Donostiako Aste Nagusia

Euskal dantza tradizionalen ispilu

Goizaldi dantza taldeak emanaldirik berezienetakoa izan du aurtengo Aste Nagusikoa; izan ere, 75 urte bete ditu. Dantzari ohiek ere parte hartu dute emanaldian. Taldekideentzat, «emozioz betetako emanaldia» izan da.

4. Publikoa. Jendez lepo egon da Konstituzio plaza. GORKA RUBIO / @FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Txukun-txukun, errenkada luzeetan jarrita daude plastikozko aulki grisak Donostiako Konstituzio plazan. Gehienak hutsik daude, baina bada norbait gainean eseria dutenik ere, edo, bestela, poltsa edo jertseren bat dute; gainean eseriko diren haientzako.

Emanaldirako bi ordu inguru falta diren arren, dantzariak eta musikariak eszenatoki gainean daude. Soinu proben txanda da, eta dantzariak, dantzen aurretik zein ondoren egin beharreko sartu-irtenak praktikatzen ari dira. Plazara sartzen den oro oholtzara begira geratzen da. Turistek, iritsi bezain pronto, sakelako telefonoa martxan jartzen dute, argazkiak eta bideoak egiteko.

Herenegun Goizaldi dantza taldearen txanda izan zen Konstituzio plazako dantza jaialdietan. Emanaldi berezia izan zen taldearentzat, 75 urte bete baititu aurten. Emanaldi bereziak dantzari eta musikari bereziak izan zituen, taldeko dantzari eta musikari ohiek ere parte hartu baitzuten. Guztira 60-70 bat dantzarik eta hogei musikarik osatu zuten ikuskizuna.

1948. urteko otsailaren 2an sortu zuen Kandido Pujanak Goizaldi, eta lehen urteetan bera izan zuen taldeko maisu. Euskal dantza tradizionalak izan dituzte oinarri, hasiera-hasieratik gaur egun arte. Dantza horiek Aste Nagusiko emanaldiaren muina ere izan dira. Aste Nagusikoa ez da urteurrenarekin lotutako emanaldi bakarra; baina, Araitz Iparragarrire kidearen ustez, «benetan berezia» da.

Hamabost bat urte daramatza Iparragirrek dantza taldean, eta, urte horietan guztietan, inoiz ez direla hainbeste dantzari elkartu kontatu du: «Aurten bereziki urduri nago. Dantzari asko antolatu behar dira, eta jantzi eta material asko izan behar dira prest». Dantzari ohiekin udaberrian hasi zituzten entseguak. Gainerako dantzariekin, berriz, urteko beste emanaldi batzuekin tartekatuz, ekainean hasi ziren, buru-belarri.

Ikusleak, toki bila

Minutuek aurrera egin ahala, eszenatokian bezala, geroz eta mugimendu gehiago dago aulkietan, pixkanaka norbait jartzen baitzaie gainean. Ia ordu eta erdi lehenago iritsi dira Karmen Arrondo eta haren senarra: «Egunero etortzen gara, eta denborarekin etortzea gustatzen zaigu, lekua topatzeko», esan du Arrondok. Emanaldia hasi bitartean, «gosea baretzeko prest» etorri dira; ogitarteko txiki bana du bakoitzak gordea.

Maite Fernandezek okupatuak ditu alboko bi aulkiak. Donostiarra da bera, eta bi lagunekin geratua da. Trenean etortzekoak direnez, Konstituzio plazara apur bat lehenago joatea erabaki du, lekua hartzeko. «Ni gaztetan dantzaria izan nintzen, eta izugarri gustatzen zait dantza emanaldietara etortzea», gehitu du.

Oholtzaren atzeko arkupeetan, dantzariak atzera-aurrera dabiltza; batzuk azken entseguak egiten, eta beste batzuk dantzetarako materiala prest uzten. Bertan daude Itziar Orbegozo eta Saioa Atutxa. Ikuskizunean parte hartuko duten beste dantzari batzuek ez bezala, lehen aldia dute Konstituzio plazako saioan.

«Errespetua»

Beasaingoa (Gipuzkoa) da Orbegozo, eta bizkaitarra, berriz, Atutxa. Urtebete baino gutxiago daramate biek taldean, eta modu berean hasi ziren: euren herrietan dantzariak ziren, eta, Donostiara bizitzera joan zirenean, dantza egiten jarraitu nahi zuten. Talde bila hasi, eta Goizaldirekin egin zuten topo.

«Oso harrera goxoa egiten du taldeak; hasieratik sentiarazten zaituzte taldearen parte», aipatu du Orbegozok. Bizkaiko dantzak egiten zituenez, Atutxak bazekien Donostiako taldean pausoak beste modu batera landuko zituztela eta dantzak beste modu batera egingo zituztela: «Ez nengoen ohituta saltoak hainbeste lantzera, eta, entseguei esker, hori hobetzea lortu dut».

Orbegozo ez dago ohituta hainbeste jenderen aurrean dantza egitera. Atutxa, berriz, Bilbon dantza egindakoa da; hori bai, plazan, ez eszenatoki baten gainean: «Errespetu handiagoa ematen du horrela». Konstituzio plazan, dantza egiteak urduri jartzen du Orbegozo. Hala ere, gogotsu daude biak: «Emozioz betetako emanaldia izango da».

Ordubete baino gutxiago falta dela, geroz eta gutxiago dira hutsik dauden lekuak. Lau laguneko talde bat arrapaladan sartu da publikoaren artean, libre zeuden lau aulkitan esertzeko asmoz. «A ze zortea izan dugun!», esan die batek gainontzekoei. Hala ere, bada aulkiak dantza ikusteko erabiliko ez dituenik ere. Rosa Ortega, semearekin eta senarrarekin dago eserita. Burgostik (Espainia) dator familia, eta Aste Nagusiarekin egin dute topo. «Egun osoa daramagu oinez, eta nekatuta gaude. Apur bat gehiago egongo gara eserita, eta joan egingo gara, jendeari lekua uzteko».

Azken ordu erdian ugaritu egin da «aulki hori libre al dago?» galdera, baina beti erantzun bera: ezezkoa. Jendea zain dago, dantzariak noiz hasiko. Modu berezian eman diote hasiera emanaldiari Goizaldikoek. Bulebarrean hasi dira, ezpata dantzako pasoarekin. Alde zaharreko kaleak igaro ostean iritsi dira Konstituzio plazara.

Bost zati izan ditu ikuskizunak. Lehena Gipuzkoako brokel dantzaren zikloa izan da. Bizkaiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dantza batzuk joan dira gero, hurrenez hurren. Godalet dantzak sortu du ikusmira handien. Edalontzi bakarren bat erori bada ere, txalo zaparrada itzela jaso dute dantzariek, dantzaren amaieran edalontzitik ardoa edan dutenean.

Euskal Herriko kostaldeko herrietako dantzei erreferentzia eginez, batelerak eta kaxarranka egin dituzte ondoren. Bi kaxarranka izan dira: batean gaur egungo dantzari bat, eta bestean, dantzari ohi batek egin dute dantza. Amaierarako utzi dituzte fandangoa eta arin-arina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.