Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

G puntua

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ez omen da euskal kultura kontsumitzen. Egon, badaude nahi adina disko, liburu, antzerki, film... euskara hutsean, baina horiek hartzaile kopuruarekin alderatuta, konparazioa ez da 1:1 eskalara iristen. Euskararen erabilera eta sormena bultzatzeko ekimenak, Euskal Herri txiki honetan, gehiegi omen dira biztanleko; gehiegi, sortzen duten intereserako. Ahalegina alferrik da: euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hitz egiten ari garen honetan, euskal kulturak G puntua falta du.

Zer behar da euskararen ohea goxatzeko? Non dago arazoa? Zertarako jarraitu euskal kantuak egiten, euskal himnorik berrienak 30 urte baditu? Zertarako, Euskaraldiarekin gertatzen den bezala, gizartea euskaraz abesten ikusteko abagune bakarra Kilometroak, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Araba Euskaraz eta Herri Urrats bezalako lekuak badira? Leku antolatuak, prefabrikatuak, errealitate antzeztuak. Euskararen erabilera porno filmetako postura ezinezkoekin aldera daiteke? Imitatzen saiatu arren, inoiz egiten amaitzen ez duzun hori, nagiagatik akaso, plazerik ematen ez dizulako agian?

Nik aspaldi egin nuen sortzen nuen guztia euskara hutsean egiteko hautu politikoa. Zeren bai; pertsonala politikoa den bezala, kulturala ere politikoa da, eta askatasun pertsonaletik urruntzen den kontzeptua izan daiteke; azken finean, niri bizitzaren egunerokotasunean ez zait ateratzen %100ean euskaraz hitz egitea, ezta euskara ulertzen eta arnasten den eremuetan ere. Konpromiso politiko gisa hartzen dut euskaraz sortzea eta, beraz, nire askatasunetik atera zitekeen hori ideal handiago baten arauen menpe jartzen dut gauzak musikaren bitartez adierazterakoan.

Koherentea da, orduan, sortzen dudan musika oro euskaraz izatea, egunerokotasunean ez badut erabiltzen? Adarrak jartzen ari natzaizkio euskarari hori egitean? Zintzoa da, sortzen dudanaren %100 euskaraz den bitartean, nik entzule bezala euskaraz kontsumitzen dudana %50era sikiera ez iristea?

Musikaren bitartez gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiten dugu txort... barkatu, euskaraz. Baina euskal kulturaren G puntua aurkitu gabe jarraitzen dugu, duela 50 urte emakume askok bere klitoria aurkitzen ez zuten bezala. Ikusiko duzue ze flipea aurkitzen dugunean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.