BI AHOTSETARA

Etxean gelditu

Lide Hernando.
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ez daramat denbora gehiegi musikan, eta oraindik bidean hainbat egia borobil ditut aurkitzeke. Aurrekoan, COVID-19aren hirugarren olatuak eragindako zeharkako itxialdi honek ekarri dizkidan momentu introspektibo horietako batean, egia borobil horietako batez jabetu nintzen. Badakit ez naizela penizilina deskubritzen ari, eta lotsa apur bat ere ematen dit esaldi hau hedabide honetan sasi-filosofo bat banintz bezala jartzeak, baina aizue, niri eragin zidan argitasun momentua partekatu nahi dut zuekin hemen. Hortxe doa, beraz:

Euskaraz sortu nahi baduzu, ahaztu ezazu unibertsaltasuna.

Badakit bistakoegia dela, baina benetan diotsuet badirudiela, egunerokoan, eta batez ere gazteok, ez garela honetaz kontziente.

Azken urteotan bonbardatu gaituzte arrakastaren inguruko diskurtsoekin; gure aberriaren produktu kulturala nazioartekotu daitekeela, euskaraz egiten duten taldeek munduaren beste puntan jarraitzaileak izan ditzaketela. Baina ez da guztiz egia. Eta hori, oro har, ez gertatzeak ez du zertan gauza txarra izan.

Salbuespena arautzat hartzea musikari eta kulturgile asko eta asko norgehiagoka hasi eta, luzera, frustrazio amaigabeetan erortzearen beldur naiz. Ni neu ere askotan erori naizelako joko emozional horretan, eta ez diot inori gehiago opa.

Arrakastaren idealizazioak, bestalde, euskal artista asko beste hizkuntza batzuetan abestera eraman ditzake, eta hori ere gertatzen ari den fenomenoa da. Nire iritziz, sintoma hori ez da txarra bere horretan; baina hizkuntza aldaketa hori arrakastaren izenean egiteak (nahiz eta altuan esango ez duten), horrek bai ematen didala tristura.

Nik euskaraz abestu nahi dut eta, orain arte behintzat, arrakastatsu izatea zen nire helbururik handienetarikoa. Arrakasta zer den azaltzeko ere Mr. Wonderfulen tankerako mila modu daude, baina funtsean denok puntu berera iristen gara: ahalik eta jende gehienak zu eta zure musika ezagutzean datza.

Beraz, horrek, logika matematikoa tarteko, ezin du musika euskara hutsean egitearen eskutik joan kasuen ehuneko altu batean. Baina... eta zer, etxean gelditu eta gurea zaintzen badugu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.