Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Zorionekoa zu!

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Horixe esan zidan gure zuzenekoetako soinu teknikariak, Ander Barriusok, Morphine taldea inoiz entzuna ez nuela esan nionean: «Zorionekoa zu!». Nik ez nuen ezertxo ere ulertu. «Ez al da, ba, zure gustukoa?», galdetu nion. «Noski», esan zidan, eta gero gehitu: «Edozer emango nuke momentu honetan Morphine lehen aldiz entzuteagatik».

Oroitzapenera itsatsia dut esaldi hori. Itsatsia dut, ordura arte ez nuelako inoiz entzun musikaren deskubrimendua (eta hitz hau diot aurkitu ordez, ez dudalako esanahi berbera duen hitz zehatzik ezagutzen euskaraz) horrenbeste goraipatzen zuen iruzkinik; edo behintzat nire buruak ordura arte ez zuen halakorik gorde. Kultura aisialdirako, burua erlaxatzeko, erabiltzen duen gizarte honetan, beti gabiltza ezaguna zaigun doinuaren bila, beti erremixaren erremixak egindako hamaikagarren berrirakurketa entzun nahian. Jaietan ezagutzen ditugun erritmoen gainean egin nahi dugu dantza; eta gure talde kuttunenen kontzertuetara goazenean ere, ezagutzen ditugun abestiak soilik entzun nahi ditugu, entzulego guztiarekin batera eztarria lehertzeraino abesten ditugun horiek.

Baina talde, bakarlari edota musika estilo bat bizitzan lehenbizikoz entzutea une magikoa da. Urradura xalo batez sartzen den ahotsak espero gabeko plazera ematen dizun momentu hori; erritmo bat zeraman bateriak, bat-batean, bira ulertezin bat eman eta knockeatuta uzten zaituen une hori; eskala aldaketa batek abesti bati haize freskoa ematen dionean; akorde maior bat espero duzunean, menorra sartu eta tripak nahasten dizkizunean.

Ezezagunak nagia ematen du maiz, are gehiago, beldurra, batzuengan errefusa ere bai. Zinemara gehienetan ezagutzen ez dugun pelikula bat ikustera joan ohi gara; baina kontzertu batera joateko, hobe duzu lehenbizi taldearen diskoa etxean entzun, ezer jakin gabe joan ez zaitezen. Zer du, ba, txarra kontzertu batean inoiz entzun ez duzun musika bat entzuteak?

2021 honek musika deskubrimendu asko ekar diezazkizuela espero dut, benetan. Ireki burua eta belarriak; itxi begiak. Eta utz iezaiozu musikari zure gorputzeko organo eta zentzu guztiak likido likatsu baten moduan hartzen. Anderrek esan zidan modura, zorionekoak zuek, oraindik ezagutzeke dituzuen talde eta artista ugariengatik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.