Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Sortaldea

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Ez da mentura Iruñean Laba egitasmoak egoitza zabaltzeko hautatu duen tokia. Euskarazko sormenaren inguruan dabilen jendearen topagunea non eta Gazteluko enparantzan! Begiratu batera, munta handirik gabeko albistea beste inon izatera. Proiektua nola eratu den eta non plazaratuko den kontuan hartuta, ordea, bestela ere izan ditzakeen abantailez gain, balio sinboliko gaitza duen erabakia.

Behar du ikus dezaten ikusezinak. Abdulaye Lamine deitzen zen abuztuan Bidasoa igaro nahian ito zen ginear gaztea. Izena dakigunetik, mahaian eseri zaigu hilotza. Izenak ikusgarriago egingo zukeen bezala EITB Albisteak-eko tuitean Amalur Alvarez, Gure Eskuko bozeramailea asteon, Aieteko konferentziaren 10. urteurrenean antolatutako ekitaldian. Emakume gazte bat Ibarretxe, Torra eta Cuixart erraldoien artean. Nola ez da izango izenik gabeko kazetari gaxte bat? Itsutasun horixe dakar ustezko normaltasunak.

Mendebaldetik begira, nabarmena zaigu sortaldetik datorkigun ufada, grina, eromen zoragarrirainoko aldarria, euskaraz egiten dena batez ere. Beti aberasgarriago euskal erditarronarena baino, ez hain tolestua, autonomismoak sorturiko loturetatik libreago. Outsiderra izatearen zera hori. Prekarioagoa inoiz, gure normaltasunari dingi-dangaka maiz, lo-belarraren kontrako antidoto beti. Badakigu zerbait, gu ere izan ginen askeagoak ikusezinagoak eta, duda gabetanik, marjinalagoak ginenean.

Eta hor dago honen guztiaren arrazoia: ezinbestean narkotizatu gabeko jendartean sortzeak dakar zartada oparo hori. Joseba Sarrionandiaren Marginalia zabaldu dut: «Teoria politikoan, marginalitatea, edozein gizartetan benefizio ekonomikoetatik, botere politikotik eta zerbitzu kultural ofizialetatik bazterturiko jendearen egoera da».

Eta mesedez, ez gaitezen inbidia faltsu eta idealizazio merkeekin hasi. Hori baino gehiago zor diogu Joxemi Bidadorri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.