GIBdun berrien kopurua urritzen ez dela eta, kezka agerian utzi dute

Iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 158 kasu berri atzeman zirela azaldu du Harribeltzak, eta ainguratuta dagoela datu hori; beti lehengoan

Hiesdunei elkartasuna erakusteko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
GIB birusaren 162 kasu berri erregistratu zituen Osakidetzak 2012an; 2013an, 142; 2014an, 155; 2015ean, 151; iaz, 158. Azken datu hori berriki jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun zerbitzu publikoak, eta, datuen segida horri atxikita, zifrak urteotan ainguratuta segitzen duela ikusita, kezka agerian utzi zuen atzo hiesaren kontra diharduen Harribeltza elkarteak. «Etsigarria da», aitortu zuten elkarteko ordezkari Joseba Errekaldek eta Elias Arizmendik atzo Donostian egin zuten agerraldian. Urtero, udan, hiesaren arriskuaz ohartarazteko prebentzio kanpaina bat egiten du elkarteak, eta horren berri ematea izan zen agerraldiaren xedea. Bide batez, ezinbestekoa iruditu zitzaien datuen gaineko «kezka» agerian uztea. Eta neurriak ere proposatu zituzten egoera hobetzeko; nabarmendu zuten kasu berrien %79,9 gizonetan atzeman direla, eta %44,3 gizonekin sexu harremanak dituzten gizonetan. Horregatik, esan zuten garrantzitsua dela «propio» kolektibo horrentzako politikak egitea.

Tresna berriak badira, gainera, birusari aurre egiten laguntzeko, eta ikusi egin beharko da zein den horien bilakaera. Batetik, GIBa atzemateko norberak etxean egiteko moduko testak badira egun eskuragarri; zalantzan jarri da usu horien erabileraren egokitasuna: hain zuzen ere, halako test bat etxeko bakardadean egiteak dituen arriskuez ohartarazi da, baina egun, Internet hain hedatuta dagoen garaiotan, eskura dagoen aukera bat da. Eta garrantzitsua da diagnostikoak garaiz egitea. Gainerakoan «infekzioen katea» etetea oso zaila dela aitortu zuen atzo Errekaldek. Bestetik, hedatzen ari dira hainbat botika berri birusa saihesten lagun dezaketenak; sexu harremanak izan aurretik hartu, eta transmisioa eragozten dute. Dudak daude botika horiek prebentzio neurri gisara erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuen inguruan ere. Baina ikusi egin beharko da baliabide berri horiek egiten duten bidea. Eta tratamenduan ere, espero dira ate berriak; egun botika ugari hartu behar izaten dituzte sarri GIBdunek, baina aurki hilean behin edo hiru hilabetean behin injekzio bat hartuta aski izango den esperantza dute. «Bizi kalitatea hobetzea ekarriko du».

Urtero kontzertu bat antolatzen du Harribeltza elkarteak Oiartzunen (Gipuzkoa). Atzoko agerraldian aurkeztu zuten aurtengo emanaldia; hain zuzen ere, urtarrilaren 31n izango da, Landarbaso abesbatzaren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.