Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Lurraren semea

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ohetik jaiki berri Pariseko teilatu grisei begira,Gregoire de Fournas diputatuak ez du usaindu ere egin iluntzerako berea izango dela izenik usatuena hedabideetan. Kafea zurrupa bitartean, telefonoa piztu eta kodea sartu du. Hasi berria da Asanblada Nazionalean. Ekainean hautatu zuten Medoc-eko herritarrek; ez edonola, bozen erdiak bildu zituen. Eta egunero bezala, haraxe doakio gogoa, Paillac-eko soro eta mahastietara. Ez dabil erabat lasai. Ondo ote doa dena upategian, estreinako aldia du etxaldetik hain asago dabilena. Bestelakoa da udazkena Parisen. Ehiza-lagunez ere akordatu da, bera gabe ibiliko dira aurten Garona hegian. Zain du taxia atarian.

Asanbladan, xaretzen sentitu du, atzera ere, aitona-amonengandik jasoa duen edertasun hura guztia. Mediterraneoan lehorreratu ezinik dabiltzan ontziez ari dira. Lehendik du begiz joa solasean ari den gizona, azalak salatzen du. Leba-leba, gainez datorkio sukarra. Zainak gontzetarik atera dizkio Carlos Martens Bilongok. Orduan entzun da: «Doala Afrikara bueltan!».

Hotelera itzulita, deiak ez dira atertu. Handiak dira bere kontrako salaketak. Hamabost egunerako egotz dezaketela jakinarazi diote. Alderdikideek topatu dute non babestu, oker transkribitu dutela adieraziko dute, «doazela» esan duela, ez «doala»; ontzietakoez ari zela, ez Bilongoz. Anartean, lerro batzuk idazten hasi da bera, desenkusa gisa. Bera ez da arrazista, nola izango da hartu duen kafea kolonbiarra bada, Txinatik heldu bada eman dioten iphonea, arabiarrak badira hura desblokeatzeko erabili dituen zenbakiak eta korearra Asanbladara eraman duen taxia. Nola izango da arrazista ez bada Frantzian egina gehien maite duen eskopeta, Kaukasotik hedatu baziren lehenbiziko aihenak eta, areago, errumaniar langileek batzen badiote mahatsa.

Bera «lurraren seme bat» besterik ez da, zergatik ezin du denak orain arte bezala jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.