Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Eguzki errea

2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Arrazoi franko dago Miñan zabaldu den bezala zabaltzeko. Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek dakarkiguten munduak berebiziko osagaiak ditu horretarako, alegia, zoragarriro kontatua dago, eta, hala dagoelako, ikusi egiten da pertsona, bizi haren ibilia, eta azken beltzean, etxean sartzen osterantzean kalean itzal baino ez den arrotz hori. Hortxe zegoen gaia, asmatzea zen kontua.

Sanfermin bigarrenez, 50 urte bete dira Israelgo zerbitzu sekretuak Gassan Kanafani eta haren iloba Lanis hil zituela Beiruten. Bere garaiko palestinar idazlerik ezagunena zen menturaz Kanafani. Haren lanetako batean, Gizonak eguzkitan eleberrian, Ibrahima Balde agertzen da. Beste bi lagunekin doa Abuljaizaranen kamioian. Muga igarotzeko, zisternan gordetzen dira hirurak. Erre egiten du eguzkiak basamortuan, kiskaltzen dago kamioia, ezin luzaroan iraun ontzi hartan. Zazpi minutu asko jota, mugako tramiteak irauten duena. Ibrahima ez da Irunera helduko, ordea. Mugazainek luzatu egin dute solasa, eta gidariak zisternaren estalkia jasotzen duenerako, itota hil dira hirurak.

Errealitateak fikzioa estaltzen duela kontu zaharra da. 2019ko urrian, 39 vietnamdarren gorpuak aurkitu zituzten Graysen, Erresuma Batuan, hozkailu-kamioi baten atzealdean. Itota hil ziren guztiak. Halatsu zendu ziren 58 txinatar Doverren 2000ko ekainean. Oraintxe abantzu bi aste, 53 mexikar, guatemalar, hondurastar eta salvadortar agertu ziren hilda kamioi baten atoian, Texasen, beroak itota denak. Kanafanik zisternan itotakoena kontatu eta 60 urtera ezer gutxi aldatu diren istorioak guztiak.

Egunotan, gurean Hemingwayren festa eta eguzki errea behin-birritan aipatzen zaigularik, nola ez dakidala, beste bide batzuk hartzen ditu gogoak. Literaturak badaki ispilu itsusi izaten. Uztail betean, nahi du libertimenduz haragoko hartxintxor izan sandalia barruan. Eta eskerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.