LARREPETIT

Bost minutu

Iñigo Aranbarri.
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Hala diost batek, Korrikari esker bizi dela bera. Herritik pasatzen delarik, ez beti adinonez, bateria bezala betetzen omen zaio ilusioaren biltegia. Lehenbiziko egunetako irudiekin hasten zaio. Hainbeste jende gau eta egun, adin guztietakoak ttipi-ttapa, hiri handietako aldirietan batzuk, lautada amaigabean besteak, elur artean haragokoak… Lasterka, arineketan, antxintxika, karran, saltaka… korrikalari batbederaren hanka-jokoaz betetzen omen zaio delako bateria hori. Berea bezalako ilusioa ikusten du besteengan. Sinbolikoa?, ados. Folklorikoa?, tira. Baina behingoagatik, lasto eta bihi, komunitate bat, eskuz eskukoan lotua. Gero, urte eta erdi du husteko, eta motiboak ez ei ditu ments: erdararen boluntario euskaldunak, politikari aberkoien utzikeria, probintzialismo merkea, langile profildun euskaldunfoboak, hamaika erantzun txar, hamabi erabaki mingarri eta hamahiru eguneroko etsigarri. Eta denbora, aurrera. Doi heltzen omen zaio indarra hurrengo Korrikarako.

Ostegunean, aurrez egokitu zitzaidan neuri, Ibarrangelutik gora, Muruetaganeko aldatsean. Urrunean ikusi nuen furgoneta eta ero koloretsuak haren gibelean, adore deien artean arin-aringa. Itulan, ertzainen auto bat. Bazterrean geldiarazi ninduen. Adeitsu, irria begietan, «cinco minutos», esan zidan gidariak, bost hatzak luze eta eskuak zabal. Baietz egin nion buruaz. Ilusionistak igaro zirenerako, gaiztotua nuen odola.

Izan ere, bost minutu haiek baino gehiago beharko ote genituzke gutako edonork hatzak luze, eskua zabal, «bost minutu» esaten ikasteko nik dakit ba, polonieraz, wolofez, urduz? Zenbat denbora gehiago behar da «itxaron» eta «mesedez» eransten ikasteko? Korrikazain haren goikoetako inork ez zuen bost minuturik hartu herritarrekin zelan jokatu behar zuen agintzeko?

Ostegunean, bost minuturako hustu zitzaidan niri beste haren bateria. Eta urte eta erdi falta da hurrengorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.