Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Fenomena(lak)

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Jendeak uste du rocka lengoaia zaharkitua dela eta garai onenak igaro direla. Bale, ba 45 urte dira Elvis Presley hil zenetik, eta mezu zaharrekin bueltaka ari gara. Betiko matraka. Gogoan daukat 1990eko hamarkada erdialdean ia inork ez zuela Pixies, Oasis edo Pavement entzuten Donostiako La Salle eskolan; ez zegoen batere modan gaztetxoen artean. Orduan lau katu baino ez ginen indie rock doinuen aldekoak. 1997an Radiohead taldeak Ok Computer diskoa Gaska aretoan aurkeztu zuen 1.500 lagunen aurrean, eta horien artean La Salleko lauzpabost friki musikazale geunden.

David Bowieren omenezko dokumental zoragarria dago egun ikusgai zinema aretoetan. Kritikaren eta publikoaren laudorioak jaso ditu merezimendu osoz. Baina dena esan beharra dago: belodromoko harmailak ez zeuden jendez gainezka 90eko hamarkadan, etengabe eraldatzen ari zen artista ikusteko. Ez, Bowie ez zegoen modan. Gay Mercader Bartzelonako rock promotoreak askotan errepikatu izan du: «Pikutara, bere garaian ikusi behar zen Bowie!».

Rockak beti izan ditu bere gorabeherak; ez da berria, aspaldiko kontua da. Begiak ireki behar ditugu, besterik ez. Abisu argi bat, ez gaitezen despistatu: San Mameseko eta musika jaialdi handietako kontzertuetan ez dago rock-and-rollaren erromantizismoaren arrastorik. Izerdia falta da, benetakotasuna. Pantaila batetik jarraitu behar da emanaldia, oso garestiak eta ezerosoak dira eta gehienei bost axola zaie aurrean dutena. Instagramen story bat igotzearekin nahikoa dute. BBK Live eta rocka oximoron bat da.

Leku espezializatuetara jo behar da, aretoetara. Ez dago beste irtenbiderik. Zarauzko Barley tabernara. Helldoradora. Dabadabara. Atabalera. Logroñoko Stereora. Granadako Planta Bajara. El Sol, Madrilen. Gaztetxeak. Eta gure inguruan ditugun rock jaialdi xume eta doakoetara. Bi gomendio, biak Gipuzkoan: Hondarribiko Fenomena eta Andoaingo Rock Jaialdia. Izerdiz blai eginda bukatuko duzue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.