Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Batis Kortajarena. Pultsulari ohia eta entrenatzailea

«Jendeak ez dezala kirol honetaz hitz egin, ezagutzen ez badu; min egiten du»

Halterofiliaren bueltan eman du bizitza Kortajarenak: kirolaria izan da, entrenatzailea, hautatzailea, epailea... Lanean erretiroa hartuta, nahi beste egiteko tartea aprobetxatu nahi du orain.
ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Maite Alustiza -

2017ko azaroak 19 - Villabona

Kopa eta medaila mordoa dute Villabonako (Gipuzkoa) Olaederra kiroldegiko halterofilia gelan. Oinetakoak txukun sailkatuta, eta argazki zaharrak paretan. Koltxonetak, pisuak eta bero handia. Han ordu ugari pasatutakoa da Batis Kortajarena (Zizurkil, Gipuzkoa, 1951) pultsulari ohi eta entrenatzailea. Oraindik ere, ez du gimnasioko atea guztiz itxi.

Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkartearen eta Danok Danena zure taldearen omenaldiak jaso dituzu aurten. Nola hartu dituzu? Ibilbidea bukaerara iritsi den seinale?

Egia esan, ondo. Bi aldeak daude; alde batetik, pozik. Ematen du jendea nolabait gogoratzen dela egin dituzun lanekin; eta beste alde batetik, pentsatuz ere hau jada bukatzen ari dela. Zorte handia eduki dut, jendeak maite nau, eta ezin da gehiago eskatu.

Taldea uzteko prest?

Lanetik iaz hartu nuen erretiroa, 65 urte betetzean, eta pixkanaka joan naiz abisatuz taldeko jendeari nik ere nire bizitza egin behar dudala; hainbeste urte, hainbeste ordu gimnasioan, nahi nuen beste zerbait egin. Entrenatzaile ikastaro bat eman nuen, eta taldeko gazte batzuek titulazioa atera zuten. Haientzat erraza da gazteei-eta zuzentzea: badakite teknika nola den, eta egin dezakete, baina zailena planifikazioa da; hori urteekin ikasten da.

Errugbian hasi zinen txikitan. Nolatan?

Donostian bizi nintzen. Bost urterekin joan nintzen hara; nire gurasoak Zizurkilen geratu ziren, eta ni izebarekin joan nintzen. 11-12 urterekin, futbola ez zitzaidan batere gustatzen, eta eskolan ez neukan beste aukerarik: edo hori edo atletismoa. Eta atletismoan hasi nintzen. Jakin nuenean Atletico San Sebastianen errugbi talde bat sortu behar zutela, joan egin nintzen, kuriositatez. Aitzindariak izan ginen; aurrenekoak Gipuzkoan, errugbian. Taldeak irabazi zituen ligak, kopak... Selekzioan ere zortzi urte-edo pasatu nituen. Asko gozatu nuen. Errugbia oso kirol garrantzitsua da pertsonaren izaerak-eta egiteko.

Nolakoa zen Donostian bizitzea? Itzultzen zinen herrira?

Ia galdu nuen euskara. Han, eskolan, kaxeroa nintzen; haiek sekula ez zuten ikasi euskaraz. Gero, urteetan, anekdota moduan igual galdetzen zidaten: «Hau nola esaten da euskaraz?». Pentsa ezazu. Donostian kalean ez zuen inork euskaraz hitz egiten, eta oporretan beti etortzen nintzen hona, aitarengana, eta honek bere bizi guztian ez zuen hitz bat ere esan erdaraz, ezta bat ere! Jakingo zuen, baina ez zuen esaten. Eta ni askotan joaten nintzen berarengana, bera konturatzen zen, eta: «E! Euskara mantendu».

Errugbitik halterofiliara, nola?

Errugbian jokatzeko nola ez nintzen handia, hasieran atletismoa egiten nuen udaran, eta, gero, denboraldia errugbian. Nire familiakoak pultsulariak ziren, eta beti ikusten nituen gimnasioan, altxatzen, eta grina neukan. Hasi nintzen, gustatu, eta udaran halterofilia egiten nuen, eta gero errugbian jokatu. Pixkana-pixkana, 35 urte inguruan, erretiratuz joan nintzen.

Garai hartan ezagutzen al zen halterofilia?

Orain baino gehiago, ezta konparaziorik ere! Irundik hasita, Errenteria, Herrera, Donostia, Intxaurrondo, Añorga, Hernani, Orio, Zarautz, Zumaia, Getaria, Arrasate... Horietan halterofilia taldeak zeuden. Liga izaten zen lehen maila, bigarrena eta hirugarren maila. Eta kirolari on asko ateratzen ziren maila bakoitzean. Orain hiru talde bakarrik geratu gara: Irun, Zarautz eta gu.

Hedabideetan ere, lehen presenteago, ezta?

Bai. Orduan hainbeste talde egonda, beti talderen bat bazebilen, festetan edo... Udaran, festa guztietan ateratzen ginen; deitu egiten gintuzten, eta hortik dirua lortzen genuen urtea pasatzeko. Kargatu trasteak, eta furgonetarekin, batera eta bestera, asko ibili ginen. Hura ere bukatu zen.

