Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hezur batzuk

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Frida Kahloren margoen artean bada bat behin eta birritan datorkidana.Sastadatxo batzuk 1935ean margotu zuen, Kahlok berak esatera, egunkarian gizon batek emaztea hil zuela irakurri eta gero. Andrea biluzik datza ohe gainean, odola nahinon. Ondoan, zutik eta irribarrez, gizona, labana eskuan duela. Goiko aldean, bi hegazti koadroari izena ematen dion leloari eusten. «Sastadatxo batzuk», horiexek gizonaren hitzak atxilo lotu zutenean, zergatik daramaten gatibu, sastadatxo batzuk baino ez zizkiola eman. Hogei labankada zituen egunkariko albisteko emakumearen gorpuak.

Kahlok atoan ikusi zuen. Ezin bereiz liteke hizkera ideologiatik. Hiltzaileak primeran eraman zuen hitzetara buruan zerabilena. Mintzoan biltzen da ondoen gutxiespena, mespretxua, erdeinua. Defentsarako aukeraturiko berba bakoitzak du berarekin sastaka. Eta hizkeraren eta ideologiaren arteko harremana ikusi zuelako itzuli zion harria Kahlok gizarteari, margolan egina. Lortzen duen efektua alimalekoa da.

Ez dakit koadroa ezagutuko duen Esther Muñozek, PPko senatariak. Ez dut uste inork Kahloren lanaren erreprodukzio bat helarazita ere ohartuko litzatekeenik parekotasunaz, opariaren zergatiaz. Norbait behar genuke azaltzeko hizkerak gaituela nabarmen uzten. Eta harrokeriaz asaldatu arren hamabost milioi euro ageri direlako aurrekontuetan «hezur batzuk» bide bazterretatik ateratzeko, esan behar litzaioke ez duela harrokeriak salatzen, ezpada aukeratu dituen hitzek. Begiratzeko koadroari. Hezurrak ez baitira hezur historiaren zabortegira heldu artean, horregatik deitzen diogula hain zuzen ere memoria sentimenduak pizteko gai den denbora eremu horri. Eta ez ahazteko gauza bat dutela txarra hezurrek, norbaitenak direlarik, ez direla batzuk. Hilak dira, bizioi harramazka.

Kahlok atoan ikusi zuen. Muñoz harritu egin da ustez irainik gabeko hitzek sortu duten zalaparta sortu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.