Ardogintza. Mahats bilketa

Lehortearen uztak bilketa astuna dakar

Eguraldi lehorrak %20 inguru apalduko du 2022ko uzta Arabako Errioxan. Mahats aleak txikiak dira, eta azidotasun apala dute. Litekeena da horrek urteko ardoen kalitatean eragitea, baina egurrerako gordetzen den zukua ez du zertan hondatu. Bastidako kooperatiban buru-belarri dabiltza jadanik mahats bilketan.

Mahats bilketa betean ari dira egunotan Bastidan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
Bastida
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun

Ez da mahats bilketa erraza izaten ari. Lehorteak gogor jo du azken hilabeteotan Arabako Errioxan ere, eta horrek uztaren ohiko epeak aldatu ditu. Behe Errioxatik gora etorri ohi diren biltzaile kuadrillak oraindik Ceniceron edota Uruñuelan (Errioxa) dabiltza, eta Bastidan (Araba) zailtasunak dituzte behar beste biltzaile kontratatzeko. Baina Bastidako kooperatiban ez dute ilusiorik galdu. «Ziurgabetasuna hor dago, irregulartasun handia dugulako mahastian, bai kalitateari, bai kantitateari begira», azaldu du Iñigo Rubiok (Bastida, 1984), Bodegas y Viñedos Labastidako kudeatzaile eta zuzendariak.

Ikusi gehiago: Arabako Mahastiak ez da aurten hasiko, «baimena ez delako garaiz iritsi»

60 urte inguruko mahatsondoen artean hitz egin du kudeatzen duen enpresaren inguruan, talaia eder batean, Briñasera (Errioxa) eta Ebrora begira. Eskuinean Toloño mendilerro ikonikoa dauka, eta haren magal amaigabea mahastiekin zipriztindurik ikusten da. «Mahasti batzuetan jatorri izenak ezarritako kupoa lortzen ari gara, eta beste batzuetan oso azpitik gabiltza». Alegia, oro har, ohi baino txikiagoa da mahats alea, eta biltzaileek nabaritzen dute hori jardun gogorrean. «Gehiago kostatzen zaigu otarrak betetzea; lan handia egin behar da pisua lortzeko», dio biltzaile taldeko kide batek.

Eta zer ondorio ekarriko duen mahats txikiagoak eta azidotasun apalekoak? Batez besteko uzta baino urriagoa. «%10 eta %20 artean apalduko da uzta», zehaztu du Rubiok. Baina uzta da gauza bat, eta ardoa saltzea bestea. Upategiek nahi dutena da salmentak handitzea, eta agertokia ez da erraza helburu hori betetzeko. «Gutxiagorekin gehiago egin behar dugu urtetik urtera, hori da gure errealitatea», dio Bastidako upategiko buruak; «baldintzak gero eta gehiago okertzen ari zaizkigu urteotan, eta inoiz baino eraginkorragoak izatea lortu behar dugu gure proiektua aurrera ateratzeko». Esportazioen inguruan ezagutarazi den azken datua ere ez da ona. «Gero eta zailagoa da ardo botila bat saltzea atzerrian; beste jatorri izen batzuen azpitik gabiltza horretan ere, eta zerbat ez dugula ongi egiten islatzen du».

Proiektu berri baten ilusioa

Baina Solaguen eta Manuel Quintano marken upategi ekoizlea hazi egin da pandemiaren urteetan. Proiektua lehertzeko zorian zela hartu zuen lema Rubiok, 2018an. Zor handiko zama dauka Bastidako kooperatibak, baina Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta inbertitzaile pribatu baten babesarekin bideragarri egiten ari dira, zorra pagatzeko bide orria betetzen ari baita zuzendaritza. Hemeretzi langileri enplegua ematen dio enpresak; 80 bazkide ditu, eta 300 hektarea mahasti. «Ez naiz ezkorra, baina orain inoiz baino gehiago egin beharko dugu lan ona: pandemiak berak baino kalte handiagoa egiten ari zaigu Ukrainako gerrari lotutako inflazio handiko egoerak», esan du Rubiok.