Atzerrira ere atera zinen, lehiatzera.

Italian izan nintzen, Frantzian, Ingalaterran; Portugalen ere dezente... Baina pultsulari moduan asko ez nintzen atera; entrenatzaile moduan, toki guztietara.

Errenteriako Beraun taldea garrantzitsua izan da zure entrenatzaile ibilbidean. Zer oroitzapen duzu gimnasio hartaz?

Beti gogoratzen naiz; niretzat erronka bat izan zen. Hasi nintzen entrenatzen belodromoan, Donostian, baina ez zen plaza oso ona gazteak-eta lortzeko. Lana egiten nuen Errenterian, fabrikan, eta Beraundik pasatzen nintzenean, ikusten nuen ume pila bat, eskola batean. Laneko lagun batzuen bidez sartu nintzen. Tokia oso egokia zen, eta azkenean umeen kupo bat jarri genuen. Atean egoten ziren zain, baten bat falta bazen sartzeko. Nik hori ez dut sekula ezagutu. Egon nintzen 1981etik 1988ra; gero, familiako istorioak zirela eta, Zizurkilera bueltatu nintzen bizitzera. Talde hura desagertu egin zen; nire pena handiena hori izan da.

Hura desagertu zen, baina beste talde bat sortu zenuen: Danok Danena.

Deskonektatu egin nuen bi urtez-edo: ez neukan gogorik, hiru ume, lana... Baina seme zaharrenak —orduan 12-13 urte izango zituen— eta haren lagunek pentsatu zuten Zizurkilgo festetan erakustaldi bat jartzea. Erronka zen bakoitzak bere gorputzaren pisua altxatu behar zuela. Sei-zazpi gaztek egin nahi zuten, nik pisuak neuzkan etxean, hasi nintzen erakusten, eta lortu zuten denek. Ez da erraza, eta pentsatu nuen han bazegoela etorkizuna. Haiek ere segi nahi zuten... Entxufatu nintzen, eta akabo. Orain arte.

Hasieratik animatu zen jendea Danok Danenara?

Bai, gazte pila bat. Hasi ginen Zizurkil Goiko frontoian, oraindik frontoia estali gabea zela. Neskak ere han hasi ziren; Gipuzkoan aurreneko neskak, Zizurkilen. Gero zortea eduki genuen handik eskolara jaitsi ginenean: boom-a izan zen. Kolpean 30, gero 40... Ezin sartu denak. Talde moduan dena irabazten genuen, hemen eta Espainian ere bai. Laguntza aldetik, gehien Zizurkilgo eta Villabonako udalek eman digute. Horiek izan dira hemen halterofilia mantendu dutenak.

Uste da halterofilian indarra dela garrantzitsuena. Ez da hala, ezta?

Uste okerra da. Nik frogatuta daukat. Taldeak-eta etortzen zirenean, beti egoten zen taldean indartsu bat, eta, hasten zirenean, indartsuari begira egoten ziren gainontzekoak. Indartsuak nahi du segituan pisua altxatu, eta indarra ez daukanak ahalegina egiten du teknika ondo ikasteko. Urtebete pasatzen zenean, indartsuak utzi egiten zuen, eta besteek harrapatua zuten. Beste ezaugarri batzuk inportanteak dira. Bat da elastikotasuna, bestea azkarra izatea, eta, bi horiek gehituta, potentzia lortzen duzu. Badaude ñabardurak. Emakumeak dira errazen ikasten dutenak. Emakume batek astebetean ikasten du altxatzen, izugarria da; eta mutilak igual pasatzen ditu hiru hilabete. Elastikoagoak dira, eta elastikotasun hori nolabait aprobetxatzen dute. Erraztasun handia daukate.

Askok ez diote izen onik jartzen halterofiliari.

Esango nukeena da jendeak ez dezala kirol honetaz hitz egin, ez badu ezagutzen; min handia egiten du. Gezurra da, adibidez, ez dela hazten. Hazten da, ondo eta asko. Ni bakarrik gelditu naiz txiki hemen! Noski, zure umea hasi baldin bada halterofilian, harro ari bazara esaten kalean, eta esaten badizute: «Baina nola halterofilian? Txikia geldituko zain!». Horrelako komentarioak...

Gipuzkoako lehen emakumeak Zizurkilen hasi zirela aipatu duzu. Gero eta gehiago dira?

Bada, ez. Hasieran, bi-hiru neska hasi ziren hemen; gero, lortu genituen 10-12 neska, maila handikoak. Baina Villabonara etorri ginenean neska gabe gelditu ginen. Bat edo beste eduki genuen, baina urte mordoxka bat pasatu dugu neskarik gabe. Orain, zortzi bat-edo badaude. Ea berriro animatzen diren.

Zer moduzkoa da semeak entrenatzea?

