Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Amets bat izan dut

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
E mmanuel Macroni entzunda, ez zuela espero eguna inoiz heltzerik aitortu du Josette Audinek, Maurice Audin aljeriar matematika irakaslearen alargunak. 1957ko ekainean atxilotu zuten frantziar paraxutistek Audin, FLNko militanteei laguntza ematen zielakoan. Ez zen haren berririk izan gehiago. Senarrak ihes egin zuela esan zion administrazioak. Hain ihes handia ere.

Orain, 61 urte ondoren, etxean izan du Frantziako presidentea. Barkamena eskatu dio Errepublikaren izenean, eta aitortu atxilotu eta torturatzen ari zirela hil zitzaiela gizona, «gobernuz gobernu, bidea eman zitzaiolako horretarako ahalmena ematen zuen sistemari». Hala biluztu da bisitaria, legeak ematen ziela babesa edozein susmagarri atxilotu eta galdekatzeko. Orobat, Aljereko gerrarekin zerikusia duten artxibo guztiei giltzarrapoa kentzeko eskatu du Macronek, edonork kontsultatzeko moduan egon daitezen.

Ez du, noski, Aljeriako okupazioa salatu. Hitzik ez Philippevilleko sarraskiaz, ez dakit gogora etorri zaion Paul Aussaresses-en hilobia, Alsazian; torturaren teoriko handia, eta berak aitortzera, atxilotuari lepoa mozteko agindu zuena, «aurkitzen bazuten, arabiarrek hil zutela pentsa zezaten». Maurice Audinen gorpua baino ez administrazio kolonialaren alfonbrapean. Ulertzekoa da. Kasu partikularretik harago joanda, estatuaren beraren egitura jarriko zukeen kolokan.

Eta hala ere, hitzen durundioa, «gobernuz gobernu, bidea eman izan zaio horretarako ahalmena ematen zuen sistemari», amets bat izan dut. Eta etorri zait, Eliseoko jauregitik irteten hasita, Heletan dela jaun presidenta, Larretarren etxean, eta aitortu diela senideei Errepublikak bahitu, hil eta desagerrarazi zuela Popo 1983 urrun hartan, orduan hala zirelako gauzak, gobernu guztiek onartutako zerbait izan dela gorpu deserosoak airearekin berdintzea, eta barkatzeko, ez zuela inoiz gertatu behar.

Txakur ametsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.