Itziar Usandizaga. Pentsiodunen sindikalista

«Enpresek dirua ematen zuten emakumea etxera joan zedin, eta asko erori ziren tranpan»

Nondik atera dira pentsio duinak eskatzeko mugimenduko jendetza horiek, Euskal Herriko kaleak bete dituztenak? Usandizagaren kasua adibide ona da hori ikusteko: bizitza osoan hainbat borrokatan ibilitako emakume zaildua baita.

Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
«Nik, honezkero, lotsa guztiak galduak ditut», esan du Itziar Usandizagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1948) Bergarako (Gipuzkoa) udaletxe plazaren erdian argazkirako dagoela, mikrofonoari eusten. Azken hilabeteetako borrokaren sinboloa da bozgorailua. Mikrofonoarekin aritu da borrokalari beteranoa pentsiodunek astero egin dituzten protestetan. Ganorazko pentsioak eskatzen dituen Duintasun Plataformako burua da Bergaran.

Zurea familia zigortua izan dela esan izan duzu. Zergatik?

Aita nazionalista zen —Txomin Usandizaga Aranburu—, eta 25 urterekin harrapatu zuen gerrak. Gizon handia eta sasoitsua zen, eta berehala hartu zuen lubakien ardura, mendi guztiak ezagutzen zituelako. Jaurlaritzako jendearekin harreman zuzena zeukan, Saseta sistema defentsaren barruan. Santoñan [Espainia] harrapatu zuten azkenean. Espetxean lau urte egin zituen, Puerto de Santamarian [Espainia]. Orduan ere, sakabanaketa ezarri zieten presoei. Tifusa hartu zuen han.

Asteasutik Oñatira (Gipuzkoa) joan zineten, gazte zinela. Euskalki traumarik izan al zenuten?

Aitaren lanarengatik joan ginen Oñatira familia osoa. Eta gauza bat gertatu zen: Oñatin izugarri ondo baloratu zuten gure euskara. «Zelako euskara garbia egiten duzuen!», esaten ziguten. 1970ean izan zen. «Hemengo euskaran dena da xixa-xixa eta inork ez du entenditzen, eta ikastolarako garbi berba egiten duten andereñoak behar ditugu».

Horrela, «euskara garbia»? Horrenbeste gutxiesten zuten Oñatiko euskara Oñatin bertan?

Bai, orduan bai. Gero boteretu da euskara Oñatin. Ni gaztea nintzen, eta umeekin zoragarri moldatzen nintzen. Urtebete egin genuen Ikastolen Federazioak Donostian andereñoak trebatzeko zuen etxe batean, irakasteko metodoak ikasten, literatura, euskara batua... Etxean oso abertzaleak izan gara, eta euskararen sena egunero bizi genuen. Horregatik, horretan neure giroan nengoen.

Baina bizitza osoa Bergarako ehungintza lantegietan eman duzu. Zer gertatu zen ikastolan?

Urte haiek politikoki oso nahasiak izan ziren, eta hori ikastolan ere islatu zen. Gu oso berritzaileak ginen: metodo berria genuen, filosofia berria. Erlijioa ikastolatik kanpo egon behar zela pentsatzen genuen. Talka bat egon zen. Guraso batzuk oso tradizionalak ziren, eta ez zuten hori ondo ikusten. EAJren eskua egon zen hor, ezkerreko andereñoak kanporatzeko. Ez zen bakarrik Oñatin gertatu. Ondo diseinaturiko estrategia izan zen. Guraso talde horrek asanblea paralelo bat eratu zuen, eta zazpi irakasletatik bost kanporatu gintuzten. 1969tik 1972ra, lau urte egin nituen irakasle. Etxean gordeta daukat Eli Galdosek sinatutako kanporatze gutuna. Enpresari jauntxo bat zen, orduan, EAJkoa; kargu politikoetan sartzeko zegoen.

Hori ez zen, ordea, Oñatin bakarrik gertatuko, ezta?

Urretxun, Arrasaten, Antzuolan [Gipuzkoa]... Tabu handia izan dira kaleratze horiek 50 urtez. Urte horietako historia ez da osorik kontatzen, eta uste dut oraingo belaunaldiei iruzur egitea dela hori. Lan egin genuen bitartean, askotan ez genuen kobratzen, eta ez genuen kotizatzen. Aukera izan zuten ikastolaren 50. urteurrenean hura gogoratzeko. Ez dakit zenbat plaka eman zizkieten laguntzen ibilitako andreei. Gu aipatu ere ez. Zelako sentsibilitate falta. Gure aitari ere hil ondoren egin zioten omenaldia. Ikastolen Elkarteak zor handia dauka kanporatuak izan ginenokin.

Kalera, beraz, baina etxean geratzeko asmorik gabe?

