Sei pertsona hil dituzte Quebecen, meskita baten aurkako erasoan

Zortzi zauritu ere izan dira; horietatik bost «larri» daude. Ustezko bi erasotzaileak atxilotu dituzte. Ekintza «terroristatzat» jo du Trudeauk

Quebeceko polizia bat Kultura Islamikorako Zentroaren leiho bat estaltzen, atzo. ANDRE PICHETTE / EFE.
ander perez zala
2017ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Kultura aniztasunaren eta integrazioaren sinbolo den herrialdeari eraso egin zioten atzo. Bi gizonezko Quebeceko Kultura Islamikorako Zentroan sartu, eta bertako meskitan zeudenen aurka tiroka hasi ziren. Iturri ofizialek jakinarazi dute sei lagun hil eta zortzi zauritu dituztela; horietatik bost «larri» daude. 39 lagunek zauririk gabe ihes egin dute.

Quebeceko Poliziaren bozeramaile Christine Coulombek baieztatu du ustezko bi erasotzaileak atxilotu dituztela, baina ez du zehaztu susmagarri gehiagoren bila ote dabiltzan; atxilotuetako bat da susmagarria, eta bestea haren lekukoa. Meskitara iritsi eta gutxira atxilotu zuten lehen susmagarria —ez dute zehaztu ez non ez nola—. Poliziak ez du informazio gehiago eman, ikerketa abian dela argudiatuz. Bigarren atxilotuak, berriz, onartu du erasoa egin izana, Le Soleil egunkariaren arabera. Tiroketa egin eta ordu gutxira deitu zion Poliziari, meskita erasotzeagatik «gaizki» sentitzen zelako; bere buruari tiro egingo ziola ere esan zien, baita haiekin elkarlanean aritzeko asmoa zuela ere. Lekukoek CBC telebistari esan diotenez, erasotzaileek Quebeceko hizketa moldea zuten; Radio-Canadaren arabera, «Ala Akbar» oihukatu zuten bi erasotzaileek.Le Soleil-en arabera, bi atxilotuak quebectarrak lirateke, 20 eta 30 urte bitartekoak.

20:00ak aldera hasi zen tiroketa. Une horretan, gizonezkoak Sainte-Foy barrutiko meskitako beheko solairuan zeuden otoitzean, eta emakumezkoak eta haurrak aurrenekoan.

«Eraso terrorista»

«Musulmanen aurkako eraso terroristatzat» jo du gertatutakoa Quebeceko lehen ministro Philippe Couillardek. Musulmanei zuzendu da, atzo egindako prentsaurrekoan: «Zuekin gaude. Zuen etxean zaudete. Denak gara quebectarrrak. Denon artean lan egin behar dugugizarte ireki eta baketsu bat eraikitzeko».

Kanadako lehen ministro Justin Trudeauk ere eraso «terrorista» gisa definitu du gertatutakoa. «Kanadar-musulmanak gure nazioaren parte dira, horrelako erasoek ez dute lekurik gure komunitate, hiri eta herrialdean». Poliziak, ordea, ez du eraso «terroristatzat» jo atzo gertatutakoa, oraingoz. Meskitaren aurkako mezu xenofoboak egin dituzte azken hilabeteotan. Joan den ekainean, musulmanak Ramadanean zeudela, txerri baten burua bota zuten eraikin barrura, CBC katearen arabera.

Nazioartetik babesa jaso dute quebectarrek. Besteak beste, erasoa gaitzetsi dute Europako Batasunaren atzerri politikarako buru Federica Mogherinik, Alemaniako Atzerri ministro Sigmar Gabrielek, Frantziako presidente François Hollandek eta Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajanik.

Bada, ordea, egoera Trudeau kritikatzeko erabili duenik. Donald Trump AEBetako presidentearen semeak honako hau idatzi die kanadarrei Twitterren, herrialdera iritsi diren kanpotarren eta erasoaren arteko lotura egin nahian: «Huts eginiko Kanadako lider Justin Trudeauk duela zortzi urte hasi genuen bide beretik eramango zaituzte».

Erasoaz geroztik, Quebeceko hamar bat meskiten inguruan areagotu dute polizia zaintza, Couillarden arabera, eraso gehiago saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.