Indar aurrerakoiek euren burua jo dute eskuinak gerarazteko errezetatzat, eta EAJk, berriz, PSOEren eta PPren arteko polarizaziotik ihes egin eta Madrilen «Euskadiren interesak defendatzeko» beharra nabarmendu du. PPk, berriz, ziurtzat jo du garaipena, eta botoa eskatu du Pedro Sanchez gobernuburua eta haren kideak gobernutik kanporatzeko.
EAJ
Aldea markatu» nahianOhi legez, Bilboko Areatzan amaitu du EAJk hauteskunde kanpaina, eta, alderdiaren hautagaiek ez ezik, buruzagi nagusiek ere hartu dute parte ekitaldian. PSOEren eta PPren arteko polarizaziotik ihes egin nahi izan dute jeltzaleek, eta Sanchezen eta Alberto Nuñez Feijooren arteko lehiaren aurrean «aldea markatzera» deitu dituzte hautesleak: «EAJ da euskal herritarren interesak Madrilen hobekien defendatuko dituena», esan du Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak. Kritikatu du «abertzale deitzen diren batzuek» Sanchezi babesa «musu truk» ematea: «Gurekin ez da hori gertatuko. Gure babesa nahi badu, konpromiso zehatzak hartu beharko ditu».
Kongresurako hautagai Aitor Estebanek aipagai izan du Gasteizko Udaleko batzordeen presidentetzen banaketa, eta esan du «EH Bilduren eta PPren arteko akordioa» egon dela: «Besteoi salaketa faltsuak egotzi, eta eurek PPrekin adostu; ez dira fidagarriak».
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, berriz, goretsi du «Euskadin dagoen ongizate eta bizi kalitatea», eta bide horretatik jarraitzeko EAJren aldeko botoa eskatu du: «Beharrezkoa da Euskadiren ahotsa Madrilera eramatea».
EH BILDU
«Batzen duen ezkerra»EH Bilduk Donostian egin du kanpaina amaierako ekitaldia, eta han koalizioko eledunek «batzen duen ezkertzat» definitu dute EH Bildu. Botoak koalizioaren zerrenden inguruan biltzeko deia egin dute; esan dutenez, beharrezkoa da «gehiago» izatea, horrela «gehiago egin ahal izateko eta are urrutiago iristeko».
Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak nabarmendu du EH Bildun ardura instituzionala hartzen dutenak aurreko zereginetara itzultzen direla ardura amaitutakoan: «Hemen ez dago prebarikazioagatik ikertzen ari diren kargudun politikorik, edo ustelkeriaz akusatua izan denik ere. Hemen jende konprometitua dago, herria maite duena, beste politika mota bat egiten duena».
Kongresurako hautagai Mertxe Aizpuruak esan du boto emaileen indarra behar dutela «bidea egiten jarraitzeko». Senaturako hautagai Gorka Elejabarrietak, berriz, esan du EH Bildu «sindikalisten, independentisten eta feministen etxe komuna eta fronte zabala» dela: «Oraindik badago lekua askorentzat».
PSE-EE / PSN
Aurrera edo atzera»PSOEren alde bozkatzeak zer ekarriko duen azaldu du Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakari Maria Txibitek. Uztailaren 23an bozkatzea «beharrezkoa» dela adierazi du, jokoan dagoelako eskubideetan «aurrera» edo «atzera» egitea: «PSOEri botoa ematea aurrera egitea da, hala nola giza eskubideetan eta garapen ekonomiko inklusibo eta jasangarrietan».
Horrez gain, azaldu du zer ekarriko duen eskuinari botoa emateak; hain zuzen ere, «atzera» egitea: «Kultur lanak eta haurrendako filmak zentsuratu dituzte, LGTBI kolektiboa ikusezin bilakatzen ari dira, eta indarkeria matxista eta klima aldaketa ukatzen ari dira». Gaineratu du jokoan daudela Nafarroako eskumenak: «Francok bezala, trafiko eskumena kendu nahi digute, eta dena zentralizatu». Halaber, nabarmendu du beste esparru askotan eskuinaren politikek zerikusi «handia» dutela frankismoarekin. Horregatik, bozkatzearen garrantzia azpimarratu, eta «etxeetan botorik ez geratzeko» deia egin du.
PSE-EEk, berriz, PP izan du jomugan Portugaleten (Bizkaia) egindako ekitaldian, eta hari egin dizkio kritikarik gogorrenak. Eneko Andueza idazkari nagusiak esan duenez, Pedro Sanchezen gobernuak «gardentasuna eta zintzotasuna» izan ditu ezaugarri nagusi, eta «eredu» da Europan; PP, aldiz, «gezurretan» aritzen da etengabe.
