LARREPETIT

Salazarren kadira

Iñigo Aranbarri.
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Gaizki ibiltzen zen oinetako katxoekin. Haiexek gozatzeko asmoz aulkian eseri zelarik, olana urratu eta hankaz gora erori zen Oliveira Salazar portuges diktadorea. Beste bertsio batek dio kadirara ezin iritsita izan zela. Nolanahi ere, buruko kolpeak ez zirudien larria. 1968ko agorril hasiera zen. Handik aste batzuetara, ministro-kontseilu batean, ondoezik jarri eta ebakuntza egin behar izan zioten. Isuria izan zuen, ordea, eta koman eman zituen egun batzuk.

Itzarri zelarik, jan-txakurrek hartu zuten erabakia: Marcelo Caetano jarriko zuten estatu-burutzan. Handia zen baina, eri zuhurrari eta katoliko zintzoari zitzaion beldurra. Horregatik erabaki zen ezer ez esatea. Fartsak film bat egiteko beste elementu du. Ale bakarreko edizioa prestatzen zuen egunero Diario de Noticias kazetak, Caetanoren albisteak kendu eta Oliveira Salazarren beste batzuk jarrita haien ordez. Irratsaio bereziak grabatu ziren, telebistan berak jarraitzen zuen nagusi izaten Sao Bentoko jauregian soilik jasotzen ziren albistegietan. Eta hala jarraituko zuen jostetak 1969ko udan ez balitz Roland Faure frantses kazetaria agertuko. Nola edo hala, Salazarrekin solastea lortu zuen. Faurek zabaldu zuen zer ari zen gertatzen.

Mundua biraka eta norbera lehengoan dagoelakoan. Tamalez, burua galdutako diktadoreekin soilik gertatzen ez dena. Azken hilabeteetakoak ikusita (energia-gaien prezio gorakada basa, inflazio hantua, osasun sistemaren ausiabartza…),Oliveira Salazarren kadira datorkit tarteka, ez ote gauzkaten berdin. Pertsona hobeak egin behar gintuen pandemiak handitu egin du arrakala oro. Ezinbestekoa da kapital handien gaineko presio fiskala, eta hau ez dio Portugaleko Alderdi Komunistak, Oxfam-ek baizik. Aberatsa aberatsago, xehea xeheago, eta gu hortxe, geuretzat beren-beregi prestatutako albistegietatik bazkatzen, lasai, ez asaldatu, dena ondo doala dioskuten artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.