HILBERRIA. Estela Dominguez

Beste tragedia bat errepidean

BERRIA.
Isabel Jaurena - Julen Etxeberria
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Estela Dominguez Sopela txirrindularitza taldeko ziklista espainiarra herenegun arratsaldean zendu zen. Larrialdi zerbitzuek jakinarazi dutenez, kamioi batek harrapatu zuen N-620 errepidean —Salamanca parean (Espainia)—, bizikletan zihoala. Larrialdi zerbitzuak ezbeharra izandako lekura bertaratu arren, heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin. 19 urte zituen.

Sopela txirrindularitza taldeak gertatutakoa gaitzetsi du sare sozialen bidez, eta familiari elkartasun osoa adierazi dio. Espainiako Txirrindularitza Federazioak ere adierazpenak egin ditu: «Biziki sentitzen dugu Estela Dominguezen heriotza. Gure doluminik zintzoenak helarazten dizkiegu senideei, hurbilekoei eta taldekideei. Espainiako txirrindularitza guztia doluz dago. Mesedez, beti errespetatu txirrindularia errepidean. Bizikleta bakoitzean bizitza bat doa».

Iscarkoa (Espainia) zen jaiotzez Dominguez, baina urteak zeramatzan Bizkaiko taldeetan korritzen. Emaitza oso onak lortu zituen errepidean, ziklo-krosean eta pistan, eta horri esker fitxatu zuen Sopelak iaz, profesionalen maila nagusian aritzeko. Denboraldi honetan ziklo-krosean nabarmentzen ari zen: zazpigarren postuan sailkatu zen Espainiako Txapelketan, eta, horri esker, Espainiako Federazioak Benidormen (Herrialde Katalanak) jokatu zen Munduko Koparako hautatu zuen. Aurki hasi behar zuen errepidean lehiatzen. Sopelak jakinarazia zion zer lasterketatan ariko zen.

Haren aita, halaber, txirrindulari izan zen: Juan Carlos Dominguez. Hainbat urtez lehiatu zen goi mailan, eta etapa bat irabazi zuen 2002ko Italiako Giroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.