Anduezak ere Gasteizko udal batzordeetako presidentetzen banaketa erabili du PPri eraso egiteko: «Guk akordioak egiten ditugunean esaten digute ez garela duinak, baina haiek ez daukate eskrupulurik».
SUMAR
«Bizitza onak» helburuSumarren Gipuzkoako zerrendaburu Pilar Garrido botoa nori eman zalantzan daudenei eta abstentzionistei mintzatu zaie, ezkerreko koalizioaren hauteskunde kanpaina itxi duen Donostiako ekitaldian: haien botoa Sumarren aldekoa izan dadin eskatu die: «Ezin da etxean geratu inor ere. Zuen konfiantza eskatzen dizuet Euskadin bizitza onak, seguruak eta askeak bermatu nahi badituzue, eskuin muturra gure bizitzetan sar ez dadin». Garridok ziurtatu duenez, Sumarren aldeko botoa baino ez da «bermea gutxieneko soldata igotzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, pentsio duinak lortzeko, klima aldaketaren aurkako neurri eraginkorrak hartzeko, etxebizitza arrazoizko prezioan eskuratzeko eskubidea ziurtatzeko eta kalitatezko osasun publikoa eta unibertsala izateko». Euskal herritar guztientzako «bizitza duinak eta zintzoak» bermatu behar direla azpimarratu du.
PP
«Egun historikoa»Gasteizen egindako ekitaldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidente Carlos Iturgaizek ziurtzat jo du PPren garaipena Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta esan du biharko eguna «historikoa» izango dela: «Azkenik lortuko dugu Pedro Sanchez gobernutik egoztea, eta harekin batera herrialdea hondatzen ari ziren ETAren aldekoak, independentistak eta komunistak». Haren esanetan, horretarako aukera bakarra PPri botoa ematea da, gainerako alderdiak «Sanchezen makulu eta morroi direlako: «Ez dago aitzakiarik».
UPN
«Sanchismoa» jomuganMaiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan 92.000 nafarrek eman zioten botoa UPNri, eta baliteke boto emaile horietatik dezentek PPra jotzea, EITB Focus inkestaren arabera. Zulo hori estali nahian azaldu da UPNko Kongresurako zerrendaburu Alberto Catalan, mezu argi bat emanez: «Uztailaren 23an ez dute inolako aitzakiarik beste baten alde bozkatzeko; alderantziz, UPNri emandako konfiantza berrets dezakete; horrela eginez gero, Nafarroako zentro-eskuinak gizartea gidatzen jarraituko du».
Edonola ere, PPren aurrean UPNk botoa galduko duelako kezka islatu du eguneko mezu nagusian sakonduz: «Botoa sakabanatzen badugu, ez badugu UPNren barruan pilatzen, PSNren zerrendak lortuko luke boto gehien, nafar gehien-gehienek nahi ez dutena, hain justu ere». Eta sotiltasunak alde batera utzita, baieztapen biribila egin du: «Uztailaren 23an, Nafarroan, PPren eta Voxen alde bozkatzea PSNri diputatu bat oparitzea da».
GEROA BAI
Boto «eraginkorra»Geroa Bairen alde bozkatzea zer den adierazi du koalizio horren Kongresurako zerrendaburu Maria Solanak kanpainako azken egunean: «Eskuinak geldiarazteko eta Nafarroa politika aurrerakoien enbaxadorea egiteko aukera bat; eta [Espainiako] Estatua Nafarroarentzat eta antzeko erkidegoentzat oztopo izan ez dadin berme bat; Nafarroan ongi egiten direlako gauzak, eta ongi egiten jarraitu nahi dugulako, anbizioarekin, Nafarroako gizon-emakumeen ongizatearen alde». Horregatik guztiagatik eskatu du botoa Geroa Bairentzat.
Biharko bozei begira emandako azken mezua «eraginkorra den botoarekin» lotu du Solanak: «Historiak erakutsi digu Geroa Bai dela indar nafar bakarra Madrilen, Nafarroa progresistari balioa emateko, euskaltzaletasunari, feminismoari, eta beti bere ahotsez».
Geroa Bai koalizioak diputatu bat izan zuen Espainiako Kongresuan, 2004tik 2015era: Uxue Barkos. Nafarroako presidente ohiak eserleku hori galdu zuenetik, ez da berriro izan ganbera horretan Geroa Bairen ordezkaririk. Solanak diputatu hori berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du: «Eskuinaren eta eskuin muturraren aurkako partida Nafarroan jokatzen da lehenik, eta eskuinari irabazten zaio diputatuak kenduz».