ATZEKOZ AURRERA

Itzalpeko itsas zaindariak

Sea Shepherd talde ekologistaren 'Bob Barker' itsasontzi ezaguna Getxon dago gaur arte. Ezkutuko arrantzaleen aurka borrokatzen dira ekintzaileak munduko itsaso askotan.

Bob Barker itsasontzi ezaguna Getxoko gurutzontzientzako kaian dago amarratuta. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Getxo
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Itsasoko faunaren aurka egiten den delitu oro gelditzea da Sea Shepherd talde ekologistaren helburua, beste talde askorena bezala. Baina eraso horiek gelditzeko moduak eta moduak daude: ekintza zuzena erabiltzen dute haiek, eta horregatik dira ezagunak mundu osoan zehar. Japoniako balea arrantzaleek Antartikako itsasoetan ezkutuan jardun izan dutenetan, esaterako, horien aurkako erasoak egin izan dituzte, horretarako itsasontzia bera ere arma bezala erabiliz. Talde ekologistaren ontzi ezagunena da Bob Barker izenekoa, eta ostegunetik Bizkaian dago, Getxoko gurutzontzientzako kaian: gaur izango du azken eguna, eta ontzia ezagutu ahal izango du bertaratzen denak.

Herritarrek atzo izan zuten ontzia bisitatzeko lehen aukera, eta erantzun beroa izan zuen deialdiak. Ehunka pertsonako ilarak sortu zituzten itsasontzia ezagutzera bildutakoek, jakin-minez. Jendeak «ozeanoan gertatzen ari denaz kontzientzia handiagoa har dezan» etorri dira Sea Shepherd elkarteko kideak Euskal Herrira. Hala azaldu zuen Richard Barrenok, elkarteak Espainian duen koordinatzaileak: «Hona etorri gara jendeak ikus dezan nola egiten dugun lan».

Portu askotan egin dituzte geldialdiak Getxora iritsi aurretik, baina Euskal Herrira etortzea berezia izan dela azaldu du Barrenok. «Euskaldunak izan ziren lehen balea arrantzaleak, eta hori bada historiaren zati bat; hemen jende asko jabetu da zein kalte egin zuten, eta kontzientzia duen lurraldea da». Baleak harrapatzen aitzindaria izan zen lurraldea aitzindaria izango da, baita ere, ezkutuko arrantzaren aurkako borrokan? «Egia da harrapatzen ditugun ontzi asko euskaldunak direla, baina herritarren artean bestelako kontzientzia bat dago». Horren adibide jarri ditu azaroan Zarauzko hondartzan (Gipuzkoa) lehorreratu zen balea itsasora itzultzeko lanean aritu ziren surflariak: hain zuzen ere, omenaldia egin zieten ostiralean, Bilbon.

Lanerako itsasontzia

Euskal Herrian kontzientzia pizteko etorri dira Bob Barker ontziko kideak, baina, ororen gainetik, lanerako itsasontzia da. Eta horretaz berehala jabe daiteke bisitaria: ontziaren aurrealdean itsaspekarientzako eta ekintza zuzenerako erabiltzen dituzten bi zodiak daude, sei hilabeterako elikagai lehortuak, sokak, urpekarientzako materiala, larrialdietarako tresnak, eta eskifaiakideak. Denak daude Getxoko portuan amarratuta. «Borondatez egiten dugun lana da: gainera, herritarrek egiten dituzten ekarpenen bidez finantzatzen ditugu Sea Shepherd taldeak egiten dituen kanpaina guztiak».

Euskal Herrian geldialdi motza egin du talde ekologistak, eta gaur bertan Afrika mendebaldeko itsasoetara abiatuko dira. «Europako itsasoetako erreserbak agortu ostean, hara joaten dira arrantzaleak arrain bila; asko legez kanpo aritzen dira». Arau urratze horiek azaleratzera joango dira Gabongo, Liberiako eta Tanzaniako uretara: «Badakigulan gogorra dela, baina egin beharrekoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.