Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Lotsa gaiztoa

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Uda idorraren irudietako bat izan da, zehatz ez ohikoa, ikusgarri egin duena egoeraren larria: zamaontzi bat Santurtzin urez betetzen, norako eta Bermeorako. Lau mila metro kubo ur daramatza oraindik ere Dutch Spirit-ek batetik bestera bi egunean behin. Eta hala jarraituko du urriaren erdira arte barrena, hainbestekoa da ur falta Urdaibaiko herrietan.

Uztailetik dituzte murrizketak eskualdeko 45.000 biztanleek. Hainbat debeku ezarri dira ura edonola ez xahutzeko. Presioa ere moteldu behar izan da galerak arintzeko. Ez beste munduko ezer neurriok. Horniduraren arazoa konponduko duten obra handiak omen bidean, baina etorkizunari begira, klima aldaketaren inguruko albisteen erauntsipean, lasaitasuna ere auzoan.

Eta zamaontzia joan-etorrian dabilela, hara non iragarri duen Bilbao Guggenheim museoak bere egitasmoetako bat mende laurdena ospatzeko: Uraren ekologiak izena eman dioten nazioarteko sinposioa egingo da urri hatsarrean, hamaika aditu eta hamabi artista gonbidatu direla tartean. Esan gabe doa, eta kritikak kritika, Urdaibai Guggenheim proiekturik gabe (Bizkaiko diputatu nagusi Rementeriak «baldinbaitere» egingo dela agindu duen hori bera) programatuko ez litzatekeena. Urdaibai Guggenheim museo dontsua, zeinak erakundeak berak emandako datuen arabera, 140.000 bisitari izango dituen urtean.

Ordurako hornikuntzaren arazoa handik edo hemendik konponduko dela, fede kontua da. Sinesten lanak dituena bestea da. Egun dagoen egoera egonda, uraren inguruko «gogoeta ekologiko-artistikoa» antolatzea, nork eta eskualdeko uraren beharra neurrigabe areagotuko duen erakundeak berak. Bide batez esanda, inork gutxik duen babes publikoak harrotutako erakunde pribatu batek. Eta itxaron: Guggenheimi esker konponduko da, hala salduko digute laster, uraren arazoa Urdaibain.

Zinismo hitzaz haragoko ordain baten bila nabil hiztegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.