Iruzurra lehiaren arauetan

Eraikuntzaren G7koa, eraitsia

Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak eraikuntzako enpresa handiak —Acciona, Dragados, FCC, Ferrovial, OHL eta Sacyr— zigortu zituen joan den astean, 203 milioi euroren isuna jarrita. Enpresa horiek eta izena argitu gabeko beste batek 'G7koa' deitzen zuten koordinazio talde bat eduki zuten 1992tik 2017ra, 25 urtez: iruzur egin zuten milaka lehiaketa publikotan txosten teknikoak partekatuz, dirua aurrezteko. Euskal Herriko lehiaketa publikoetan ere egin zuten iruzur

mikel p ansa
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Nola funtzionatzen zuen eraikuntzaren G7koak?

Astero-astero biltzen ziren, enpresa bakoitzaren egoitza nagusian, txandaka, enpresen izenaren atzekoz aurrerako ordena alfabetikoan. Funtzionamendu araudi bat eta irizpideak idatziak zituzten, eta sekretupean gorde behar zen koordinazio gune hori.

Ikusi gehiago:Kontraesanak

Bilera bakoitza enpresa batek koordinatzen zuen, gai zerrenda zehatz batekin. Bat: azkeneko astean argitaratutako lehiaketa publikoak aztertzen zituzten. Bi: eztabaidatzen zuten ea obra horietako zeinetan zuten txosten teknikoak partekatzeko interesa. Hiru: enpresa batzuek lehiaketa bateko txosten teknikoak partekatzeko asmoa izanez gero, erabakitzen zuten ea lehiaketa publikoaren zer atal koordinatu, zein enpresek parte hartuko zuten, zein aholkularitzari enkargatu lan horiek, eta G7ko nork koordinatuko zuen zeregina. Lau: aurreko bileretan martxan jarritako lanen jarraipena egiten zuten. Bilera aurretik eta ondoren, datu base batean jasotzen zuten informazioa, eta aldi oroz partekatzen zuten. Posta elektronikoz koordinatzen ziren bilera eta bilera artean.



Baina zertarako koordinatzen ziren?

Obra zibiletako lehiaketa publikoetara aurkezten diren enpresek dokumentazio ugaria aurkeztu behar izaten dute: neurketa teknikoak, ikerlan geoteknikoak, topografikoak, segurtasunari eta osasunari buruzko azterketak, ingurumen eraginei buruzkoak... G7ko enpresek lehiaketa baterako lanak partekatzea adosten zutenean, aholkularitza enpresa jakinei eskatzen zizkieten txostenak —lista bat zuten, eta ordena jakin baten arabera enkargatzen zizkieten lanak—.

Ondoren, G7ko enpresa bakoitzak pertsonalizatu egiten zituen dokumentu horiek, aldaketa txikiak eginda eta bere izena eta logotipoa jarrita, eta funtsean dokumentu tekniko bera aurkezten zioten administrazioari, bakoitzak berea egin izan balu bezala. Dirua aurrezten zuten horrela iruzur eginez, lehiaketa batera aurkezteko enpresa bakoitzak bere azterketak egin beharko lituzkeelako berez.

Ez ziren G7ko enpresa guztiak lehiaketa guztietara aurkezten, bakoitzak erabakitzen zuen zeintzuetan parte hartu. Obrarik handienetako lehiaketa gehienetan, berriz, zeinek bere aldetik egiten zituen txosten horiek.

Zer-nolako lehiaketatan egiten zuten iruzurra?

Era guztietako azpiegitura zibilak eta eraikin publikoak egiteko lehiaketatan koordinatzen ziren: errepideak, ospitaleak, araztegiak, trenbideak... Administrazio maila guztietako lehiaketatan egin zuten iruzur: udalak, diputazioak, instituzio publikoen erakunde pribatuak, gobernu autonomoak, Espainiako Gobernua... Hego Euskal Herriko administrazioen lehiaketa ugaritan jokatu zuten horrela, baina ezin da jakin zehazki zenbatetan.

G7ko enpresen arabera, lehiaketa publikoen %5etan soilik egin zuten iruzur hori. Halere, milaka eta milaka izan ziren. Sacyrrek, adibidez, 8.000 lehiaketa publikotan baino gehiagotan partekatu zituen txosten teknikoak beste enpresekin, 2002 eta 2016 artean.

Zenbat diru aurreztu zuten iruzur horrekin?