Briñastik Guardiara doan errepidean (N-232A), aurrera eta atzera ikusten dira mahatsez beteriko traktore txikiak. Harorako bidean ere (A3202) desfilea ez da txikiagoa. Talaia ederreko mahastian ari dira biltzaileak, baina ez dute astirik paisaiarekin akordatzeko. «Espero genituen eskaera batzuk ez dira iritsi, edo berandu iristen ari dira. AEBetan, berriz, bezero berriak lortu ditugu. Ikusiko dugu urte bukaera nola ixten dugun», esan du Rubiok, zuhur.

Edonola ere, bastidarrak oso argi dauka bizirauteko formula desberdintzea dela: «Errioxako izen jatorrian proiektu desberdin ugari daude, eta oker izugarria da denak zaku berean bageunde bezela plazaratzea. Kontseiluak azpieremuak desberdintzen uzten du orain, baina zailena egiteko dago: nola helarazi merkatuari ardo oso desberdinak garela, negozio oso desberdinak garelako, eremu oso desberdinetan».

Rubiok dudarik ez dauka Errioxako jatorri izenaren barruan segitzeko hautuaren inguruan, «gauza asko gaizki egin dituzten arren». «Gure upategia ez da bizi markari esker gaur egun, eta Errioxaren aterkia behar du. Desberdintzeko lanari ez diogu uko egingo, baina Errioxaren barruan». Arabako Mahastiak bidea egiten hasiko balitz, «beste tresna bat» izango litzatekeela uste du, betiere desberdintzeko helburuarekin, eta Bastidako kooperatiban tresna horren eboluzioa aztertuko lukete, «jakiteko Errioxatik ateratzeko bezain tresna ona den ala ez».

Mahastizainen ahulezia

Upategiek ez badute salmenta jario bizi bat lortzen kate osoan sumatzen dute, eta kate horren oinarrizko begia mahastizainak dira. Aurten, 0,80 euro inguruan egongo da batez besteko prezioa; hori da Bastidako kooperatibaren aurreikuspena, baina ezin da ahaztu upategi handietan ardo kaxa ugari daudela biltegietan, azken urteotan apartekotasunaren ondorio gisa, eta hori ez da seinale ona familiaren mahastian urte osoan izerdiak botatzen dabilen nekazariarentzat. «Abuztu hasieran mahatsa ez diotela erosiko jakin duenik bada Bastidan. Sona handiko upategiak dira batzuk, baina ez dute jokatzen gero izen horren pare», esan du Cesar Castrok, Bastidako kooperatibako ingeniari teknikoak.

Kooperatiba izatearen abantailetako bat da hori, hain zuzen: bazkideek ziurtatuta daukate mahatsa salduko dutela eta haren truke bidezko prezioak jasoko dituztela. Baita aurtengo moduko urte konplikatu batean ere. «Oso urte zaila da hau», esplikatu du Castrok: «Lehorteak heltzeko prezesua blokeatu egin du eremu batzuetan, eta beste batzuetan ez, eta irregulartasun horrek dena aldrebesten du». Castrok aho bilorik gabe dio litekeena dela kalitate ertaineko ardoek koska bat behera egitea lehortearen ondorioz; egurrerako ardoek, aldiz, ez: «Batzuei mesede egingo die».

Eta gero biltzaileak kontratatzeko zailtasunak daude; «gero eta zailagoa zaigu jendea aurkitzea», ziurtatu du Castrok. «Pandemiaren aurreko egoera ez da itzuli, eta bertako jendearekin gabiltza sarritan, hegoaldeko kuadrilla osoak ekartzea ez baita erraza. Lehen, beren burua eskaintzen zuten talde batzuek; orain, ez». Alegia, eskulan gabezia handia dago bilketa egiteko, eta horrek bilketa tartea luzatzen du. «Guk 90 eta 150 langileren artean behar ditugu, egunen arabera, lantzen ditugun 300 hektareak biltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.