Liburutegi bat amaren etxean

Sirian piztutako gerraren ondorioz, Estatu Islamikoak Ednan Osman Hesen gazte kurduaren familiako kide ia guztiak hil zituen. Liburuek bere ideiak defendatzen laguntzen diotela dio.

Ednan Osman Hesenek haren guraso zenduen etxea zen eraikinean ireki du liburutegi bat. ORSOLA CASAGRANDE.
Orsola Casagrade
Kobane
2017ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ednan Osman Hesen gazte kurdua (Kobane, 1990) Rody eta Perwin liburutegiko atarian dago. Dioenez, bere anaiaren eta haren emaztearen izenak dira horiek. Izan ere, galeraz betetako bizia izan du. Jaioterrian egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak, eta, gero, Damaskora joana zelarik zuzenbide ikasketak egitera, gerra piztu zen, eta jaioterrira itzuli behar izan zuen. Gerra bete-betean zela, eta gero eta gertuago zuela, irakaskuntzan hasi zen lanean, kurduera eta literatura irakasten, biak ere al-assadtarren gobernuek urteetan debekatuak. EI Estatu Islamikoa haren jaioterrira hurbildu ahala, berriz, larrialdiko laguntzez arduratzen hasi zen. Gaztearen kontakizunean ñabardura ugari ageri dira, oroitzapenak gogora datozkion heinean: «Ez zait gustatzen ordukoak gogoratzerik, hain dira oinazetsuak egun haietako zauriak eta orbainak; baina hitz egin dezaket eta hitz egin nahi dut nire arreba martiriaz, huraxe bainuen lagunik hurbilena. Pertsona oso berezia zen Xirin Hassan».

2014ko irailetik, Hassan fronteko lerroan zegoen; egoera militarra ezinago tirabiratsua zen, eta, EI hiriari erasotzen hasia zenez, egunero komunikatzen zen arrebarekin: «Irailaren 30ean dei egin nion, eta Daexeko [EIren akronimoa arabieraz] kide batek erantzun zidan: 'Zure arreba exekutatu dugu; hura ikusi nahi baduzu, gaur bertan jarriko dugu haren argazkia Facebooken'. Hotz geratu nintzen. Garuna gelditu egin zitzaidan. Ez nekien zer egin».

Hain zuzen ere, YPGen miliziako buruzagitzak baieztatu egin zion albiste izugarri hura: «Azkenean, bataila amaitu eta zortzi hilabetera aurkitu genuen arrebaren gorpua, gure hiritik hurbil zegoen herri batean».

Hesen jota utzi zuen bere arreba hurbilekoaren heriotzak, eta Amedera lekualdatu zen —kurdueraz, izen hori du Diyarbakir hiri handiak—, Kurdistan iparraldeko hiriburutzat hartzen den horretara.

Mutilaren kontakizuna ez da zehatza ordena kronologikoan; egiaz, lehenagotik hasia zen oinazeen eta hurbilekoen galeren mapa.

2013ko azaroaren 11n, lehergaiekin eraso zioten hiriko Gurutze Gorri Kurduaren egoitzari, eta aita hil zioten, han inguruan harrapatu baitzuten. Gerrako izugarrikeriek, baina, artean ere luzaroan erasango zieten familiakoei.EI erretiratu eta gero, 2015eko ekainaren 25etik 26ra, ongi antolaturiko operazio batean, etxez etxe ibili ziren jihadistak, eta gutxienez 288 zibil hil zituzten. Hiltzaileak, bizarra eginda eta milizia kurduen uniformeak jantzita, Hesenen etxeraino iritsi ziren. Gertakari beldurgarri hartan, hotz-hotzean hil zizkioten ama, arreba Gulistan, anaia zahar Ehmed eta haren emazte Rihane, beste anaia Rodi eta haren emazte Perwin, izeba-osaba Mistefa Hemeo eta Gule Edvisu, eta lehengusu Osman eta Ahmed.

Hesen Kobanera itzuli zen, eta, etxe hartan bertan liburutegi bat zabaldu du: kulturgune bat, batailaren ostean berreraikitzen ari diren hiri batean.

«Nire amak eta nire aitak beren lurra maite zuten, toki ireki bat bihurtua zuten beren etxea, eta mundu guztia gera zitekeen lotara eta otorduak edo bilerak egitera. Rodi eta Perwin ezkonberrien ametsa zera zen, ezkondu ostean liburutegi bat zabaltzea etxean».

Amets hori betetzeko lanean urtebetean gogotik jardun ondoren, azkenean, 2016ko maiatzaren 9an zabaldu zuen liburutegia. Orduz geroztik, han eta hemen liburuak eta materiala biltzen aritu da.

Hainbeste atsekaberen erdian, liburuzaletasuna defendatzen du Hesen, uste baitu balio handia dutela hiria giza ikuspegitik eraikitzeko orduan. «Nire bizian askotan sentitu dut bakardadea, eta liburuek bakarrik lagundu izan didate bakardadea gainditzen».

Erabakia du liburuek ere badutela eginkizun bat bere ideiak defendatu ahal izateko oraindik ere bere zauriak miazkatzen ari den herri batean, ingurumariko lurretan oraindik ere gerran dabiltzan horretan: «Elkar hobeto ulertzeko balio diezagukete literaturak eta kulturak. Pertsona gisa, lan egiten dut zapalkuntzaren eta asimilazio politikaren kontra; nire herria eta nire familia babestu nahi ditut literaturarekin. Ezin ahaztu dugu Baathen erregimenak krimen larritzat daukala kurdueraz mintzatzea eta idaztea».

Haren esanetan, egoera asko aldatu da kurdueraren erabilera lantzen eta normalizatzen diharduten erakundeak agertu direnez geroztik. Badira eskolak eta akademiak ama hizkuntza horretan lan egiten dutenak prestakuntza mailara arte, arabieraz eta arameeraz egiten dutenak ere badauden moduan.

Oraindik orain, Rojava Unibertsitatea zabaldu dute Qamixlin, eta Afrin Unibertsitatea, berriz, izen bereko kantoian.

Uste du, hala ere, oraindik asko dagoela egiteko, eta nazioarteak ofizialki onartu beharko lukeela kurduera eta Rojavan hizkuntza horretan irakasten duten hezkuntza eta lortzen diren tituluak. Gogoeta batekin amaitu du bere hitz-aspertua: «Herri kurduak seme-alaba asko eta asko sakrifikatu ditu, humanitatearen eta nazioartearen mesedetan. Urte gehiegitan ukatu digute existentzia, eta kolonizaturik iraun ahal izan dugu bizirik. Munduari erakutsi diogu gai garela batailako eremuan, eta, orain, erakutsi nahi diogu zertarako gai garen literaturaren eta kulturaren arloan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.