Albistea entzun

Indartsuenak bertan dira

Urtebeteko atzerapenaren ostean, gaur hasiko da Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, Ipar Irlandan. Euskal Herriko bederatzi talde arituko dira hainbat modalitatetan domina bila.

Euskal Herriko ordezkari batzuk podiumean, aurreko Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan.
Euskal Herriko ordezkari batzuk podiumean, aurreko Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan. LUR GIL Tamaina handiagoan ikusi

Lur Gil - Berriemaile berezia

2023ko martxoak 8

Urtebeteko atzerapenarekin jokatuko dira Goma Gaineko Munduko Sokatira Txapelketak. Iaz zen jokatzekoa, Herbehereetan, baina pandemiak eraginda bertan behera geratu zen. 2024an Suedian egitekoa den txapelketara itxaron beharrean, Ipar Irlandako Sokatira Federazioak (NITOWA) bere gain hartu du aurtengoa, eta gaur hasiko da Parkgateko Jim Baker estadioan (Antrim, Ipar Irlanda).

Ikusi gehiago: «Herrialde gutxiago etorri dira, baina lehia bikaina espero dugu»

Azken urteotako parte hartzerik txikiena izanen du aurtengoak, pandemia eta aldaketa ugariak tarteko. Hala ere, ez da maila txikiagorik espero, talderik eta tiratzailerik indartsuenak bertan baitira. Egia da, ordea, tiraldi gutxiago izanen direla, eta domina gutxiago jokoan. Esaterako, herrialdeen artekoan emakumezkoen txapelketa bakarra izanen da, 500 kilokoa, ez baita talde nahikorik aurkeztu 540 kiloko mailan.

23 urtez azpikoen mailan ere ez da txapelketa ofizialik izanen, lau parte hartzaileen minimora ez baita iritsi. Euskal Herriko ordezkaritzari kalte egiten dio horrek, gazte kopuru handiena baitute euskal taldeek, eta, 23 urtez azpikoaz gain, Gazte mailakoa ere prestatua ekarri dute. Baina ezingo dira dominen lehian aritu.

Azkenik, gizonezkoen mailan, lehiarik gogorrena izan ohi duen 560 kiloko kategoriak lau herrialde baino ez ditu izanen: Irlandako Errepublika, Ipar Irlanda, Taiwan eta Euskal Herria. Lehia azkarra izanen da, baina biziki gogorra, gaur egungo lau naziorik indartsuenen artekoa.

Normalean mamitsua izaten da euskal ordezkaritza Munduko Txapelketetan. Eta, aurten, are agerikoago egiten dute besteen hutsuneek. Euskal Herriko selekzioak maila guztietan hartuko du parte, herrialde mailan jokoan izanen diren sei dominen lehian arituko da.

Taldekakoan Euskal Herriko bederatzi talde lehiatuko dira: Abadiño (Bizkaia), Amaiur (Nafarroa), Antsoain (Nafarroa), Badaiotz (Araba), Berriozar (Nafarroa), Beti Gazte (Nafarroa), Gaztedi (Bizkaia), Goiherri (Bizkaia) eta Ibarra (Gipuzkoa).

Iragan igandean amaitu zen Euskal Herriko Txapelketa, 8x8ko mailan. Maila nagusian, Lesakako Beti Gazte taldea izan da garaile kategoria gehienetan, emakumezkoetan, gizonezkoetan eta mistoan. Duela hiru urte Letterkennyn (Irlanda) bezala, faborito dira Parkgaten ere.

Beti Gaztek aukera ugari

Maria Iantzi Irigoien (Igantzi, Nafarroa, 1998) Beti Gazteko atzelaria pozik dago egindako denboraldiarekin: «Gustura etorri gara, etxean egin beharrekoak ondo egin ondoren. Gogotsu heldu gara, baina aurreikuspen handirik gabe». Azken urteko polemikari heldu dio Iantzik; izan ere, epaileek ez zituzten ontzat jotzen Euskal Herriko tiratzaileen gerrikoak: «Aurreko urteetan ez bezala, gerrikoekin edo tiratzeko moduarekin arazorik izan ezean, gozatzeko aukera izanen dugu».

Obsesiorik gabe, baina urrea dute helburu: «Azken urtean brontzea eta zilarra lortu genituen: urrea falta zaigu. Badakigu oso zaila dela, baina amestea debalde da», gaineratu du Iantzik.

Lesakarrek galdutako Euskal Herriko txapelketa bakarra gizonezkoen 560 kilokoa; Laukizko (Bizkaia) Gaztedik irabazi zuen. Behetik gora egiten duen taldea da Gaztedi, eskarmentu handikoa. «Euskal Herriko txapelketetan goi-goian aritu gara, eta galdutakoak gutxigatik izan dira. Uste dut aukera handiak ditugula txapelketa honetan. Taldea indartsu dago, eta aldaketa batzuk egiteko aukerak ditugu, pisaketan talde handia sartu dugu 560ko kategorian», esan du Aner Lacruz Mansok (Gatika, Bizkaia, 1997).

Izan ere, gizonezkoen pisu txikia dute begiz joa bizkaitarrek, kategoriarik zailenetakoa. Herrialdekakoan, berriz, lau talde baino ez dira izanen, eta urrea lortzeko aukera ederra du Gaztedik zuzendutako euskal selekzioak.

Emakumezkoetan, berriz, podiuma lortzeko helburua jarri diote beren buruari: «Talde berria dugu, baina badakigu talde ona dela; irabazteko asmoz aterako gara», dio Lacruzek.

Gainerako euskal taldeak apalago ibili dira Euskal Herriko txapelketetan, baina bakoitzak helburu argiak ekarri ditu Ipar Irlandara, eta kontuan hartu beharko dira podiumerako lehian.

Gazteek ez dute dominen lehian aritzerik izanen herrialdekakoan, ez baita talde nahikorik aurkeztu. Gazteen ordezkaritza bikaina ekarri dute Abadiñok, Amaiurrek, Antsoainek eta Berriozarrek, eta herrialdekako lehian ez, baina taldekakoan txapelketa izanen dute, eta hor jarri dituzte indarrak.

Irati Agirre Martiartu (2001, Berriozar) Berriozarko taldeko beteranoetakoa da. Txinako eta Irlandako munduko txapelketetan parte hartu du, eta zilarrezko domina batzuk ditu irabaziak. Oraingoan, Berriozarko talde oso gaztearen arduradun etorri da Parkgatera: «Talde lana egitea da helburua, motibatzea, eta etorkizuneko tiratzaileak trebatzea» dio Agirrek. «Izan ere, 23 urtez azpiko kategorian indartsu aritu gara beti, baina oraingoan gazteagoak ditugu, juniorrak, eta etorkizunerako trebatu nahi ditugu, taldea kohesionatu eta indartzeaz gain, ez baita txapelketa ofizialik izanen aurten», gaineratu du.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.