Errespetuz eta distiraz, azken urratsera arte

Reala da orain artean Espainiako Kopan ondoen aritu den taldea. Txapelketan aritu diren 115 taldeetatik, partida guztiak arauzko denboran irabazi dituen talde bakarra da. Gauza bera egin nahi du gaur Anduvan, finalerako txartela eskuratzeko.

Rodrigo Caminero Becerrilekoa eta Robin Le Normand Realekoa, lehian. XABI RAMOS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Realak bere ispiluari begiratu besterik ez du egin behar gaur Anduvan irabazi eta Espainiako Kopako finalerako sailkatzeko. Txuri-urdinak azkar, zorrotz eta zuzen aritu dira txapelketa osoan zehar, eta orain artean ondoen moldatu den taldea izan da. Lehiaketan parte hartu duten talde guztietatik, donostiarrek soilik lortu dute partida guztiak arauzko denboran irabaztea.

Orain arteko bide onari eutsi nahi dio Realak gaur iluntzean finalerako txartela eskuratzeko. Anoetakoak bikaintasunari laztan eginez iritsi dira azken kanporaketara; maila txikiagoko taldeen aurka, nagusitasunez, eta maila berekoan aurka, eraginkortasunez, baina beti markagailuan aurretik izanda.

Aurkaririk ez gutxiestea izan da urrun iristeko gakoetako bat. Lehendabiziko partidan, Hirugarren Mailako Becerril izan zuten arerio, baina Imanol Alguacilek ez zuen zalantzarik egin: onentsuenekin zelairatu zen. Txapelketa osoan zehar izan du jokabide hori. Prestatzaile oriotarrak aurkarienganako «errespetua» azpimarratu du behin eta berriz, eta agerian utzi du hori hamaikakoen bidez.

Hala, lehen kanporaketetan agerian geratu zen taldeen arteko aldea. Realak astindu egin zuen Becerril (0-8), eta aise igaro zuen kanporaketa, baina txuri-urdinen portaerak bidea ireki zion bi taldeen arteko adiskidetasunari.

Txapelketak aurrera egin ahala, estuago aritu dira donostiarrak. Ceuta koska bat goragoko taldea zen, eta partidaren hasieran lan handiagoak eman zizkion Realari. Kanporaketa hura ere, ordea, zailtasunik gabe igaro zuten Alguacilenek.

Espanyolen eta Osasunaren aurka etxean aritzeak arnasa eman zien txuri-urdinei, eta joko puntu onean egoteak modua eman zien aurrera egiteko. Alabaina, Real Madrilen aurkako garaipenak ireki zizkien begiak zaleei: Realak aurten zerbait handia egin zezakeen. Izugarri sufrituta, baina donostiarrek aurrera egin zuten Santiago Bernabeun irabazita (3-4).

Finalerdietako kanporaketan heldu zen azken garaipena (2-1), Mirandesen aurka. Azken aldi hartan salbu, distiraz aritu da Reala, eta abantailaz heldu da azken urratsera. Anduvako partidak erabakiko du Reala finalean izango den ala ez.

Golaren izena: Isak

Espainiako Kopan jokatu dituen bost partidetan 23 gol sartu ditu Realak; batez beste, 4,6 sartu ditu partidako. Zenbait jokalarik hartu dute parte langintza horretan, baina guztietan artean Alexander Isaken izena da sailkapenaren muturrean dagoena. Aurrelari suediarra da txapelketa osoko golegile nagusia. Zazpi sartu ditu guztira.

Alabaina, datu are esanguratsuago bat ere utzi dute jokalari txuri-urdinek. Golegileen zerrendan lehen postuetan daude Andan Januzaj, Martin Odegaard eta Ander Barrenetxea; lehenak lau gol sartu ditu, eta beste biek, hiruna. Zalantzarik gabe, datu onak dituzte donostiarrek itzulerakoaren atarian. Horrek, baina, ez du ezertarako balioko gaur iluntzean asmatzen ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.