Bergarako Elorregi auzoan, ehungintza lantegi bat egin behar zuten, eta izena eman nuen han lan egiteko. 1974an izan zen hura. Levi's eta Lois etxeentzat egiten genituen oihalak. Erretiroa hartu arte egin nuen lan horretan. Astoen pare egiten genuen lan 1980ko hamarkadan, gau eta egun. Emakumeek orduan ezin zuten legez lan egin gauez, baina kapitalistek lortu zuten, mendeku handiarekin: gure leloa orduan lan bera, soldata bera zen. «Berdintasuna nahi duzue? Bada, gauez zuek ere», sartu ziguten ziria. Bost txanda ere egiten genituen orduan, eta igande askotan ere lan egindakoa naiz, beti produkzioan. Eskaeraren arabera egiten zen lan: ez zegoenean berehala espedientea ezartzen zuten; hiru hilabeterako, etxera.

Orduko ohiturak agintzen zuen emakumeek lanpostua utzi behar zutela ezkondu ondoren. Zuk zergatik egin zenion muzin horri, eta lantegian jarraitu?

Enpresek dirua ematen zuten emakumea etxera joan zedin,eta asko erori ziren tranpan. Dotea esaten zioten, eta dirutxoa zen. Horretan ere desberdina izan nintzen: «jarraitu behar dugu», esaten nuen; emakumeen independentzia ekonomian dago; guk geure nomina eduki behar dugu, eta kotizatu egin behar dugu gero ere edukitzeko.

Batzuek gaizki hartu zuten?

Bai. Ni nintzen «borrokalaria», esaten zutenez. «Itziarrek zer egingo du, bada?». Baina Itziarrek lan hori familia batekin eta etxe batekin bateratu du. Hortik ez zuten ni gaitzesteko heldulekurik izan.

Eta krisia heldu zenean, eta langabezia izugarri handitu, emakumeei ere leporatzen zizueten lanpostuak okupatzea. Zer esaten zizueten?

Asko sakatu gintuzten orduan enpresariek, baina baita gure bizilagunek ere. Herrian hori oso barneratuta zegoen: «Nire semea lan barik dago, eta zu lanpostua kentzen ari zara; zure etxean bi soldata sartzen ari dira», esaten ziguten. Beti emakumeoi, senarrari inoiz ez. Baina hori ere gainditu dugu. Urrats handiak egin ditugu.

Zergatik itxi zituzten lantegiok?

Hau oso garestia zen haientzat. Ekoizpena Valentziara [Herrialde Katalanak] bidaltzen hasi ziren, eta gero Marokora, multinazionalak sartu zirenean. Algodonera lantegiaren 100. urteurrena ospatu genuen, eta bagenekien nor zen horren gerentea, eta ezagutzen genituen akziodunak. Baina multinazionalak sartu zirenean, ez genekien nor zegoen enpresaren atzean. Eutsi nahi izan genion herriaren oihalgintzari, gure seme-alabentzako lanpostuak bermatzeko. Baina ez genuen lortu. Hiru hilabetez egon ginen zubian kanpaturik, txandaka. Ez zen nahikoa izan. Hogei bat oihal enpresa zeuden; gaur ez dago arrastorik.

Borroka sindikalarengatik askotan zigortu zintuzten?

Zigor asko jasotakoa naiz. Etxera bidaltzen ninduten, hiru egun lanik eta soldatarik gabe. Zergatik: lantegiko beste pabiloi batera joan eta jendea grebara bultzatzeagatik. Sindikatuko ordezkaria nintzen, eta hori zen nire eginkizuna. Halere, egia da orduan greba politiko asko egiten zirela.

Eta horrek guztiak ez dizu gogorik eman behingoz megafonoa uzteko eta erretiro lasai batez gozatzeko?

Orduko borroka haiei esker, askoz hobeto eraman dugu oraingoa. Pentsiodunen alde beste satisfazio batekin nabil. Orain lasaiago nago, gelditu ere egin gabe ibili arren. Halako ibilbidea izan ez banu, uste dut ez nintzela gauza izango zazpi hilabetez astelehenero elkarretaratzeko lana egiteko. Edukiz beteriko lana egin dugu: bilkurak ez dira hutsak izan. Astean gertaturikoaren balorazio bat egina eraman izan dugu elkarretaratzera. Bildutako guztiek arreta handiz irakurri dituzte guk banaturiko oharrak. Batzarrak oso onak izan dira: mota guztietako jendea etorri da, eta batera egin dugu lan.

Baina zaila ematen du halako mugimendu handia bat bat-batean sortzeak. Lehenagotik eginiko lanaren emaitza da?

LAB sindikatuak LAB Helduak sortu zuen duela hamar bat urte. Beste sindikatuek ez zuten helduen arlorik. Mendekotasunaren gainean hasi ginen lanean, eta baita pentsioen gainean ere. Baina ikusi genuen mugimendua zabaldu egin behar zela, edozein sindikatutako edo antolatu gabeko jendea etor zedin. Duela sei bat urte sortu genuen Duintasuna mugimendua Gipuzkoan, eta Pentsionistak Martxan Bizkaian.

Nola joan da mugimendua abiada hartuz?

Aurretik sekulako lana egin genuen jendea sentsibilizatzeko. Botikak berriz ordaintzeko kontuaren aurka hasi ginen. Kalera ateratzen ginen, eta jendea sinatzera etortzen zen. Herri ekimeneko lege proposamena aurkeztu genuen, 31.000 sinadura bilduta, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko. Gaurko hau guztia hasi baino lehen. Asmatu egin genuen. Nola azaldu, bestela, astero ehun pertsonako bilkura izatea plazan, batzuetan 200 pertsonakoa?