Familia osoa eduki dut! Ilobak eta hiru seme. Zaharrena Madrilen egon zen, Blumen [errendimendu handiko zentroa], bigarrena ere bekarekin, Bartzelonan, eta txikiena orain doa Espainiako txapelketara, 14 urterekin. Ni oso gustura, eta ikustea aita baino hobeak direla... Denak futbolarekin hasten ziren, eskolan eta abar, baina pixkana «aita, erakutsiko al didazu?» esanez etortzen ziren. Nik ez nien ezer esaten.

2000. urtean, Sydneyko Olinpiar Jokoetan izan zinen, entrenatzen zenuen kirolari batekin. Nolako esperientzia izan zen?

Ikusgarria. Jon Tecedor pultsularia pisu handietan ateratzen zen, eta halterofilian hori izaten da gorena. Gure taldekoa han ikustea, 25 urterekin, haiekin parez pare... Esperientzia izugarria. Horren ondoren, Mediterraneoko Jokoak izaten dira. Hor arabiarrak-eta joaten dira... Lehia daukate beren artean, eta oso polita izaten da.

Maila aldetik, hemengoa konpara daiteke beste herrialdeekin?

Gertatzen zaiguna da nahiz eta jende gutxi eduki, kalitatezkoa dela. Baina halterofilian laguntza gehien daukatenak dira galiziarrak, Melilla, Kanariak eta Katalunia. Gu diru laguntzarik gabe gaude, ezer gabe. Funtzionatzea horrela izaten da ni bezalako txoro batzuk daudelako. Baina beste horietan daude entrenatzaile profesionalak eta errendimendu altuko zentroak. Guk daukagu hemen zentro bat, Getxon [Bizkaia], baina hor dago, alferrik, funtzionatu gabe. Pena da, hemen aukerak badaudelako, baina betikoa, dirua gastatu behar da.

Hautatzaile ere aritu zara Espainian. Zer eman zizun horrek?

Hasi nintzen nazioartekoetara joaten hemengo kirolariekin, entrenatzaile moduan. Han, ikusiz nola ibiltzen nintzen, hautatzaileari gustatzen zitzaion, eta hartzen zidan denboraldi osorako. Noski, orduan lan egiten nuen! Baimenak-eta eskatzen ibiltzen nintzen. Gero, eskaini zidaten hautatzaile batzordean egotea. Oraindik segitzen dut; nahi nuen utzi, baina... Hamabost urte badira.

Epaile izatea erraza da?

Entrenatzaile batek jakin behar du epaile batek dakien dena; erakutsi behar diozu gazteari zer egin behar duen, zer ez... Titulazioa daukat, baina epaile gisa ez dut asko funtzionatu. Orain dela gutxi kurtso bat eman dugu, interesatzen baitzaigu epaile emakumeak izatea. Pisaketak egiterakoan, arroparekin pisatu behar zuten, gizonezkoak zeudelako eta horrelakoak. Erregelamenduak esaten du emakumeek pisatu behar dituztela emakumeak.

Korrika ere ibili zara urte askoan: maratoiak, Behobia-Donostia... Afizioz gehiago, edo halterofiliarako prestaketa moduan?

Zizurkilera etortzean, kirola utzi nuenean, hasi behar nuen zerbait egiten. Bizi guztian kirola egin duenak ezin du derrepente utzi. Kuadrilla bat zegoen korrika ibiltzen zena. Beti gustatu izan zait, eta haiekin elkartu nintzen. Gogoratzen naiz aurreneko urtean jada maratoia egin nuela. 1993an, Munduko Kopa, Anoetara [Donostia] ailegatu ginen; guk estreinatu genuen futbol zelaia. Hamar maratoi egin nituen segidan, eta maratoi erdiekin kontua galdu dut. Gustura, baina lesioak ere hala etorri ziren: belaunak izorratuta, meniskoak, Akilesen orpoa... Txikizioa. Orain, igeri eta bizikleta, ez dago beste erremediorik!

Lanean erretiroa hartuta, zein da zure egunerokoa?

Nire ilusioa beti da jaiki eta ea zer giro egiten duen ikusi: ateri baldin badago, baratzea, eta euri badago, kiroldegira, bizikletan aritzera eta igeri egitera. Arratsaldean, ez lehen bezala, baina 18:00-18:30etik 21:00etara kiroldegian egoten naiz jendearekin, gimnasioan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Herritar ugarik produktuz beteriko poltsak utzi dizkiete Elikagai Bankuko boluntarioei. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Elkartasunez bete dira orgak

Aitor Biain

Hego Euskal Herriko Elikagai Bankuek bilketa nagusia egin dute, urtero bezala. Ehunka tona elikagai eta oinarrizko produktu bildu dituzte dendetan eta supermerkatuetan.
 ©Gorka Rubio / FOKU

«Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan»

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Trantsizioa egitea, nola esan... zoriontasun eztanda bat da»

Iker Tubia

Gorputza estaltzen duten babesetan gordetzen da Gomez izotz hockeyan aritzeko. Ia bizi osoan gorde behar izan du emakume zela, baina orain ez du ezkutatzen. Partida hor dago oraindik.
Gazte Euskaltzaleen Sarekoek protesta egin zuten EITBren Bilboko egoitza aurrean, azaroaren 16an. ©KLAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.