Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Haiek eta gu

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
New York hautatu du Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidenteak metxari su emateko: «Indigenismoa da komunismo berria». Oker nabil agian, baina ez dut uste Diaz Ayuso komunitate indigenen ekonomia komunalaz ari denik, ez eta Jose Carlos Mariateguiren obraren lerro bakar bat irakurria duenik putzuaren bestaldeko errealitatea hobeto ezagutze aldera. Azken beltzean ez da ari Mario Vargas Llosak azken hamarkadetan landutako diskurtsoa titularretara ekartzen besterik. Irainka dabilelakoan aho beteko hitzak Nobel saridunaren apostolu mediatikoak. Non eta Ameriketako Estatu Batuetan. Gero, etxerako abioia hartzera doalarik, azken alea botatzeko: «Harrituta nago zein gutxi hitz egiten den Madrilez Ipar Ameriketan».

Paco Martinez Soriarena egiten, baina pantailaren bestaldean dagoen ustean. Ehiztaria bera lakioan, baina emaiozu atzamarra. Badu arrazoirik, ordea, horrela jarduteko. Ezin egon liteke oker Aznar bera atera bazaio alde, zirtolari Mexikoko presidenteari, haren izen-deiturengatik galdez: «Andres duzu, azteken aldetik; Manuel, maiengandik; eta Lopez, bien arteko nahasketa bat». Eta txalo publikoak, txalo batzuek eta besteek Ameriketaren konkista eta kolonizazioaz ematen ari den bertsioari: Espainiak argia eraman zien ilunpetako salbaiei, benetako erlijioa eta hizkuntza sendo bat, kulturak arima salba ziezaien.

Anartean, barre txikiz gu, auzokoaren erridikuluari beha, gauza baikara Diaz Ayuso, Vargas Llosa, Aznar eta enparauen diskurtsotik aldentzeko, eta bereizteko, eta horregatik lasai ospatzeko mendeurrenen kari, gureen ekarpena «bi munduen arteko topaketari». Guk erakutsi nahi baitugu ordurako itsas tekniketan Ludian aurreratuenak ginela, menturazaleak, baina oroz gain, humanista handiak. Ez du euskaldunaren ibiliak zerikusirik Cortes eta Pizarro genozidekin; ez gu nahasi, otoi, espainiar astazakil, akritiko, supremazista hauekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.