FCCren barne mailako 2016ko dokumentu batek aipatzen du koordinazio talde horren asmoa: «Azpikontratatu edo kanpora atera ohi diren lanak partekatzea da helburua, lanak partekatuta kostua ere banatzen baita, bistan denez, eta dirua aurreztu bailiteke». Enpresek eurek emandako datuen arabera, batez beste, urtero 300.000 eta 500.000 euro artean aurrezten zituen enpresa bakoitzak, iruzurrari esker. G7koak koordinatzen aritu ziren azken urtean, 2016an, 725.000 euro gastatu zituzten zazpi enpresa horiek proiektu partekatuetan. Enpresa bakoitzak txosten horiek bere kasa enkargatu balitu, 2.850.000 euro ordaindu beharko zituzketen guztira. Alegia, 2,1 milioi euro aurreztu zituzten, urte bakarrean. Baina 2010 aurretik askoz gehiago aurrezten zuten, txosten tekniko horiek krisi handiaren aurretik askoz garestiago fakturatzen zirelako. Adibidea: Sacyrrek berak bakarrik lau milioi euro aurreztu zituen 2007an, urte bakarrean. 2011 aurreko daturik ez dute eman beste enpresek.

Zergatik zigortu ditu Lehiaren Batzordeak?

Merkatu librea, kapitalismoan, lehiakortasunean oinarritzen da, eta Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak ondorioztatu du printzipio hori urratu dutela G7ko enpresek: «Merkatuaren funtzionamendu lehiakorrak exijitzen du eragile bakoitzak bere jokaera erabakitzea eta bere erabakiak hartzea era independentean, erabaki horiek modu itunduan hartzen badira merkatu librearen jokoa faltsutzen baita, lehia mugatu egiten denez».

Lehiaren Batzordeak bi akusazio egin dizkie G7koei: batera egin ezin zituzten lan batzuk partekatzea, eta informazio komertziala ere partekatzea. Arau hauste larritzat jo du, lehiakortasunari kalte egiten diotelako praktika horiek, eta enpresa horiei abantailak eman dizkielako sektoreko beste enpresen aurrean. Administrazio publikoei kalte egiten zietela ere ondorioztatu du, lehiaketara aurkeztutako proiektuen aniztasuna mugatzen zutelako iruzurrarekin.

Ezohikoak dira era horretako iruzurrak?

Ez. Eraikuntzako enpresa handiek maiz urratu dituzte merkatu librearen printzipioak. 2015ean, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak 35 eraikuntza enpresa zigortu zituen —tartean ziren ACS, FCC, Ferrovial eta Sacyrren filialak—, zaborrak kudeatzeko lehiaketa publikoak euren artean partitzeagatik.

2019an, Abengoa, ACS, Indra, Isolux, OHL, Sacyr eta dozenaka enpresa eta filial zigortu zituen, trenbide sareko elektrifikaziorako lehiaketa publikoak elkarren artean banatzeagatik.

Urte berean, muntaketa industrialeko zerbitzuak ematen zituzten enpresa batzuk zigortu zituen Lehiaren Batzordeak, tartean ACSren eta Sacyrren filialak, prezioak adostu eta garestitzeagatik.

Eta 2021ean, Espainiako Sustapen Ministerioaren errepideetarako lehiaketa publikoak euren artean banatzeko kartel bat osatzea leporatu zieten G7ko enpresei eta Elecnorri.

Parte hartu zuten Euskal Herriko lehiaketetan?

Lehiaren Batzordeak lagin txiki bat argitaratu du, eta horretan ikus litezke G7ko enpresek 2008 eta 2017 artean iruzur egindako lehiaketa publikoetako batzuk. Horien artean badira Euskal Herriko administrazioen bederatzi obratako lehiaketak, baina pentsatu behar da askoz gehiago izango zirela, milaka lehiaketari eragiten baitie iruzurrak. Hauek dira argira atera direnak:

2007, Interbiak. Bilbo hegoaldeko saihesbideko zati batzuetako lanak, Trapaga eta Larraskitu artean.

2010, Gipuzkoako Foru Aldundia. Hernaniko hego saihesbidea bikoizteko lanak.

2011, Bizkaiko Foru Aldundia. BI-2731 errepidearen saihesbideko lanak, Leioan, EHU inguruan.

2012, Eusko Trenbide Sarea. Ermuko trenbide zatiaren lanak.

2013, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa. Butroe ibaiaren saneamenduaren bigarren faseko lanak, Billela mendebaldean.

2013, Bilboko Udala. Deustuko kanalaren irekiera eta Zorrotzaurreko irlarako sarbidea.

2014, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa. Undurragako presaren bypassa, Zeanurin.

2015, Uraren Euskal Agentzia. Sukarrieta eta Lamiarango araztegiaren arteko hodi biltzaile orokorra eraikitzeko lan batzuk.

2016, Arabako Foru Aldundia. N-124 errepidea autobia bihurtzeko obra eta Berantevillako saihesbidea eraikitzeko obra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.