Euskal Herriko beste lekuetan ere berdintsu izan da?

Bilbon Euskaldunako eta beste hainbat lantegitako sindikatuetako buruak dabiltza. Oraindik ordaintzen dut sindikatuaren kuota, nahiz eta erretiroa hartuta egon. Kontzientzia dugu hemengo sindikatuek duten garrantziaz.

Erretiroa hartzean «erregina bat bezala» biziko zinela uste zenuen, baina errealitatea bestelakoa izan dela esan zenuen aurrekoan. Ez duzu inoiz pentsatu Benidormera joatea?

Biloben zaintza eta sindikatu lana bateratzen ditut. Gaur ere sei lagunentzako bazkaria prestatuta atera naiz etxetik. Arratsaldeetan umeak hartzera joaten naiz. Behar denerako, hor nago. Umeekin egoteak, zaintzeak, onurak besterik ez duela uste dut, lan hori nahi duzulako hartzen baduzu betiere. Hori oso ondo eramaten dut. Alabei esan nien: «Larunbata eta igandea niretzat dira, baina, zuek lanean zaudeten bitartean, hemen nago laguntzeko». Oso aberasgarria da niretzat, eta haurrentzat ere bai, amamaren figura dutelako. Gurasoek jokatzen ez duten rol bat jokatzen ari gara: lasaitasuna eta konfiantza eman, gurasoak gu baino askoz estresatuago bizi dira eta.

Baina, lan horretan ere, ez al zabiltzate beti, batez ere, emakumeak?

Gehienbat bai. Baina gauzak aldatzen ari dira. Nik igarri dut elkarretaratzeak egiten hasi ginenean etortzen ziren gehienak gizonezkoak zirela. Orain, bukatu dugunean, berriz, gehienak emakumeak ziren ia. «Nik gizona bidali dut», esaten ziguten lehen, «nik bazkaria prestatu behar dudalako», edo «umeak ditudalako». Pentsioena senarren kontua zela uste zuten askok. «Nik ez dut kotizatu», esaten zuten; «nik hogei urte kotizatu dut bakarrik»; «ezkontzeko atera nintzen»... «eskubideak gizonak ditu», azken batean. Baina horrenbeste landu dugu berdintasunaren kontua, azkenean konturatu baitira emakumeek ere eskubideak dituztela, pertsona guztiek dutela duintasunez bizitzeko eskubidea. Ikustea andreak eguerdian mantalak utzita eta oinetakoak aldatuta plazara jaisten... halako gauza batean ibiliko zirela inoiz pentsatu ez zutenak. Horientzat, boteretzea izan da. Hori ere lortu dugu.

Gazteen falta sumatzen duzue?

Bai, eta hau oinarrizkoa da haientzat. Deialdia denentzat egiten dugu. Baina oso zaila da gazteekin lantzea. Harrigarria da, manadaauziarekin oso ondo erreakzionatu dutelako. Gauza horietan oso aktiboak dira.

Gaur, agintariek, baita nazioarteko erakundeek ere, «zahartze aktiboa» proposatzen diete adinekoei. Damutuko al zitzaien, zuen aktibotasuna ikusita?

Erretiroa hartutakook «lagunkoiak» izatea nahi dute, terapia lanak egitea, boluntario aritzea... Askoz merkeago ateratzen zaie. Egoitza pribatuak bultzatzen dituzte, eta eurentzat oso ondo, baina oro har? 3.000 euroko pentsioak eurek edukiko dituzte. Baina gure moduko jendeak ez du aukerarik, bakarrik publikoa. Mesedez, ez dezagun iktusik izan!

Joan zen astean egin zenuten sasoiko azken ekitaldia: manifestazio bat. Irailean itzuliko zarete plazara megafonoarekin?

Bai. Pentsioez gain, baditugu gaiak. Mendekotasuna hor dago, eta galdu dugun erosahalmena: lapurreta izan da. Urtetan horrenbeste gauza kendu dizkigute! Jendea azkenean konturatu da bakarrik geuk defendatuko dugula geure burua. Ez Toledoko Itunik, ez ezer. Jendeak ez du atzera egingo; KPIa ere ez digute bermatzen, dagoeneko 2,3 igo baita. Pentsio minimoekin ere engainatu gaituzte, DSBEak hori estaltzen duelako. Espainian igarriko dute, baina hemen ez. EAJk jendea plazetatik etxera bidali nahi izan du, protesta sekulako zama izan delako haientzat. Andre asko itxaropentsu dago, 1.080ko pentsioa lortuko delakoan. Zenbat ezin dira banatu: «Babu hau jasan beharko, dirua ekartzen duelako etxera», esaten dute. Ekarri? Ez. Berari ordaindu egiten diote, eta zeuri ez. Zure gaztaroan muntatuta zegoen sistema patriarkalaren biktima zara. Hark onartuak ditu eskubideak. Zuk ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.