Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Zulo bat uretan

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gertaera bat, ez arazo bat. Gertaera puntual bat denboraren ardatzean, egunak joan ahala xeheki ezagutu duguna: izena, familia, etxea, eskola, herria. Eta hala egiten du albisteak begiarena, luparena, mikroskopioarena. Ezin gertuago dugu orain, hain gertu non jasanezina zaigun mina. Nola ager liteke inor sor, soraio, odolgabe gertaera larri honen aurrean. Ume bat zulo batean. Zuloan kabitzen ez den ume bat zulo batean. Eta denboraren hondeamakina umea bizirik aurkitzearen esperantzaren kontra, gurasoen, herriaren, ikusleen herioa albistegiz albistegi. Denok gara Julen. Denona da Julen.

Ez gara Espainia, baina Telecincon bizi gara ETB ikusten dugunean ere, La 1n bizi gara, La 2en, Antena 3n, Cuatron, Sextan, zenbaki guztiak ditugu beharrezko sufrikarioa azaltzeko, aurpegia jartzeko gurasoen etsipenari, lagunen xalotasunari, asturiar meatzarien gogo heroikoari. Eta egunak gehiegi direlarik, ausartu ere egin gara iritzia ematen. Honezkero hilik dago. Esperantzari leiho bat. Thailandia, Txile,hemerotekako adibideak. Trabes etsiak ahopean. Eutsi, Julen.

Bitartean, agindua heldu da Julen zulotik atera behar zuten bi itsasontzietara. Astelehenean, Bartzelonako Itsas Kapitaintzak galarazi zion Open Arms-i ateratzea. Herenegun, Pasaiakoaizan da Aita Mari-ri irtetea debekatu diona. Esan gabeko mezu banarekin: arrisku txikiagoa du Julenek Mediterraneoaren erdian itota zuek erreskatatu eta lehorrera ekarri nahi izanda baino.

Eta halaxe irentsi du zuloak Julen zulotik atera nahian dabiltzala. Nahita, zibilizazioaren aginduz. Zenbat Julen diren, horixe ez dakigu. Ez dakigun bezala zein dituzten eurekin batera ito diren gurasoak, non duten etxea, zer eskolatan dabiltzan. Numerus clausus-eko bihotzak gureak. Horretan datza, hain zuzen, kriminalen ikuskizuna.

Gertaerak hunkitu behar gaitu, ez arazoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.