ak betetzeke, txandal cool gris eta beltzak, kirol-jertse txanodunak eta zapatila zuriak jantzita. Orrazkera zainduak. Haietako batek sakelakoa eskuetan darama, bozgorailua lehertzear. Gerturatu ahala belarria tenkatu dut. Karol G eta Nicki Minajen Tusa; praust erori da nire aurreiritzia. Ez musikarekikoa. Ederra da kantua. Euskaraz ari dira gazteak, horra! Zumarraga-Urretxuetako kaleko euskara aski jorian aritu ere. «Ostia, entzun dezue Tanganaren berria? Deloastia dago», gazteetako batek. «Joder baietz. Deloastia», besteak.

Poz ttikiarekin Rosaeneara. Euskaraz ari zirelako poza, dituzten musika erreferentziak euskarazkoak ez direlako etsipentxoarekin nahastuta. Gogoratu dut, ordea, pop-rockaren belaunaldikook ere erreferentzia gehienak anglo-saxoiak izaten genituela, eta haiengandik eratorrita proposamen interesgarri ugari sortu zela gurean, 1970eko hondarretatik hasita. Rosari kontatu diot gertatua. Musika urbanoa deituaren maitale handia da Rosa; latinoa ezagutzen du batik bat. Haren arrapostua: «Euskaraz behar zenukete halakorik!». Izan badirela azaldu diot, nahiz eta oraindik saldoka ez izan. Eta pare bat bideo erakutsi dizkiot: J Martinarena bata; Kai Nakairena bestea. «Kontxo, oso ondo daude... Bata alai-dantzarakoa; bestea lasaiago entzutekoa», ebatzi du Rosak. Neu ere horretantxe.

Badira, aitzitik, erresistentziak musika horrekiko gure kultur mundutxoan, reggaeton, trap eta abarrekiko, baita autotunearekiko ere, musika txarraren paradigma direlakoan, edo hain gureak ez direlakoan. Eta, akaso, jabetu behar genuke, paradigma aldaketa bat gertatzen ari dela musikaren munduan, beste musika tresna bat gehiago dela autotunea, bere garaian gitarra elektrikoak pairatu zituen ezinikusiak pairatzen ari dena. Belaunaldi berriek, ordea, auzoko gazteek kasu, musika hori dute gustuko. Tabernetan hori entzuten dute (pandemia garaira arte behintzat) plazer handienez.

J Martina, Kai Nakai eta autotunea behar ditugu, aurreiritzi eta epai elitisten gainetik. Gero etorriko dira proposamen konkretuen inguruko iruzkin nahiz kritika. Gorputza eta dantza lehenik. Pop-rocka ere ez zen hain gurea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.