Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Futbolarrak

2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Lau urtera zigortu du epaileak Celta taldeko Santi Mina jokalaria. Ez futbolean gogorregi aritzeagatik, ez klubarekin zuen kontratua ez betetzeagatik. Gau batean, bere lagun bat neska batekin furgonetan sexu harremanetan zebilela, Mina galtzontzilotan sartu zen tartean. Irteera oztopatu eta etzan egin zen emakumearen gainean, zerbait egin behar dinagu, eta hala ekin zion, harik eta ezetz eta ezetz, azkenean etsi zuen arte. Bat gehiago.

Otsailean, Manchester Unitedeko Mason Greenwood atxilotu zuen poliziak, neska-lagunak bortxatu egin zuela salatu ostean. Bideoak eta audio-grabazioak erakutsi zituen honek gezurretan ez zebilela erakusteko. Uztailean epaituko dute Benjamin Mendy. Bortxaketak eta bortxaketa ahaleginak, sei emakumek pairatutakoak. Gau amaigabea da genero indarkerian nahastutako eliteko jokalarien zerrenda: Cristiano Ronaldo, Neymar, Robinho, Lopez Raton…

Betisen, kantuan babestu zen erasotzailea, «Ruben Castro, ale, Ruben Castro ale, ez zuan hire errua izan, puta bat zuan, ondo egin huan». Eibarren, berehala onartu zituen eguneroko martxan direktibak Enrich eta Luna neskaren baimenik gabeko bideoa zabaldu arren. Bestelakoak dira etikaren arauak. Diru gehiegi inbertitu da halako txorakieriengatik inor fueratzeko.

Esan gabe doa, ondorioa da emakumeen kontrako indarkeria hau, gizonezko futbolaren inguruko kulturak eragindakoa. Urteetan, estereotipo sexistak betikotzen lagundu da estadioetan («hi hemen atean eta hire emaztea bitartean beste batekin ohean!»). Pertsona estimatuak dira, ez dira mundutar arruntak, umeek haien izenak daramatzate bizkarrean. Nola izango du erasotzaileak gaizki egin izanaren ustea?

Orain ez hainbeste, «indios fuera!»egiten zitzaien oihu euskal estadioetan tximak luze, Hego Ameriketan jaioak beste ezaugarririk ez zuten jokalariei.Etorkizun hobeen ameslari, ez dut dudarik laster «arrak fuera!» esaten entzungo ditudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.